Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak sagardo route ekimenaren barruan hiru ibilbide iragarri ditu sagardoaren munduaz gozatzeko. Aukera hori denei zabaldua dago eta berdin da bertakoa edo kanpokoa izan. Turismoa egiteko beste modu bat da etxetik gertu. Sagardogileen elkartetik dioten bezala «bizi sagardotegiko esperientzia, dastatu euskal sagardo naturala eta egin bidaia gure euskal jatorrira!»
Bisita gidatua sagardotegian, dastatzea eta menu tradizionala garraioa barne
Lehenengo ibilbidean Donostian jasotzen dute bisitaria «gidaren eskutik goza dezazun gure lurrari, kulturari eta gastronomiari lotuta dagoen edari kuttunaren sekretuez».
Sagastiak, baserri tolareak, elaborazio gunea eta upategiak ezagutuko dira. Eta noski, sagardoa aurkezten da edaten dugun moduan: botilan eta txotxetik. Esperientzia aparta bizi ondoren Donostiara itzultzen da, gozatzen segitzeko.
Ondoren sagardotegi batera egiten da bisita txotx egiteko edalontziarekin sagardotegiko menu tradizionalaz gozatzen den bitartean. Lau orduko iraupena du esperientzia honek.
Bigarren ibilbidean flyscha ezagutzen da
Bigarren ibilbide bat badago. Hemen Kantauri itsasoa eta bere harribitxiak ezagutzeko parada dago. Horietako bat da Zumaiako flyscha. Hondartzak, itsaslabarrak, mendiak eta itsasoak bat egiten dute begien aurrean, «Game of thrones» sail ezaguna grabatu zen lekuan.
Donostiatik Zumaia aldera abiatzen dira, euskal kostaldeak duen fenomeno natural ederrenetakoa bisitatzera: flyscha. Bisita honetan Euskal Kostaldeko Geoparkearen panoramika berria ezagutzeko aukera izango da. Txakolinaren lurraldean txakolina, sagar eta sagardoaren zapore ederrekin uztartuko da, bertako produktuekin osatutako pintxoak, txakolina eta sagardoa dastatzen diren bitartean.
Ibilbideari jarraituz Txakolindegi batean ezagutuko da bertako ardo txuria. Ondoren sagardotegi batera joango dira eta lehenik eta behin euskal sagardoa botilan dastatuko dute. Ondoren Sagardotegiko menu tradizionalaz gozatzeko eseriko dira. Bukatzeko, Donostiara itzuliko dira bisitariak sei ordu eta gero.
Sagardotegia, gaztandegia eta euskal baserria mendialdean
Nekazaritzarekin batera, artzaintza izan da euskal lurraldeetako ofizio garrantzitsuenetakoa eta hirugarren ibilbidean kostatik barrenaldera egiten dute salto. Bertako gazta fabrikek ateak irekitzen dizkiete bisitariei Idiazabal gaztaren elaborazio prozesua ezagutzeko.
Bisita honekin lehenik eta behin euskal baserriaren jatorria ezagutzeko aukera izaten da XVI. mendeko Igartubeiti baserri dolarea bisitatuz. Ondoren, euskal artzainen ofizioa ezagutzeko aukera izango dute eta baita haien lanaren fruitua dastatzekoa ere, Idiazabal gazta bikaina. Ardiek bazkatzen duten landa eremua eta lurraldea bisitatzen da, jaiste sistemak, esne edukiontziak, moldeak, prentsa eta hozte sistemak, besteak beste.
Beste bi ibilaldietan bezala sagardotegian amaitzen da esperientzia, gero Donostiara itzuliz. Honek ere sei orduko iraupena du.
Esperientziak bizitzeko info@sagardoa.eus helbidera edota 943 33 68 11-622 61 84 76 telefonoetara deitu behar da informazio bila edo erreserbak egiteko. Bulego orduak dira astelehenetik ostiralera 08:00etatik 18:00etara eta larunbata eta igandeetan 10.00etatik 18:00etara. Whatsapp bidez astelehenetik ostiralera 10.00etatik 18.00etara.