Buruntzaldeako publierreportajea

«Kultura ezin da geratu, oso garrantzitsua da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 24a, 00:00
Kultur ikastaro ezberdinen artean, musika aukeretako bat da. Musika-tresnetan sakontzeko aukera eskaintzen da.

Koronabirusak gizarte bizitza kolokan jarri badu ere, alor guztietan aurrera egin beharra dago. 2020-2021. ikasturteari begira dauden irakasle eta kulturgileen artean, Myriam Ulangak eskarmentu handia du.

Urnietan bizi, Andoainen lan egin eta Buruntzalde osoan aski ezaguna. Marka guztiak hautsi dituen Andoaingo Piano Jaialdiko buruetakoa da Myriam Ulanga, eta urtero-urtero eskualde oso­ko pianojoleei jendaurrean aritzeko aukera ezin hobea eskaintzen diete. Irailari begira, bere hausnarketei erreparatzea interes handiko bihurtu da.

Zer da zuretzat musika irakasle izatea?
Lanbidea. Ikasketak oso gustura egin nituen, musikariok oso gogoko dugu musika egitea, kontzertuak eskaintzea eta musikaren bitartez entzulegoari zerbait helaraztea. Izan ere, musika hizkuntza bat da, hizkuntza unibertsala. Bizitzan aurrera egiteko eskolak emateko aukera sortu zitzaidan. Oso ondo ezagutzen dut Andoaingo Udal Musika Eskola, 36 urte egin ditudalako bertan lanean.
Lotura handia daukat nire ikasleekin, gauza asko ikasi ditut urte hauetan eta, horrekin batera, irakasteko modua ere eraldatu egin da. Oso lan polita da, eta azkenerako ez da lan gisa hartzen. Nahiz eta irakasle izatea ez den batere lan erraza.

Zer behar da ikasten hasteko?
Gogoa ezinbestekoa da. Tresna­ren bat jotzen hasten zaren egunetik musika sortzen ari zara, eta horrek erakartzen du mundu honetan hastea. Tresna bakoitzak bere zailtasuna dauka, baina musika egiten hasten zaren unea zerbait berezia da.
Guztiok gogoko dugu musika, eta mundu honetan sartu nahi duenak gustuko musika-tres­­na aurkitu behar du. Musika gozatzeko da, ondo pasa eta komunikatzeko. 

Zeintzuk dira zuzendari baten ardura nagusiak?
Lehenik eta behin, musika eskola antolatu behar dut. Egun, gauden egoeran egin beharreko antolakuntza handiagoa eta konplexuagoa da; prebentzio eta segurtasun neurriak hartzea ezinbestekoa da guztion osasuna bermatzeko, beraz, datorren urtea konplexua izango da. Banakako klaseak eskaintzen ez dago arazorik; izan ere, ikasle bakoitzak musika-tresna izan ohi du etxean, eta online bitartez modu batera edo bestera eskain daiteke. Taldeka egin beharreko musika saioetan, berriz, egoera ez da batere erraza, tresna ezberdinak jotzen dituzten ikasleak elkartzen baitira. Hau guztia antolatzea oso zaila izango da. 

Konfinamenduaz hitz egin dezagun. Zure alorretik nola joan da guztia?
Eskolak presentzialak izango ez zirela esan zigutenean etxean geratu ginen, baina horrek ez zuen esan nahi gure lana egingo ez genuenik. Hasiera batean, zer egin ez genekiela geratu ginen. Lehen pausoa ikasleekin harremanetan jartzea izan zen. Grabaketak egin eta bidaltzeko eskatu nien ikasleei. Hurrengo pausoa, bideo-deia izan zen. Modu horretan ikasleak musika-tresna nola jotzen zuen ikusteko aukera nuen, jarraipena egiteko modu errazagoa bilatu genuen. Hortik aurrera, ikasle guztiekin modu horretan komunikatzen hasi nintzen. Oso berezia izan da guztia. Era berean, azpimarratzekoa da, konfinamenduaren ondorioz, ikasle askok gehiago ikasi dutela etxetik musika eskolan bertan baino. 

Iraila eta urrira begira, zer datorkizu burura?
Egoera oso berezia izango da niretzat. Alde batetik, zuzendaritza kargua hartuko dut irailaren 1ean. Gainera, bizi dugun egoera honen aurrean guztia planifikatu beharra dago. Prebentziotik itxoiteko esan digute jakiteko abuztu bukaeran eta iraila hasieran nola dagoen pandemiaren egoera.
Egoeraren arabera hartuko di­ren neurriek baldintzatuko du­te ikasturtearen planifikazioa. Egoera hau ez dugu inoiz bizi, eta, beraz, oso zaila da plangintza bat egitea. Iraila oso hilabete zaila izango da, lanaren eta kudeaketaren aldetik, batez ere. Ondo pentsatu beharko dugu guztia, guztion osasuna jokoan egon daitekeelako, baina ordura arte itxaron egin beharko dugu egoera zein den jakiteko. 

Zein aholku emango zenieke haurrei eta gazteei musika munduan murgiltzeko?
Probatzeko esango nieke. Gogoko duten musika motaren arabera, tresna bat edo beste jotzen has daitezke. Probatzeagatik ez da ezer galtzen. Entzun eta ikusi nola jotzen duten bere adineko beste kideek. Ume guztiek ikasi beharko lukete musika, nik horrela pentsatzen dut. Musika ikasiz, sentsibilitatea garatzen duzu, kideekin harremanak gara ditzakezu, eta koordinaziorako oso ona da. Laburbilduz, oso baliagarria da musika bizitzarako.

Piano Jaialdiaren buruetako bat

Piano Jaialdirik antolatuko al duzue? Zein da aurreikuspena?
Printzipioz zerbait antolatu nahi dugu. Ez dakigu nola egingo dugun, izan ere, jende asko elkartzen baita. 700 partaidez hitz egiten ari gara, beraz, garbi dago planteamendua beste modu batera egin beharko dela. Geure asmoa otsaileko azken asteburuan egitea da, inauteriak igaro ostean. Ezin da gauza handirik esan, egoera oso ziurgabea da, eta egoerara moldatu beharko dugu. Antolaketarako balorazio eta lan oso sakona egin beharko da.
Kultura ezin da geratu, oso garrantzitsua da. Kulturari ez zaio laguntza nahikorik ematen, baina kontraesankorra da, zeren eta, mundu guztiak kontsumitzen ditu filmak, musika, antzerkiak, liburuak eta abar. Musikarik gabe ezin gara bizi, hizkuntza unibertsala da, guztiok ulertzen dugu hizkuntza ezezaguna bada ere.

Tailerrak eta ikastaroak udazkenean

Margoa, egur-taila, joskintza, musika... Eskualdeko udalen eskutik urte hauetan guztietan eskaintza oparoa garatu da. Euskarak pisu nabarmena du, gainera, ikastaroak hizkuntza ezagueraren arabera antolatzen baitira. Kasu gehienetan euskaraz eskaintzen dira ikastaroak.  Kulturaren eta ezagupenen aldeko joera garrantzia handikoa da, baita bizi dugun garai zail hauetan ere.
Bereziki irailean toki administraziotik luzatzen den eskaintzari adi egon beharko da. COVID-19ak eragindako krisiak den-dena baldintzatuko du, besteak beste, ikastaroen kokapena eta ikasle kopurua. Beraz, adi egotea komeni da. Garai zailak izan arren, ikastea beti izan ohi da aukera ona. Musika, dantza, joskintza, egur-taila..., aukera zabala dago Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!