Txuriz eta zapi gorriak jantzita, festa giroan behar zuen Martindegi auzoak gaur, baina horrelakorik ez da izango, aurtengoan. Bertan behera geratu dira San Ferminak, bailarako gainerako festa guztiak bezalaxe.
Armairuan gordeta ere ez dira geratu arropa txuriak eta zapi gorriak, dena den. Asteartean, San Fermin egunean, horrela jantzita atera ziren kalera auzotarrak; egoera arraroenean, egun berezia delako uztailaren 7a, Martindegin. Etxeferoak bota zituzten, balkoiak apaindu, auzoko lokalean Ikurriña eta Nafarroako bandera jarri, eta zezena ere atera zuten kalera.
«Konturatuko ziren Hernanin eta Astigarragan, gurean jaieguna zela! Gu konturatu ginen bezala, Etxeberrikoekin; haiek ordu erdiro aritu ziren etxeferoak botatzen. Behintzat zerbait egin nahi genuen, bestela oso tristea geratzen delako», azaldu dute Bea Ormazabalek, Xabier Barrenetxeak eta Amaia Alkortak, hiru auzotarrek.
«Zeinek pentsatu behar zuen, orain dela hilabete batzuk, horrela egongo ginela orain? Hasieran uste genuen pasako zela, 15 eguneko kontua izango zela Koronabirusarena. Baina 15 egun joan ziren, beste 15 ere bai, eta luzatzen ari da kontua. Honetara ohitu beharra daukagu», diote.
Aurtengo San Ferminak, San Martinetan?
Zalantzan egon ziren auzotarrak, festetako ekintza batzuk antolatu edo ez: «baina azkenean, ikusi genuen ez zuela merezi. Ekintza bat antolatzen baduzu, etorriko zaizu beste bat esanez, zergatik gauza bat bai eta bestea ez; eta arrazoi izango du. Beraz, bi aukera geneuzkan; guztiarekin aurrera egin, ahal zen moduan, edo ezer ere ez egin. Eta erabaki genuen bertan behera uztea».
Pandemiarik izan ez balitz, «erotuta» ibiliko ziren, aurreko egunetan: «hau falta dela, bestea ekarri behar dela, eszenatokia montatu behar dela, txosnan ez dakit zer jarri... Baina jaiak hasi aurretik, ohitura polit bat ere hartu dugu. Bezperan elkartzen gara, antolatzen gabiltzanak, eta afari bat egiten dugu, bakoitzak zerbait prestatuta. Azkeneko lau-bost urteotan egin dugu, eta oso polita izaten da», kontatu dute.
Kontu horiek denak «ahaztuta» dauzkate aurten, baina badute festarik egiteko esperantza, oraindik: «komentatu dugu, akaso San Martinetan egin dezakegula zerbait. Normalean, auzo mailan egiten dugu, haurrentzako festa pixka bat, eta ondoren auzotarren bazkaria, babarrun jatea, auzoko jatetxe edo sagardotegi batean. Eta aurten San Ferminik ezin izan dugunez ospatu, akaso bi eguneko festa egin dezakegu San Martinetan; betiere, dena ondo badijoa orduan, azaroan».
Udalekuak auzoan bertan, aurten aurreneko aldiz
Ezin izan dituzte behar bezala ospatu San Ferminak, baina dena ez dira albiste txarrak, auzoan. Eta pandemiak sortu duen eraginaren ondorioz, aurten aurreneko aldiz antolatu dituzte udalekuak, auzoan bertan. «Hasiera batean ez zen udalekurik izango, ez Hernanin eta ez Astigarragan. Eta haurrek denbora pila bat zeramakiten etxean, beste haurrekin harremanik izan gabe. Udara luze joan behar zitzaien horrela, eta beraien artean harremana izan zezaten, hasi ginen udalekuak antolatzen. Pixkanaka, haurrak apuntatzen joan ziren, eta azkenean 16 haur elkartu dira!», diote.
