Gaur jokatuko dira Zikuñaga Papelera Torneoko zortzi finalak, bailarako 17 esku pelotarirekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 25a, 00:00
Elizegi goizuetarra, semifinaleko tanto batean. Deskarga hernaniarrarekin ariko da finalean, kadeteen bigarren mailan.

Final guztietan izango da Urumea bailarako pelotaririk. Goizean jokatuko dira aurreneko lauak, 10:30etan hasita; eta arratsaldean beste lauak, 16:30etatik aurrera. Hernaniko kiroldegiko frontoian izango dira denak.

Egun haundia du gaurkoa esku pelotak, Hernanin. Ber­tan jokatuko dira, kiroldegiko frontoian, Zikuñaga Papelera Torneoko fi­nalak, zortzi guztira; eta Urumea bailarako pelotariak izango dira protagonista: 30 finalisten artean, 17 dira bailarakoak.

Aurreneko zortzi txapelak jokoan, goizean

Goizean jokatuko dira aurre­ne­ko lau finalak, 10:30etan hasita. Eta lau hernaniar izango dira kantxara ateratzen lehenengo­ak, alebin mailakoak: Kimetz Ziganda eta Ekhi Oses ariko dira, Amets Maka­tzaga eta Manex Alberdiren kontra.

Ondoren, kadeteen bigarren mailakoa jokatuko dute, eta bertan ariko dira Deskarga hernaniarra eta Elizegi goizuetarra, Oiarpeko Zabaleta eta Aranbururen kontra. Partidu berdindua espero da, eta bailarakoek, Zabaleta aurrelaria saihestea izan­go dute klabea txapela janzteko, bera baita partiduko pelotaririk arriskutsuena.

Jubenilen bigarren mailakoa jokatuko dute segidan, Hernaniko beste bikote batekin: Anartz Oiartzabalek eta Oinatz Insaustik, Gure Txeruko Eizagirre eta Olaskoaga izango dituzte aurrez aurre. Oiartzabalek errematearekin asmatzea izango da gakoa, getariarrek oso pelota gutxi huts egiten baitituzte.

Eta goizeko jaialdia bukatzeko, nagusien lehenengo mailako finala izango da jokoan: Iñigo Labaka hernaniarra ariko da bertan, Eskudero andoaindarra lagun du­ela, Artetxe lasartea­rra­ren eta Irazustabarrena ale­gia­rra­ren kontra. Kontrarioak izango dira faborito, Irazustabarrena nagusi izaten delako. Labakak gogotik egin beharko du lan, eta partidua aurreko koadroetan jokatzen saiatu beharko dute, Eskuderok min egin dezakeelako; baina ezusteko haundia litzateke beraien garaipena.

Sei hernaniar eta bi astigartar, arratsaldeko finaletan

Goizeko jaialdia bukatuta, atseden hartuko du txapelketak, bai­na arratsaldean izango da bueltan, beste lau final jokatzeko, 16:30etatik aurrera. Eta ho­rietan guztietan ere, ariko dira bailarako pelotariak.

Aurrena, infantilek jokatuko dute, banakako final bakarra, lau t'erdian: Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia hernaniarrak ariko dira, aurrez aurre.

Kadeteen lehenengo mailako finalaren txanda izango da on­doren: Jon Jara eta Unai Etxarri hernaniarrek jokatuko dute, Gaztelekuko Arrillaga eta Belokiren kontra. Bikote andoaindarra izango da faborito, Jara eta Etxarri ez baitaude momenturik onenean, biak ere eskuak justu xamar dituztela. Baina finalera iristea lortu dute, eta daukaten lehiarako eta sufritzeko gaitasunarekin, ezustekoa eman dezakete gaurkoan.

Jubenilen lehenengo mailakoa jokatuko dute ondoren, eta horretan, bikote astigartar bat ariko da txapelen bila: Aimar Mujikak eta Ekain Lizeagak jokatuko dute, Oiarpeko Aranburu eta Zalakainen kontra. Atzoko partiduaren nekeari eman be­harko dio buelta Lizeagak, Astigarragako Pelota Txapelketaren finala jokatu baitzuen.

Eta torneoari bukaera emateko, nagusien bigarren mailako finala izango da jokoan. Garikoitz Arizmendi eta Josu Altuna hernaniarrak saiatuko dira, txa­pelak etxean geratu daite­zen; eta aurrez aurre izango dituzte Epleko Taberna eta Mitxelena. Partidu berdindua izatea espero da, eta Tabernaren jokoa saihestu beharko dute hernaniarrek. Hori lortuz gero, eta Arizmendik aurrean asmatuta, aukera daukate txapelak janzteko.

100dik gora esku pelotari aurten, 21 taldetakoak

Gaurko finalek jarriko diote errematea, aurtengo txapelketa arrakastatsuari. Bigarren edizioa izan du Zikuñaga Papelera Torneoak, eta kadete, jubenil eta nagusien mailetan, 102 esku pelotari aritu dira lehian, 21 talde ezberdinetakoak; denak Gipuzkoakoak, Goizuetako Umore Ona izan ezik. Horietatik, 24 pelotari iritsi dira finaletara, eta erdiek jantziko dute txapela gaur.

Hiru maila horietako partehartzaileei, gehitu behar zaizkie alebinetan binaka eta infantiletan banaka lau t'erdian aritu direnak. Bi horietan, Hernaniko pelota eskolako gaztetxoek hartu dute parte. Alebinetan, hamar esku pelotari aritu dira, bost bikote osatuta; eta infantiletan, beste horrenbeste izan dira partehartzaileak, hamar hernaniar buruz buru. 20 pelotari horietatik, sei ariko dira gaurko bi jaialdietan, txapelaren bila.

Egun intentsoa izango da gaurkoa, Hernaniko kiroldegiko frontoian; eta aukera ederra du­te herritarrek, etxeko pelotariak ikustera eta animatzera joateko, tarteak errespetatuz.

GOIZEAN (10:30)

Alebinak
Kimetz Ziganda-Ekhi Oses (Hernani)
Amets Makatzaga-Manex Alberdi (Her.)

Kadeteen 2garren maila
Deskarga-Elizegi (Hernani-Umore Ona)
Zabaleta-Aranburu (Oiarpe)

Jubenilen 2garren maila
Oiartzabal-Insausti (Hernani)
Eizagirre-Olaskoaga (Gure Txeru)

Nagusien 1go maila
Artetxe-Irazustabarrena (Intza-Intxurre)
Eskudero-Labaka (Gazteleku-Hernani)

ARRATSALDEAN (16:30)

Infantilak lau t'erdian
Xuban Iturbe (Hernani)
Oier Azpeitia (Hernani)

Kadeteen 1go maila
Jara-Etxarri (Hernani)
Arrillaga-Beloki (Gazteleku)

Jubenilen 1go maila
Mujika-Lizeaga (Mundarro)
Aranburu-Zalakain (Oiarpe)

Nagusien 2garren maila
Arizmendi-Altuna (Hernani)
Taberna-Mitxelena (Eple)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!