Koronabirusa dela eta, Aste Nagusia bertan behera uztea erabaki zuen Donostiako Udalak. Hala ere, ordezko proposamena egin zuen, eta hamaika ekitaldi eta ekimen antolatu dituzte udaleko Donostia Festak sailekoek, abuztu osorako. Abuztua Donostian, abuztua kalean lelopean, joan den larunbatean eman zioten hasiera jai egitarauari, eta giro ederra izan zen hiri osoan.
Egiteko ugari, hiriko kaleetan
Atzoko egunean ere ez zen aspertzeko unerik izan. Non daude buruhandiak? jarduerak eman zion hasiera egunari, eta hiriko txokoren batean ezkutatuako buruhandiak topatu behar izan zituzten, parte hartzaileek. Eguerdian bertsolariak izan ziren, Kurasleko terrazan. Bertsotan aritu ziren Maialen Lujanbio hernaniarra, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Beñat Mujika. Kontzertuak ere izan ziren, arratsaldean.
Aste osoan egongo dira ekintza, emanaldi eta egiteko ugari
Aste honetan ere egiteko ugari izango da hirian, ia egun guztietan. Gaur atsedena egingo dute, baina bihar Zurriola Street Food feria, Gabiltza artisau azoka eta Non daude buruhandiak? jarduera izango dira.
Bestalde, Idoia Asurmendiren kontzertua izango da, edukiera mugatuarekin, Erizainen plazan, 14:00, 19:00 eta 21:30etan. 18:30etan txaranga ibiltaria eta 19:30etan Antiguako 72garren Pilota txapelketa. Eta eguna bukatzeko Ispiriten gospel kontzertua egingo dute Trinitate plazan. Gonbidapenak online egongo dira eskuragai eta edukiera mugatua izango da honetan, baita ere.