«Oso polita da, orain udalekuetan bezala, haurrak egunero elkartzea, baserri hartakoa, hango beste etxekoa... Saltsa polita ematen dio horrek auzoari, eta oso gustora dabiltza haurrak»
Uztailaren 1ean hasi ziren, eta hilabete osoan izango dira udalekuak, astegun guztietan, 09:30etatik 13:30etara: «oso gustora dabiltza haurrak. Adin guztietakoak elkartu dira gainera. 12-13 urtekoak badira, eta txikienak hiru urte besterik ez ditu».
Astigarragan zein Hernanin, bietan antolatu dituzte udalekuak azkenean: «baina hemen goxoago egongo dira. Eta gainera, modu bat da auzoa egiteko eta elkartzeko ere. Hemen gaztetxo batzuk elkartzen dira normalean, baina beste batzuk, jaietan edo Gabonetan bakarrik. Egia da pixkanaka ari zela taldea haunditzen, baina gehiago elkartu dira oraingoan, goiko baserrikoa dela, bestekoa dela... Eta saltsa polita ematen dio horrek», nabarmendu dute.
Auzoan elkartzen dira goizero, eta astean behin, irteera bat ere egingo dute. Astelehenean, adibidez, Santiomendira joan ziren, San Fermin egunaren bezperan. «Irisarrira ere egin nahi dugu irteera bat, baina ea nola dauden autobus kontuak...». Baina irteera laburragoak ere egingo dituzte, auzoan barrena: «auzoko baserriak ezagutzeko bisitak egitea da asmoa. Baserri batean ikasiko dute nola egiten duten gazta, bestean nola egiten dituzten mermeladak eta menbrilloak, Aitorren txakurtegira ere egin dezakete bisita...». Eta gainerakoan, jolas eta ekintzarik ez dute faltako, goizero.
«Konfinamenduan, kotxeko bozina zen auzotarrekin 'solasaldi' bakarra»
Auzoko haurrak egunero elkartze hori izan da, pandemiaren eragin positiboetako bat. Baina ez da horrela izan hasieratik: «oso tristeak izan ziren pandemiaren aurreneko asteak. Auzotarrek ez genuen elkar ikusten. Beste auzo batzuetan, aurreko bizilaguna ikusten duzu etxetik, eta hitz egin dezakezu balkoitik balkoira; hemen ez da posible. Bakarren bat kotxearekin pasa, eta bozina jotzen zizula izaten zen solasaldi bakarra».
Mesedegarria ere izan da hori, haurrentzat: «tokia zeukaten balkoietan, terrazetan eta jardinetan aritzeko, eta ez dira etxeko lau pareten artean sartuta egon. Patinetean eta bizikletan ere ibili ahal izan dute batzuek. Herrigunean, zenbaitek balkoirik ere ez daukate. Ezin genuen ulertu, nola aguantatu zezaketen haurrek 40 egun baino gehiago pisuan sartuta. Gogorra izan behar da hori. Guk pribilegio txiki hori izan dugu, askatasuna izan dute haurrek, ez elkartu arren».
Eta orain, konfinamenduaren ondoren, auzotik atera gabe dabiltza haurrak: «egunero egoten dira elkarrekin. Bestela, noizean behin bakarrik elkartzen ziren, bakoitzak bere gelako lagunak dauzkalako, eta pelota, futbola, gitarra edo dena delakoa daukatelako arratsaldeetan. Zentzu horretan, mesede egin digu pandemia honek».
Izan ere, haurrak ez dira bakarrak, orain gehiago elkartzen direnak: «normalean, eguraldi polita badago, jolasteko elkartzen dira haurrak arratsaldetan, auzoko lokalaren inguruan. Eta haurrak elkartuta, gurasoak ere bai. Bertan topatu, eta tertulian aritzen gara. Baina egoera honetan, gehiago ari gara elkartzen. Lehen, egon gintezkeen denbora askoan elkar ikusi gabe; eta orain, egunero ikusten dugu elkar. Horretarako ondo etorri zaigu. Ez gara hainbeste mugitzen herrira, eta festarik ere ez dagoenez inon, gutxiago ateratzen gara auzotik».
