Aste honetan eginen du bisita berriro, Aranora eta Goizuetara, Liburutegi Ibiltariak. Ostiralean izanen da, eta aldaketa batekin dator oraingoan: ordubetez egonen da Goizuetan, ordu erdiz beharrean, erabiltzaileekin lasaiago egon ahal izateko, azalpenak eta gomendioak ematen.
Horrela, 11:00etan iritsiko da Goizuetara Harkaitz Delgado, Leitzako liburutegiko arduraduna. Ohi bezala, Goxalin zabalduko ditu liburuak, eta 12:00ak arte egonen da bertan.
Bertatik, Aranora joanen da gero, eta 12:30etan iritsiko da. Ordu erdiz egonen da Aranon, orain arte bezala, 13:00ak arte.
Liburuzainak berak aukeratutako liburu eta DVD sorta eramanen du, baina baita herritarrek aldez aurretik eskatutakoak ere. Izan ere, WhatsApp bitartez (617 385 882) edota posta elektronikoz (biblilei@navarra.es) eskatu ditzakete herritarrek, jaso nahi dituzten liburu eta DVDak; eta libre badaude, ostiralean eramanen dizkie bertara.
Abuztuan ez du bisitarik eginen Liburutegi Ibiltariak, Aranora eta Goizuetara. Beraz, aste honetan aukera aprobetxatzera animatu ditu herritarrak.