Dobera-Kronikako saria irabazi zenuen. Pozik?
Oso pozik, ederra izan da saria, benetan. Ez nuen espero, gainera. Taldean sartuta nengoen, baina ez nuen jakin aste horretan saria zegoenik. Gerora ikusi dut Kronikako hemerotekan, argitaratu zela saria izango zela. Baina egun horietan lanpetuta ibili nintzen, eta irakurtzeko denborarik ere ez nuen izan. Beraz, sorpresa izan zen saria jasotzea.
Sekulako astea egin zenuen. Horrela aritzen zara beti?
Bai, orokorrean egin ditut aste onak, media nahiko onarekin. Gainera, martxoko txandan astebeteko lehiaketa orokorra irabazi nuen Egunean Behinen, 78.000 partehartzaile ingururen artean. Emakumearen Egunaren astea zen hura, eta liburu sorta bat jaso nuen, Susa argitaletxearena, feminismoaren ingurukoak. Eta azkeneko denboraldi honetan, 15garren geratu naiz sailkapen orokorrean. Beraz, oso gustora.
Zeri ematen diozu lehentasuna: azkar egiteari edo gehiago asmatzeari?
Niretzako, gehiago asmatzea da lehentasuna. Kalkulatzen baduzu, galdera bat asmatu edo huts egitearen artean, 7-8 segunduko aldea dago puntuazioan, nolabait esateko; beraz, merezi du denbora pixka bat hartzea galdera asmatzeko. Normalean, ez dut partida bukatzen 50 segundu baino azkarrago. Egun ona baldin badaukat edo galdera nahiko errazak badira niretzat, 40 segundura gerturatu naiteke. Baina bestela, 50etik behera ez. Galdera batzuk logika aplikatzekoak dira; eta beste batzuetan, berriz, zorte puntu bat behar duzu. Nik nahiago dut pixka bat luzatu, 50 segundu eta minutu baten artean ibili, eta gehiago asmatu. Eta normalean, 8, 9 edo 10 asmatzen ditut.
Beti ez zenituen egingo hain puntuazio altuak, ezta?
Txikiena seikoa egin dut. Bi-hiru aldiz egin dut seikoa. Galdera sorta batzuk oso konplikatuak dira, eta batzuetan ez daukazu egun ona. Batzuetan ez da erraza, puntuazio altua lortzea.
Denboraldi bakoitzaren bukaeran, finala jokatzen dute onenek. Zenbat finaletan hartu duzu parte?
Bitan aritu naiz. Azkeneko denboraldikoa irekia izan da guztientzat. Baina aurreko denboraldian 11garren sailkatu nintzen, eta 100 onenak aritu ginen finalean. Finala, ordea, nahiko kaxkarra egin nuen, eta erdi parean geratu nintzen azkenean. Dobera-Kronikako taldean ere badaude beste batzuk, oso onak direnak: Lide, Ane... Pixkanaka ezagutzen dituzu aurrean dabiltzanak, eta oso ondo dago konpetentzia hori.
Zein dira zure galdera gustukoenak?
Ni pixka bat frikia naiz, eta geografia eta historia asko gustatzen zaizkit. Mundu horretaz dexente dakit, eta beraz, munduko banderen inguruko galderak, historiarekin lotutakoak... asko menderatzen ditut. Nire arlo maitatuenak dira. Eta zinea, kultura eta literatura ere gustatzen zaizkit. Aktoreak eta pelikula zaharrak, normalean asmatu egiten ditut.
Eta zein dira gehien kostatzen zaizkizunak?
Zalantzarik gabe, tokietako argazkienak, bai Euskal Herriko herrietakoak, eta baita mundu osokoak ere. Agertzen dira, adibidez, txori bat, zuhaitz bat eta eguzkia, eta asmatu behar duzu nongo argazkia den: Bangladeshkoa, Kordobakoa edo Zeelanda Berrikoa. Horiek asmatzea oso konplikatua da. Eta Euskal Herriko tokiekin gehiago. Batzuetan detaileengatik asmatu dezakezu, baina zaila da.
Gertatu zait, adibidez, lagun batek nire aurrean jokatzea bere partida, Donostiako argazki bat azaldu. Eta nik itxaroteko esan, baina berak Gasteiz sakatu. Ez zen konturatu Amara auzoko toki bat zenik hori. Horregatik, hobe da 2-3 segundu gehiago hartu, eta hobeto fijatzea gauzetan, azkar erantzun baino lehen.
Badaukazu trukorik edo sekreturik?
Truko berezirik ez daukat. 52 urte dauzkat, asko irakurri dut... Egiten dudana, tarteka, izaten da txertatu duten galdera sorta bati buruz informatu. Hilabete batean ari badira Eurovisioneko irabazleei buruz asko galdetzen, edo tenis txapelketetako irabazleei buruz, errebisatzen dut irabazleen zerrenda pixka bat. Ikasi gabe, baina buruan izateko behintzat, memoria nahiko ona daukadalako. Eta beste kontu bat ere badago: galderak azkar irakurtzea. Batzuei gehiago kostatzen zaie irakurtzen, eta horrela denbora joaten zaizu.
Noiz eta nola jokatzen duzu eguneko partida?
Kontzentrazioa oso garrantzitsua da. Niri gustatzen zait bakarrik jokatzea, eta lasai nagoenean. Ezin dut egin telebistaren aurrean nagoenean, adibidez. Nahiago dut minutu bat eskaini horri bakarrik, denbora gutxi da eta. Etxean jokatzen dut eguneko partida normalean, eta behin edo behin lantokian, atsedenaldi batean. Kalean inoiz ere ez. Gehienetan etxean, lasai, kontzentratu eta minutu hori partidari eskaintzen diot soilik.
Noiztik jokatzen duzu Egunean Behinen?
2019ko urrian hasi nintzen. Baneukan zerbait entzunda, lankideen eta lagunen aldetik bereziki. Ez dut denbora askorik izaten horrelako gauzetarako, baina esan zidatenean minutu bateko kontua zela eta euskeraz zela, lagunei esan nien sartzeko taldean eta probatuko nuela. Eta onartu behar dut, pixkanaka engantxatu egin nauela. Gainera, Trivial Pursuit eta horrelako jokoak, asko gustatzen zaizkit.