«Sakabanatuta dago auzoa, eta haurrak elkartzeak asko laguntzen du»
Haurrak dauzkaten auzotarrak dira, gehien elkartzen direnak auzoan: «jaietan eta horrelakoetan bai, ibiltzen da jendea, baina bestela... Badaukagu auzoko WhatsApp talde bat, eta ia auzotar guztiak gaude sartuta hor. Baina jaiak antolatzen ibiltzen garenok, beste bat ere badaukagu. Izan ere, betiko koadrila aritzen gara horretan. Festak gerturatu bezala, lana egin behar denean, etortzen dira gehiago ere, izan auzokoak edo auzoarekin harremana daukatenak».
«Hemen auzokoak gara denak, baina bat bizi da bi kilometrora, bestea 500 metrora... Sakabanatuta dago auzoa. Eta haurrak elkartzeak, asko laguntzen du. Gurasoek ezagutzen dugu elkar, baina haurrek ez badute elkar ezagutzen, galdu egiten da lotura. Eta oso polita da, orain udalekuetan bezala, egunero elkartzea, baserri hartakoa, hango beste etxekoa...», diote.
«Hemen auzokoak gara denak, baina bat bizi da bi kilometrora, bestea kilometro erdira... Sakabanatuta dago auzoa. Gurasoek ezagutzen dugu elkar, baina haurrek ez badute harremanik, galdu egiten da lotura»
Bizimodua aldatu egin dela uste dute hiruek: «garai batean, jendeak beste txip bat zeukan, eta bazegoen harreman hori gazteen artean. Jaiak antolatzeko, denak elkartzen ginen. Orain bizimodua aldatu da, eta gazteak ez dira hainbeste inplikatzen, bakoitza bere kontuetan dabil. Uste dugu, honekin hasi garela auzoa elkartzen, mugitzen eta bizia ematen. Eta horrek animoa ematen digu».
Izan ere, belaunaldi baten falta sumatu dute beraiek: «gu auzoko lanetan sartu aurretik, aurreko belaunaldia ziren gure osabak, anaia zaharrenak... Baina gure belaunaldiaren ondoren, ez dago beste inor. Guk jarraitzen dugu lan horretan, eta 40 urtetik gora dauzkagu. 18-20 urte ingurukoek eta helduagoek, beste txip bat daukate. Belaunaldi bat galdu da, zentzu horretan. Laguntzen dute jaietan eta ekintza puntualetan, erdi derrigortuta, eta kaña pixka bat sartzen diegulako. Gure garaian, aldiz, desiatzen egoten ginen edozer egiteko, eta bileretara joaten hasteko», kontatu dute.
«Nik 14 urterekin egin nituen aurreneko lanak, jaiak antolatzen», dio Barrenetxeak. Haien aurreko belaunaldietan, gizonak bakarrik aritzen ziren Jai Batzordean, «eta gu izan ginen aurreneko emakumeak. Gu sartzearekin batera hasi zen antolatzen Sagardo Proba», azaldu du Ormazabalek.
Hurrengo belaunaldi baten falta, beste auzoetan ere nabaritu dutela uste dute Martindegikoek: «besteetan ere ikusten dugu hori. Osiñagako jaietara joan, eta hasi zirenak daude antolakuntzan, oraindik ere. Eta ia 30 urte daramazkite haiek!».
Horregatik, belaunaldi berri batekin dute esperantza, orain: «gure haurrekin ari gara, gaztetxoagoak diren horiekin, ea lortzen dugun inplikazio hori».
«Lokalak bizigarria ematen dio auzoari, hau da gure bilgunea»
Belaunaldi berri bat lortu bitartean, beste berritasunik badute azkenaldian: «lokala izan da auzoko berrikuntza potentea. Urte askotan falta izan dugu, eta makina bat aldiz eskatu. Eta azkenean lortu dugu. Lagundu du bi Udalak kolore berdinekoak izateak, eta alkateak ondo moldatzen zirela. Beraz, ados jarri ginen auzotarrak eta bi Udalak: Astigarragakoak jarri zituen lurrak, Hernanikoak materiala, eta eskulana auzoak».
