Final haundirako pasea lortu zuten atzo, semifinal ederrean, Aritz Zubiri goizuetarrak eta Javier Urrizak. 28-35 menderatu zituzten Ansa II eta Larrañaga, eta txapelaren bila ariko dira datorren larunbatean, Juanenea eta Endikaren kontra, Galarretaren 50garren urteurreneko txapelketan. Horretarako, baina, bere maila onena erakutsi behar izan zuten. Urriza nagusi zela, behin eta berriro zabaldu zituzten tarteak (2-8, 14-21 edota 18-25), baina beti bueltatu ziren partidura gazteak; eta 12-11 aurreratu ondoren, 28-29 ere jarri ziren, tanto bakarrera. Orduan, ordea, sakea huts egin zuen Larrañagak, eta hortik aurrera, zuzenean joan ziren beteranoak 35garren tantora. 23 tantorekin bukatu zuen Urrizak, eta jokoan sei eta sakez hiru eginda Zubirik; bina akats egin zituzten.
Partiduaren bukaeran, Zubirik nabarmendu zuen «lan asko» egin behar izan zutela, irabazteko: «bi-hiru tanto egin, eta tartea lortzen genuen, baina berriro arrimatzen ziren. Peloteatuak izan dira tantoak, eta oso gogorra izan da. Urrizak txapelketako partidu onena jokatu du, eta bera horrela dagoenean, diximulatuta pasatzen gara atzelariak», adierazi zuen. Finalerako «gogo haundiarekin» dago.