Herri eta hirietako festarik gabe, baina kulturaz eta ekitaldiz gozatzeko aukera eskaintzen du Abuztua Donostian ekimenak.Hilabete osoan zehar luzatuko da eta gaurtik igandera bitarte egitarau zabala prestatu dute.
Nabarmentzekoa da gaur eguerdiko 12:30etatik 13:30etara bertso saioa egongo dela Kursaaleko Zurriola terrazan. Parte hartuko duten bertsolariak Andoni Egaña, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Izarne Zelaia dira, Unai Elizasu gai jartzaile lanetan ariko da.
Haurrentzako ere emanaldi berezia prestatu dute Trinitate plazan. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak Zoro gaitezen ikuskizuna eskainiko dute, 17:00etatik 18:15etara. Sarrerak agortuta daude.
Kirola eta batez ere errugbia eta saskibaloia gustatzen zaionak edo probatu nahi duenak badu aukera Kataluinia plazan, Grosen, 11:00etatik 13:00etara. Bi kirol horien jolas eta kirol tailerra antolatuko da.
Urumea bailaran badago arrantzarako afizio ikaragarria eta Urumea ibaian, 10:00etatik 13:00etara, Aste Nagusiko Arrantza Lehiaketa, Miguel Angel Fernanderen omenez, antolatu da. Seguru Hernaniko Txantxangorri elkarteko arrantzaleak izango dira bertan lehiatzen.
Goizean zehar, 09:00etatik 15:00etara, Euskal Herriko nekazal produktuen azoka berezia egongo da Loiola kalean, erdialdean eta egunero bezala Zurriola Street Food Kursaaleko terrazan 12:00etatik aurrera. Bitartean, Matilda taldeak bere soinuekin goxatuko dituzte bertaratutakoen belarriak 14:00etatik 15:00etara, 19:00etatik 20:00etara eta 21:30etatik 22:30etara.
Arratsaldean Los Pasai txaranga ibiliko da hirian zehar eta Los Tenampas mariatxiak ariko dira Trinitate plazan 20:30etan hasita.