Koronabirusaren pandemiaren bigarren olatua hemen dagoela gutxik jartzen dute jadanik dudan eta bailaran ere ondorioak nabaritu dira. Lehenengo kasu entzutetsua Oarsoko blokearen fokua izan zen, baina badira kasu gehiago non familia osoak isolamenduan sartu diren. Horietako kasu batekin hitz egin du Kronikak eta prozesua nolakoa izan den eta zer bizitzen ari diren azaltzen dute.
«Garratzitsuena da oraingoz fisikoki denak ongi gaudela, baina sikikoki oso gogorra da isolamendua, jakinda familian positiboak daudela eta gainera adineko jendea ere badagoela» diote. Lehenengo poitiboaren berri abuztuaren 2an jakin zuten eta egun horretan familiako 15 pertsona isolamenduan jarri ziren Hernani, Astigarraga eta Donostiako lau etxebizitzetan. Bi aste pasa dira eta orain horietatik zortzik isolamendua jarraitzen dute bi etxebizitzetan.
Familia afaria San Inazio bezperan eta bi egunetara isolamenduan
15 pertsona eta lau etxebizitza desberdinetako kideak isolamenduan jartzeko arrazoia kontaktu estuko erlazioa izan da. «San Inazio bezperan afaria eduki genuen Astigarragako etxean, hamabostek, eta gau horretan bertan batek sukarra eta hotzikarak izan zituen. Larunbatean Groseko anbulategian egin zizkioten proba asko, baita PCR-a eta positibo zela esan zioten igande goizean, abuztuaren 2an». Orduan jarri zen martxan protokolo guztia.
Denak isolamenduan jarri behar izan zuten hamar egunez, positiboaren etxebizitzaren kasuan bi astez, bakoitza bere etxean, eta astelehenean PCR frogak egin behar izan zituzten 14ek. «Asteartean eman zizkigute emaitzak eta denak negatibo eman genuen nire aitak ez beste. Beraz bi positibo bagenituen eta horietako bat kezkatzekoa, adineko pertsona baita, 70 urtetik gora».
Momentu hori gogorra dela dio gure iturriak. «Okerrenean jartzen zara. Iristen zaigun informazioa batez ere ezkorra da eta horrek ez du mesederik egiten. Bi etxebizitzak jarraitzen genuen beraz isolamenduan, familiako hamar kidek, eta bi positibo bi etxebizitzetan. Lehenengo positiboari kulparen zama erortzen zaio gainera, gainera bere aita izanda bigarren positiboa. Adineko pertsona hori isolatu egin behar da gela batean. Burua lanan hasten da, ez gainera modu baikorrean. Gauak gogorrak dira. Isolamendu hori mantentzea pisu batean oso oso zaila da. Janaria eman behar da, garbiketa egin. Kontaktua egoten da».
Hirugarren eta laugarren positiboa eta gero isolamendua beste 10 egunetara luzatu da
Bigarren PCR-a abuztuaren 9an egin behar izan zuten bigarren etxebizitzan positiboa agertu zen bi senitartekoek eta abuztuaren 11n lehendabiziko etxebizitzan positiboa agertu zen sei senitartekoek. «Zorionez aitak ez zituen sintomak izan eta asintomatikoki pasa du kutsatzea, baina bigarren zaplaztekoa bigarren PCR horretan etorri zen. Nik negatibo eman nuen, baina amari zehaztugabea irten zitzaion. Berehala anbulategira joan eta berriz egiteko esan zitzaion. Batzuetan emaitza hori irteten da eta badirudi positiboa ongi ikusten ez delako edo prozesuan akats bat egon delako da. Gure kasuan berriz egin zuen froga eta asteartean positibo zela esan ziguten. Aitari ostegunan alta eman zioten eta ama eta biok isolamendua jarri behar izan genuen berriz ere. Amets gaiztoa ez da inoiz amaitzen».
Astigarragako etxebizitzakoek asteartean egin zituzten frogak eta hemen ere seme gazteari, 9 urteko mutikoari positibo irten zitzaion froga. «Eta hori neurriak betetzen ditugula, baina badirudi oso erraza dela kutsatzea. Hala ere, elkarrekin lotan eta oraingoz ez kutsatzea gertatu zaigu».
Orain, abuztuaren 20an eta 22an egin behar dituzte froga berriak eta denek negatibo ematea espero dute. «Bestela hau ez da inoiz amaituko. Ama ere asintomatikoki ari da infekzioa pasatzen eta mutikoa ere bai. Hala ere, ez dakigu zer gertatuko den hurrengo frogetan. Banan banan positibo ematen jarraitzen badugu isolamendua ikaragarri luzatu daiteke Astigarragako etxebizitzan. Nirean nik ematen badut positibo hirurak izango gara positibo. Ea zer gertatzen den».
Lanean kutsatu zen lehenengo positiboa
Askotan galdetu dute nondik kutsatu zen lehenengo positiboa eta lanean kutsatu dela nahiko argi dute. «Gasteizen dabil lanean eta bertan Lleidatik etorritako enkargatu batekin egon zen. Hark ere positibo eman zuen eta esan digutenez koronabirusaren andui edo 'cepa' berdina da. Sintomak hasi baino hiru egun aurretik egon zen berarekin eta bertan kutsatu zela nahiko argi dugu ez baita beste inon ibili».
Isolamendua gainditzeko pazientzia eskatzen da, baina ez da erraza. Alde batetik kezkatuta zaude senitartekoak nola dauden eta bestetik zu ez kutsatzeko momenturo zer egin daitekeen eta zer ez ari zara pentsatzen. Oso gaizki pasatzen da. Birusa isolatu behar dugu eta horretarako nik uste distantzia soziala mantentzea dela onena. Lehendabiziko biak altan daude».