EAJ-PNVk irabazi du, baina igoera haundia izan du EH Bilduk ere, eta Urumea bailaran nagusitu da

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 13a, 00:00
Maskarillak jantzita joan behar izan zuten denek atzo, bozkatzera. Hautesleku izan zen atzo, Hernaniko kiroldegia ere.

%52,85eko partehartzearekin, 31 eserleku lortu ditu EAJ-PNVk, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan; eta 22 EH Bilduk. Hernanin eta Astigarragan, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, bi herrietan gora eginda.

EAJ-PNV eta EH Bildu izan ziren protagonista nagusiak atzo, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Jeltzaleek irabazi zituzten hauteskundeak, 31 eserleku eskuratuta, 2016an baino hiru gehiago. Baina igoera haun­dia­goa izan du EH Bilduk, 22 eser­­leku lortuta, 2016an baino lau gehiago. Urumea bai­la­ran, gainera, EH Bildu nagusitu da, duela lau urte bezala, baina igoera haundiarekin, bai Hernanin eta bai Astigarragan.

Hernanin, botoen %49,04a ja­so zuen EH Bilduk, 2016an baino ia sei puntu gehiago; eta EAJ-PNV izan zen bigarren indarra, beste behin, botoen %26,50arekin (2016an, %24,31). PSE-EEk aurrea hartu zion Elkarrekin Podemosi, hirugarren indarra izateko; eta behera egin zuen nabarmen PP eta Ciudadanosen koalizioak.

Astigarragan ere, EH Bilduk lortu zuen boto gehien, %43,12a; 2016an baino bost puntu eta erdi gehiago. EAJ-PNV izan zen bigarren, botoen %34,24arekin. Eta oso berdinduta geratu ziren PSE-EE (%8,30) eta Elkarrekin Podemos (8,07). Beherakada haundia izan zuten PPk eta Ciudadanosek ere, Hernanin bezala.

Emaitzetatik harago, abstentzioa izan zen protagonista, na­barmen egin baitzuen gora. EAE mailan, %47,15ekoa izan zen abstentzioa, duela lau urte baino zazpi puntu altuagoa (%39,98). Eta nabaritu egin zen hori, Urumea bailaran ere. Astigarragan, %49,68a abstenitu zen, ia erdia (2016an %41,08a); eta Hernanin %45,96koa izan zen abstentzioa (2016an, %39,47koa).

Eta protagonista izan ziren, baita ere, Koronabirusarengatik hartutako segurtasun neurriak. Hernanin eta Astigarragan, toki berriak egokitu zituzten hautesleku gisa, eta maskarillarekin joan ziren bozkatzera denak.

Sei alderdi ordezkatuta, Eusko Legebiltzarrean

EAE mailan, %52,85koa izan zen partehartzea, eta sei alderdik lortu zuten ordezkaritza, Eusko Legebiltzarrean: EAJ-PNVk 31 eserleku; EH Bilduk 22; PSE-EEk 10; Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak 6; PP-Ciudadanosek 5; eta VOXek 1.

Hori horrela, gorakada izan dute EAJ-PNVk eta EH Bilduk; eta eserleku bat gehiago lortu du PSE-EEk ere. Elkarrekin Pode­mosek eta PP-Ciudadanosek, be­­rriz, beherakada nabarmena izan dute, bost eta lau eserleku gutxiago lortuta, hurrenez hu­rren. VOXek lortu zuen azke­ne­­ko eserlekua, Hernanin eta Asti­ga­rragan oso boto gutxi jaso arren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!