Prebentzio neurriak zorrotz beteta, gaurtik adinekoen egoitzetako erabiltzaileak kanpora atera ahalko dira

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 11a, 00:00

Foru Aldundiak prebentziozko PCR kopurua areagotu egin du; azken astean 1.635 test egin ditu Gipuzkoako egoitzen sarean.

Adinekoen egoitzetako erabiltzaileak kanpora atera ahal izango dira gaurtik aurrera, hau da, paseoak eman ahal izango dituzte prebentzio eta higiene neurri guztiak zorrotz beteta, eta une oro espazio jendetsu edo itxiak saihestuta. Gizarte Politiketako Departamentuak uztailaren 18an murriztu zuen adinekoak egoitza zentroetatik ateratzeko aukera, lurraldean izandako agerraldien aurrean, baina atzo jakitera eman duenez, Osasun Sailari kontsulta egin ondoren eta bere gomendioari jarraituz, erabiltzaileek gehienez ere ordu eta erdiko paseoak eman ahal izango dituzte, beti ere FFP2 maskara jantzita eta «aire zabaleko guneetan eta zentrotik hurbil» egonez.

 

Izaera terapeutikoa du

Beraz, paseoek «izaera terapeutikoa izango dute nagusiki» eta adinekoek «bakarrik edo profesionalek edo hurbilekoek lagunduta» egin ahal izango dituzte ibilaldi horiek, «prebentzio eta higiene neurri guztiekin» eta «espazio jendetsu edo itxiak» saihestuta. Bizikidetza unitatean COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak dituzten familiek ere ez dute bisitarik egingo edo senideak paseatzera aterako.

Paseoak egitean –ordutegiak egoitzak berak zehaztuko ditu–,  laguntzaileei buruzko datuak erregistratuko dira; horrela, laguntzaileek beren senitartekoa edo gertukoa jasoko dute zentroan sartu gabe, eta dokumentu bat sinatuko dute, non prebentziozko higiene neurri guztiak mantentzeko konpromisoa hartuko duten.

Era berean, prebentziozko eta distantzia sozialeko neurriak bete beharko dituzte, gainerako herritar guztiek bezala, maskarilla nahitaez erabiltzea barne. Zentrora itzultzean, tenperatura, eskuen higienea eta oinetakoen higienea kontrolatuko dira, eta gurpil aulkien, bastoien eta euskarri elementuen higienea zorroztuko da.

Beren egoera fisiko edo kognitiboagatik beste batzuen laguntza behar duten egoiliarren kasuan, haiekin daudenak arduratu beharko dira indarrean dagoen legerian ezarritako prebentzio eta higiene neurri guztiak betetzeaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!