Nahiz eta aurten Aste Nagusirik ez egon Donostian, Amabirjin eguneko bi zita garrantzitsu jokatuko dira Trinitate plazan eta Zubietako hipodromoan. Arratsaldeko 17:15etan hasiko dira zaldi karrerak eta bosgarren lasterketa ezin ospetsuagoa den Urrezko Kopakoa izango da. Urteko saririk garrantzitsuena da eta 52garren edizioa betetzen du aurten.
Bailaratik jende asko hurbiltzen da Zubietara eta orain egun batzuetatik saltzen jarri zituzten 1.000 sarrerak agortuta daude. Hori da sartu dezaketen ikusle kopuru haundiena pandemiak sortu duen egoeraren eraginez.
Trinitate plazan ere Urrezko Kopa jokatuko da, baina ez zaldien lasterketa baizik eta aizkolarien Kopa. Bertan, 19:30etatik aurrera lehiatuko dira Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi 'Txikia IV', Jon Rekondo eta Eneko Otaño. 14 kanaerdiko moztu beharko dituzte eta hemen ere murrizketak egongo dira sarreretan. Bertan erosi behar dira, baina topera iristean ez dira gehiago salduko.
Marmitako lehiaketa, Gipuzkoa plazan
Gipuzkoa plazan, 10:00etatik 12:00etara marmitako lehiaketa antolatu da eta edukiera kontrolatu egingo da.
Aurreko egunetan bezala Euskal Herriko produktuen azoka egongo da jarrita Loiola kalean 15:00ak arte. Eta egun osoan zehar eskulangintza azoka (11:00-14:00, 17:00-21:30) jarriko da Alderdi Ederren.
Musikak eta dantzak, egunero bezala leku garrantzitsua izango dute. Arkaitz Dantza Taldeak, Trinitate plazan, dantzaldia eskainiko du eguerdian, 12:00etatik aurrera.
Zurriolako terrazan Via Verde talde andaluziarraren txanda izango da 14:00etan, 19:00etan eta 21:30etan. Jarrera, gaztetasuna, adrenalina eta talentua, Amerikako mendebaldeko kostaldera hurbiltzeko. Green Day, Offspring eta unerik dibertigarrienak idatzi dituzten hainbat talde gogorarazten ditu