Izan ere, auzolanean egin zuten lokala: «aurrena proposatu ziguten barrakoi moduko bat jartzea, pabiloi bat alokatzea ere bai; baina guk beste ideia bat planteatu genien. Udaletxeak ez al du proposatzen auzolana? Lehen funtzionatzen zuen, eta hala egitea proposatu genien. Jarri genituen ataka batean, ezin zutela ezezkorik eman!», diote barrez. Eta hala egin dute.
Lokala izateak, auzoari mesede haundia egiten diola uste dute: «bizigarria ematen dio auzoari. Lehen, tabernaren inguruan biltzen ginen; baina txotx garaian bakarrik irekitzen da orain, eta beraz, auzoa puskatuta geratzen da gainerakoan. Lokalari esker bildu da berriro. Azken batean, horixe da lokala, gure bilgunea».
Elkartu bakarrik ez, denetik egiten dute bertan: eskulan tailerrak, yoga ikastaroak... «Korrika izan zenean ere, afaria antolatu genuen bertan, goizaldean pasatzen zelako Korrika hemendik. Lokalean elkarrekin afaldu, eta Korrikarekin bat egin genuen gero. Kontzerturen bat ere izan dugu lokalean, eta ipuin kontalariak ere bai. Bizi pixka bat ematen dio auzoari».
«Auzoan frontoi txiki bat izatea litzateke primerakoa...»
Lokala izanda ere, ordea, beste behar batzuk ere baditu Martindegik, auzotarren ustez: «haurrentzat frontoi txiki bat edukitzea izango litzateke primerakoa. Ez dugu eskatzen Ereñotzukoa bezalako frontoi bat! Frontoi koxkor bat nahikoa da...», diote barrez.
«Beharko genuke horrelako zerbait. Parke txiki bat daukagu haurrentzat, baina hemen aritzen dira pelotarekin eta baloiarekin, lokaleko paretaren eta leihoen kontra», azaldu dute.
«Beharko genuke frontoi txiki bat edo horrelako zerbait. Parke txiki bat daukagu haurrentzat, baina hemen aritzen dira pelotarekin eta baloiarekin, lokaleko paretaren eta leihoen kontra»
Horretarako, lokaletik gertu, zubitxoaren beste aldean dauden lurrak ikusten dituzte egokiak; eta izan da saiakerarik ere, aurretik: «Astigarragak utzi dizkigu lokala egiteko lurrak, baina Hernaniko Udalak ez dauka terrenorik Martindegin, zerbait egiteko. Dena partikularra da. Bere garaian, lur horietan, Luis Intxauspe alkatea aritu zen bertako jabearekin, kanpokoa bera, lurrak erosi nahian, plaza bat egiteko. Eta aurreikusita dago, bertan plazatxo bat eta iturri bat egitea. Baina ez zuten traturik lortu. Izan ere, bertan etxe zahar bat zegoen, eta arazoak izan ziren horrekin. Egoera txarrean zegoen, puskak erortzen ziren, eta Udalak etxea botarazi zien. Diru pixka bat utzi zuten horretan.
Intxausperen aurreko alkatetzarekin gertatu zen hori, baina bera joan zenean lurrak erostera, jabeak ez zeuden oso pozik...», kontatu dute.
Uste dute, «oso toki ona» litzatekeela hori, zerbait egiteko, lokaletik gertu dagoelako: «hasi beharko genuke beharbada, Hernaniri eskatzen lurrak jartzea... Lokala lortzeko makina bat urte pasa genituen eta!».
Harreman ona, bi Udalekin
Edozein kasutan, azaldu dute harreman ona dutela bi Udalekin. «Batek ematen dizkigu gauza batzuk, eta besteak beste batzuk», azaldu dute.
«Astigarragakoa oso ondo portatu da azkeneko urbanizazio lanekin, lokalaren ondoan. Hauteskundeen aurretik etorri ziren gurekin biltzera; guk lan horiek eskatu, eta egitekotan geratu ziren. Pentsatu genuen akaso izango zela askotan gertatzen dena; botoa lortzeko promesa egin, eta gero auskalo. Baina ez, alkatetza lortu, eta handik bi-hiru hilabetera etorri ziren, eta egin zuten agindutako guztia: obra bukatu zuten, espaloia aldatu, eta seinaleak jarri».
