'Abuztua Donostian' programan 'Beste Urtaroak'-ek, hiru emanaldi

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 13a, 00:00

Musikak presentzia haundia du, baina kirol tailerrak, pailazoak eta gastronomiak ere leku garrantzitsua dute egun guztian zehar.

Aste Nagusia ez, baina Donostian aspertzeko denborarik ez dago aste osoan zehar. Gaur, bihar eta etzi ere ekitaldiz josia dator. Denetariko emanaldiak eta ekintzak antolatu dira. Gaur, 11:00etan Nordic Walking zeharkaldia egingo da Kursaaletik abiatuta.

Grosetik mugitu gabe eta ordu berean, 11:00etan, Jolas eta kirol tailerretan karatea eta eskubaloia egongo dira, Kataluinia plazan.
Kursaaleko terrazan Zurriola Street Food dago 12:00etan eta behin indarrak hartuta 14:00etan Beste Urtaroak taldearen kontzertua.

Egunean zehar beste bi emanaldi ere emango dituzte, 19:00etan bigarrena eta 21:30etan azkena. Arratsaldean 17:00etatik 18:00etara, Trinitate plazan, Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek irribarrea aterako die txikienei eta ez hain txikiei.

Los Pasai txaranga hirian zehar ibiliko da 18:30etatik 20:30etara ibilgailuan igota.

Musikaren presentzia haundia da abuztuan eta 20:30etatik 21:30etara The Eclectric Band, musika zelta entzungai egongo da Trinitate plazan. Pailazo eta azken kontzertu honetarako sarrerak agortuta daude.

Biharko eguna ere emanaldi eta ekitaldiz josia dator
Biharko eguna oraindik eta potoloago dator egitarauari begiratuz gero. Goiz osoan zehar azoka jarriko da Loiola kalean; arrantza lehiaketa ere badago; jolas eta kirol tailerretan errugbia Kataluinia plazan; bertsolariak eta Matilda taldea Zurriolako terrazan; Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen emanaldia Trinitate plazan...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!