'Gozamen egarriz eta erantzukidetasunez' kanpaina, ur-festaren alternatiba moduan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 6a, 00:00
Kanpaina alternatiboko 'Gozamen egarriz' botilak eta maskarillak.

Herriko festak modu ezberdinean antolatuko dira aurten eta hainbat ekitaldi bertan-behera gelditu behar izan dira, pandemia egoeragatik. Horregatik, aurten ur-festarik egongo ez denez, kanpaina alternatiboa sortu dute gazteentzat.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio zerbitzuak, berdintasun zerbitzuak eta Gozamenez programak Gozamen egarriz eta erantzukidetasunez kanpaina jarri dute abian. Izan ere, COVID-19ak eragindako egoera eta aldaketek, herriko festak eta hainbat ekitaldi bertan behera uztea eragin du, horien artean hain arrakastatsua zen ur festa ere.

Gozamenezko gauean eta udaran orokorrean gaztetxoek bizitzen dituzten egoerak oso garrantzitsuak izan ohi dira eta aurten tamalez, ezingo dituzte esperimentatu. Ez behintzat, diote, «ohiko moduan». Testuinguru hori kontutan hartuz, ur festa ordezkatzeko asmoz eta «lagun artean elkartzeko aukera badagoela gogoratuz», eskualdeko 12 eta 17 urte bitarteko 243 gaztetxoei gozamenarekin proposamena luzatu diete kanpainako arduradunek.

 

«Bizipen berriak eta ekintza gozagarriak»

Sexualitatearekin eta erantzukidetasunarekin zerikusia duen material bat bidali zaie gutun bidez etxeetara, bizipen berriak eta ekintza gozagarriak arduraz aurrera eramatea posible dela gogoraraziz.

Batetik, esku morea txertatua daukan maskara bidez «gu zainduz besteak zaintzen ditugu» ideia eta berdintasuna eta errespetua aldarrikapena egin nahi izan da. Bestetik, osasungarriak eta gozagarriak diren ekintzak egin ahal izateko Gozamen egarriz leloa daukan botila eta hiru ideia adierazi nahi izan dira: «Zure burua eta zure gorputza maitatzea zure sexualitatea errespetatu eta bizitzeko osagai garrantzitsuena da eta besteekiko errespetua ere garatzen da, sexualitatearen organo nagusia burmuina da eta azkenik, Sexualitateak ugaltzeko funtzioa izateaz gain, gozatzeko eta komunikatzeko helburuak ere baditu. Eta modu askotara goza daiteke: begiradekin, laztanekin, hitz politekin, musuekin, besarkadekin, kilimekin, olerki batekin, abesti batekin, irribarre batekin, lurrin batekin...Sentitu eta zoriontsu izan!». 

 

Argazkiak partekatzera animatu dituzte gazte denak

Gozamen egarriz eta erantzukidetasunez  kanpainako arduradunek, gazteak animatu dituzte maskarilla eta botilarekin «gozamenezko ekintza bat» egiten ari diren argazki bat partekatzera sare sozialetan. @Gozamenez kontua Instagram eta Facebook bidez etiketatzen dutenak sari baten zozketan sartuko dira.

 

Gozamen egarriz eta erantzukidetasunez

Kaixo gazte! Ez al duzu uste aurtengoa urte xelebre bezain aberasgarria izaten ari dela? Institutua itxita, etxerako lanak eta azterketak online bidez... Asko dira bizitzea tokatu zaizkigun egoerak. Baina traba handia zirudienak aukera bat eskaini digu gozatzen ditugun gauzak baloratzeko.

Badakizu ere bertan behera geratu direla udaran ospatzen diren hainbat eta hainbat ekintza, festak esate baterako. Penaz jaso dugu berria, baina itzuliko dira aurrerago, egoerak ahalbidetzen duen momentuan. Eta honekin lotuta, esan nahi dizugu aurten ezingo dugula ur festa aurrera eraman. Gozamenezko gauak hurrengo urtera arte itxaron beharko du. Gero arte esaten diogu beraz ur festari.

Dena den, aukera bikaina dugu sexualitatearekin eta gozamenarekin zerikusia duten gauzak, ekintzak eta bizipen berriak sentitzeko. Aldi berean, arduraz jokatu dezakegula ere erakutsi dezakegu. Honekin lotuta, bi dira egiten dizkizugun opariak: maskara morea eta gozamen egarriz botila.

 

Maskara morea zergatik?

Gu zainduz besteak zaintzen ditugulako: Ez-ohiko uda bada ere, aukera dugu elkartzeko, poztasunerako eta dibertsiorako uneak partekatzeko. Baina, ez dugu ahaztu behar momentu honetan ekintza horiek bakarrik direla posible maskara era egokian erabiltzen badugu.

Berdintasuna eta errespetua aldarrikatzeko: COVID-19ak argi erakutsi digun bezala, oso garrantzitsuak dira zaintza lanak eta etxeko lanak. Ardurak partekatzea eta aisialdia errespetuz bizitzeak lagunduko digu emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun txertoa topatzen.

 

Gozamen egarriz botila zergatik?

Ur festan busti ezin garenez, osa­sungarriak diren ekintzak egiteko: maite dituzunekin, zure buruarekin bakarrik, lagunekin, familiarekin... Baldintza bakarra egiten duzun horrez gozatzea eta aldi berean, erantzukidetasunez jokatzea da.

Gozamen egarriz! leloa erabiltzen dugu, hiru mezu nagusi helarazteko: Sexualitatearen oi­na­rria zu zeu zara eta jaiotzetik daukazu zurekin, ez da gaztaroan sortzen den zerbait eta hil arte mantenduko duzu. Beraz, zure burua eta zure gorputza maitatzea zure sexualitatea errespetatu eta bizitzeko osagai garrantzitsuena da. Zure burua maitatzen duzunean, besteena ere errespetatzen duzu.

Sexualitatearen organo nagusia burmuina da. Beraz, pentsatzen eta sentitzen duzunak zure sexualitatea gidatuko du.

Sexualitatearen funtzioa ez da bakarrik ugaltzea. Argi izan, gizakiok modu askotara gozatzen dugu: begiradekin, laztanekin, hitz politekin, musuekin, besarkadekin, kilimekin, olerki batekin, abesti batekin, irribarre batekin, lurrin batekin... Sentitu eta zoriontsu izan!

Gozatu udara, zentzuz eta erantzukidetasunez jokatuz!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!