Haiekin, bilera pare bat egin dituzte legegintzaldi honetan, auzoz auzo egin izan dituzten bileretan. «Eta orain, wifia jarri digute auzo lokalean», diote.
Hernanikoari, berriz, jaietarako dirulaguntza eskatzen diote: «Astigarragakoari ere eskatzeko aukera izango genuke, baina batekin moldatzen gara, eta nahikoa papeleo badaukagu... Izan ere, ezin da sinistu, jai batzuk antolatzeko egin behar den papeleo guztia; harrigarria da. Enpresa bat bezala da, dena BEZarekin, dena justifikatuta... Azkenean, aholkularia kontratatu behar izan dugu horretarako. Lehen askoz ere errazagoa zen, pertsona bakarrak egiten zuen dena; erreziboak eramaten genituen, eta nahikoa zen. Eta orain biren artean ez gara moldatzen. Erreziboek ez dute balio; dena fakturarekin egin behar duzu, dena justifikatuta... Eta ez baduzu hala egiten, ez dago dirulaguntzarik. Asesoria batengana jo behar izan dugu, eta Hernaniko auzo mordo batek egin du gauza bera. Sekulako lana ematen du. Ez dago erraztasunik, jaiak antolatzeko; asko konplikatu da», adierazi dute.
Eta antolatzaileek bakarrik ez, partehartzailek ere zailagoa daukatela diote: «izan musikaria, herri kiroletakoa, antzerki talde bat... Garai batean, etorriko zen, emango zitzaion diru kopuru bat eta afari bat, eta kitto. Baina gaur egun datorrenari, esan behar diozu ea posible duen faktura bat egitea. Eta esango dizu ezin duela; ba agian ezin duzu etorri... Asko zorroztu da dena. Gero portatzen dira dirulaguntza ematen, baina lanak zaildu egin dira asko».
Hernaniko Udalarekin, ez dute bilerarik egin Martindegin, azkenaldian: «orain gutxi, deitu gintuzten auzo guztietakoak, jaiei buruz hitz egiteko, zer egin zitekeen eta zer ez. Eta komentatu ziguten, jaietarako eta kulturako diru partida hor egongo dela, ez dutela beste zerbaitera bideratuko; eta beraz, zerbait egiten badugu, hor izango dugula dirua. Gure kasuan, San Martinetan egiten baditugu festak, diru hori daukagu. Baina arazoa da, hilabete lehenago aurkeztu behar izaten dela aurrekontua, eta egoera honetan... Ez da erraza, hilabeteko aurrerapenarekin, jakiten zer egin ahal izango dugun eta zer ez».
«San Ferminetatik aurrera, udara bukatu egiten da auzoan, bakoitzak bere bizitza egiten du. Baina aurten, uste dugu desberdina izango dela. Koronabirusak bizitzeko era aldatu digu, ohiturak ere bai, eta auzoarentzat, onerako izan da»
Udara desberdina, aurtengoa
San Martinak iritsi baino lehen, ordea, udara osoa daukate aurretik: «normalean, udara aldera egiten dugu irteera bat auzotarrek, haurrei eta gurasoei zuzendutakoa. Eta beste bat irailean, Errioxara, bodega batera. Horretan beste publiko bat izaten da», diote barrez. Helduak eta jubilatuak elkartzen dira horretan, bereziki. «Baina ez dakigu irteerarik egitea posible izango den. Kontua dagoen bezala, nahiko zaila da...».
Aurtengo udarari begira, ordea, baikor dira auzotarrak: «San Ferminak pasa arte, saltsa izaten da hemen. San Joanak pasa, San Ferminak etorri, eta auzo guztia elkartzen da. Baina hortik aurrera, udara bukatu da auzoan. Irailean eskolako errutina hartu eta auzoan ikasturteko tailer eta ikastaroak hasi arte, bakoitzak bere bizitza egiten du. Baina aurten, uste dugu desberdina izango dela. Hasteko, uztaila osoan haurrak elkartu egingo dira; eta haurrak elkartuz gero, gurasoak ere bai. Koronabirusak mesede egin digu alde horretatik. Bizitzeko era aldatu digu, ohiturak ere bai, eta auzoarentzat, onerako izan da».