Koronabirusa

Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du bihartik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 16a, 00:00

Edukiera murriztuko dute zenbait lekutan, eta ordutegiak mugatuko dituzte.

Edukiera murriztuko dute zenbait lekutan, eta ordutegiak mugatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du bihartik aurrera. Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia jarduneko Ekonomiaren Garapen sailburuak atzoko agerraldian adierazi zuten neurri bereziak hartuko dituztela eta etzi, asteartean, zehaztuko dituztela. 
Horren arabera, besteak beste, Jaurlaritzak agindu ahal izango du herritarrak etxean konfinatzeko, eta moldatu ahal izango ditu ekintza batzuk, baita zerbitzuen erabilerak ere. Alegia, Iñigo Urkullu lehendakariak eskumena izango du herritarren joan-etorriak murrizteko eta jendea bakartzeko. Bi hitzetan esanda: marko juridiko bat, neurri murriztaileagoak legez hartzeko. Bihar bilduko dira  agintariak.
Hartuko dituzten neurriei buruzko xehetasunak ez zituzten eman, baina aurreratu zuten nondik joango diren.  

Garraioan eta ostalaritzan ordutegiak mugatuta eta edukierak murriztuta
Edukierak murriztuko dituzte; «inoiz ez hamar pertsona baino gehiago». Azaldu du, ordea, horrek ez diela eragingo leku batzuei —zinema aretoei, besteak beste—, jendea maskarila jantzita, eserita eta «modu ordenatuan» egoten baita. Beste batzuetan, aldiz, jendea «gehiago erlaxatzen» da, eta pilaketak sortzen dira. Horiek ekiditea izango da helburua. Ordutegiak mugatuko dituzte ostalaritzan eta garraio publikoan.
Ez da egoera «atsegina», Tapiaren esanetan, baina «atzerapauso bat eman behar da ezinbestean». Murgak eta biek adierazi dute orain arte hartutako neurriek balio izan dutela osasun sistema indartzeko; aztarnarien lana nabarmendu du jarduneko Osasun sailburuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!