Bederatzi txapela jantzi zituzten Urumea bailarako pelotariek, bukaera ezin ederragoa izan zuten finaletan

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 00:00
Arratsaldean jokatu zituzten beste lau finalak, eta horien sari banaketarekin agurtu zuten txapelketa.

Giro ederrean jokatu zituzten, larunbatean, Zikuñaga Papelera Torneoko finalak. Txapela janztea lortu zuten, bakoitzak bere mailan, zazpi esku pelotari hernaniarrek eta bi astigartarrek. Argazki albuma ikusgai dago, albiste honetan bertan.

Bukaera ezin ederragoa izan zu­en, larunbatean, Zikuñaga Papelera Torneoak. Finalak jokatu zituzten, Hernaniko kiroldegiko frontoian, eta horietan azkenekoa 17na berdinduta zegoela, jokatu zuten azken tantoa: Garikoitz Arizmendi eta Josu Altuna hernaniarrek lortu zuten, txapelak eskuratu eta zale­ak pozez lehertzeko. Ezin gehiago eskatu. Hementxe azkeneko tanto horren bideoa:

18-17 hartu zituzten mende­an Epleko Taberna eta Mitxelena, partiduari buelta emanda bukaeran. Baina horiek ez ziren izan txapela bakarrak, Urumea bailarako esku pelotarientzat: bederatzi lortu zituzten guztira.

Goizeko aurreneko finale­an, Kimetz Ziganda eta Ekhi Oses her­naniarrak nagusitu ziren ale­bin mailan, Amets Makatzaga eta Manex Alberdi herrikideen kon­tra (18-6). Julen Deskarga her­na­niarra eta Egoitz Elizegi goizuetarra aritu ziren ondoren, kadeteen bigarren mailakoan; baina ezin izan zuten, Oiarpeko Zabaleta eta Aranbururen aurrean (9-18).

Bai, ordea, Anartz Oiartzabal eta Oinatz Insausti hernaniarrek, jubenilen bigarren mailan: 18-12 hartu zituzten mendean, Gure Txeruko Eizagirre eta Olaskoaga. Eta goizeko ja­ial­dia ixteko, gogotik sufritzea tokatu zi­tzaion, espero bezala, Iñigo La­baka hernaniarrari: 5-18 galdu zuen Eskudero andoaindarrare­­kin batera, Artetxe lasartea­rra­ren eta Irazustabarrena alegi­­a­rraren kontra, laugarren tan­­to­ra aurretik iritsi arren.

Goizean jokatu ziren aurreneko lau finalak, eta eguerdian banatu zizkieten sariak finalistei.

Arratsaldekoa, ia borobila

Arratsaldeko jaialdian jokatu ziren beste lau finalak, eta ia borobila izan zen, bailarako pelo­ta­rientzat. Infantil mailan, lau t'erdian, Oier Azpeitia nagusitu zitzaion Xuban Iturberi, hernaniarren arteko lehian (18-16).

Kadeteen lehenengo mailan, berriz, eskuak justu xamar iza­tearen karga nabaritu zuten Jon Jara eta Unai Etxarri hernaniarrek, eta 9-18 galdu zuten, Gaztelekuko Arrillaga eta Belokiren kontra. Baina azkeneko bi finaletan, bailarakoen aldera erori ziren txapelak. Aurrena, nagusi izan ziren Aimar Mujika eta Ekain Lizeaga astigartarrak, jubenilen lehenengo mailan, Oiarpeko Aranburu eta Zalakainen kontra (18-11). Eta ondoren, modurik onenean eman zioten bukaera Arizmendi eta Altuna hernaniarrek, txapelketari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!