Udala

Ikasturteko azkeneko Plenoak gaur, Astigarragan eta Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 21a, 00:00

Ohiko deialdian egingo du osoko bilkura Astigarragako Udalak, 19:00etan udaletxean, eta premiazkoa Hernanikoak, 17:00etan.

Gaur egingo dute ikasturteko azkeneko Plenoa, Astigarragako eta Hernaniko Udalek, abuztuan ez baita Plenorik izango.
Ohiko deialdian egingo du osoko bilkura, Astigarragako Uda­lak, arratsaldeko 19:00etan hasita, uda­letxeko areto nagusian; eta bederatzi puntu izango dituzte eztabaidatzeko.

Hasteko, ekaineko Plenoaren akta onartuko dute, eta onarpena emango diote baita ere, segidan, 2019ko kontu orokorrari. Kreditu aldaketei helduko diete, ondoren: kreditu transferentzia bat eta kreditu gehigarri bat eramango dituzte Plenora, biak ere 2020ko Udal Aurrekontukoak, onarpena emateko.

Elio-enea eta Larraburuko lurrei buruz ariko dira ondoren. 1987an Astigarraga udalerri bilakatu zenean, lur horiek ez zizkion eman Donostiako Udalak Astigarragakoari, baina auzitegiak erabaki zuen hala behar zuela. Kontua da, lur horien desjabetzea egin zenean, Donostiako Udalak diru bat eskuratu zuela, eta diru hori erreklamatu dio Astigarragako Udalak orain. Baina eskaera horrek ez du erantzunik jaso, eta gaia auzitara eramatea proposatuko dute gaur, Donostiako Udalari auzi errekurtsoa jarrita.

Rofer-Buenaventura harrobi­ari buruz ere ariko dira Plenoan, eta Excavaciones Astigarraga enpresaren eta Udalaren arteko hitzarmena izango dute hizpide. EH Bildu taldearen mozio bat ere landuko dute, osasun sistema publiko duin bat eskatzen duena. Eta azkenik, gobernu taldeko kideen lanaldi partzialeko araubideaz ariko dira.

Ezohiko eta premiazko Plenoa, Hernaniko Udalarena

Uztailean ez zen Plenorik egitekoa Hernaniko Udala, baina ostiralean presazko gai bat sartu zela eta, ezohiko eta premiazko Pleno deialdia egin dute gaurko. Arratsaldeko 17:00etan izango da, pleno aretoan; eta hori izan­go da gai bakarra. Aurrena, bozka­tuko dute Plenoa premiazkotzat jotzea, eta hala erabakiz gero, gaiari helduko diote: alkateak 2010eko uztailaren 21ean eta 2011ko abuztuaren 10ean emandako dekretuak eta horien ondorioz eratorritakoak ofizioz be­rrikusteko prozedura ebaztea.
Bi herrietan, irailean egingo dute hurrengo Plenoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!