«Nahi dugu herritarrek udaran beste modu batera ezagutzea sagardogintza»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 9a, 00:00
Sagardogileak eta elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariak, atzo, Astarbe sagardotegian egin zuten aurkezpenean.

Sagardoa, bertsolaritza eta musika uztartuz, hainbat ekitaldi eta plan berezi antolatu dituzte uztailerako eta abuzturako, 'Sagardoak elkartzen gaitu' ekimenaren barruan. Erreserbak egin daitezke internet bidez: 'sagardoa.eus'.

Sagardoak elkartzen gaitu ekimena jarri dute martxan, udarako, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Bertsozale elkarteak eta Musika Bulegoak. Hain justu, sagardotegiek, bertsolaritzak eta musikak egingo dute bat, uztailean eta abuztuan izango diren bost saio berezietan.
Datorren asteazkenean, hilaren 15ean, izango da aurrenekoa, Adunako Aburuza sagar­do­tegian. 20:30etan hasita, ber­tso afaria egingo dute, Eli Pagola ere­ñotzuarrarekin eta Unai Men­di­zabalekin. Aitor Mendiluze ariko da gai-jartzaile lanetan. 40 euro izango dira.
Eta uztaileko beste bi hitzorduak, Astigarragan izango dira. Hilaren 24an, 17:30etan hasita, Astarben egingo du­te bertso jaialdia eta afari-me­rienda, 25 euroan, Maialen Lu­jan­bio hernaniarrarekin eta Agin Laburu astigartarrarekin.
Eta 27an, bertso kata eta afari musikatua izango da, Petritegin, 20:30etan hasita. Bertan ariko dira Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariak, eta Imanol Kamio musikari hernaniarra. 40 eurokoa izango da prezioa.
Abuztuko biak, berriz, baila­ratik kan­po izango dira. Usur­bilgo Saizarren, musika jaialdia eta afaria egingo dute 7an; eta Irungo Olan, bertso afaria izango da 29an, Angel Peñagarikano, Aitor Mendiluze, Sebas­tian Lizaso eta Andoni Egañarekin.

«Elkarlana balio erantsia da, egungo egoera honetan»

Atzo aurkeztu zuten ekimena, Astarbe sagardotegian, eta bertan izan ziren Olatz Mitxelena, Sagardogileen Elkarteko ordez­karia; Oier Iurramendi, Bertso­zale elkartekoa; Aitor BengoetxeaMusika Bulegoaren lehen­daka­ria; Mikel Arrillaga, HAZIkoa; eta Iker Goiria, Aldundiko turismo saileko ordezkaria.
«Nahi duguna da, herritarrek beste modu batera ezagu­tzea sagardoaren mundua, uda­ra honetan», azaldu zuen Mitxe­lenak. Iurramendik eta Bengoetxeak, berriz, garai hauetan bertsolaritzak eta musikagintzak izan dituzten zailtasunak azaleratu zituzten, eta horrelako ekimenen garrantzia nabarmendu: «elkarlana eta elkarren arteko laguntza balio erantsia da, egoera berri honetan. Espero dugu aurrera begira ere elkarlan honek segida izatea», adierazi zuen Bengoetxeak. Arrillagak, bere aldetik, azaldu zuen krisi honek jendea bultzatu duela «bertako produktua kontsumitzera», baina «lan asko» dagoela egiteko oraindik. Eta Goiriak adierazi zuen, ekimenak «sagardogintzarekin daukagun altxorra nabarmentzeaz gain, euskal kulturari balioa» ematen diola.

Beste hainbat plan ere aukeran, sagardoarekin lotuta

Baina bost ekintza horiek bakarrik ez, beste hainbat proposamen ere luzatu dituzte, sagardoarekin lotuta. Bodega planek, batetik, bisita gidatu ezberdinak egiteko aukera ematen dute. Familia planek, bestalde, Gipuzkoako hainbat txoko ezagutzea ahalbidetzen dute, Agorregiko burdinola, Iturrarango erlauntza, Larraondoko zerrategia eta Aizpea meategia, esatera­ko; eta bisita horien ondoren, sa­gar­do­tegian otordua egitea. Plan gas­­tronomikoak ere badaude, sa­gardoa uztartzeko gaztarekin, txakolinarekin eta ba­­serrita­rren azokekin. Kirol planek, aldiz, ka­noan edo arraunean aritu eta sagardotegian otordua egitea pro­posatzen dute. Eta plan kulturalek, itsasora eta men­dira hur­bilduko dituzte bisitariak, sa­gardoarekin lotura eginez.
Eta azkenik, landa eremuan asteburupasak egiteko aukera ere eskaini dute, landetxea, nekazal etxea edo xarmadun hotela duten zortzi sagardotegitan.

Ekintzetarako erreserbak egin eta sagardoa erosteko aukera, 'sagardoa.eus' web orrian

Uztailerako eta abuzturako antolatu dituzten bost saio berezietarako, dagoeneko egin daitezke erreserbak, bertsosarrerak.eus eta sagardoa.eus webguneetan. Eta gainerako planak erreserbatzeko, sagardoa.eus web orrian bertan izango da aukera. Zuzenean egin daitezke erreserbak, eta bilaketak egitea ere erraztu nahi izan dute: menuaren arabera, familian joateko egokienak, herriaren arabera... Sagardoa ere erosi daiteke bertan, eta 44 sagardo ezberdin daude aukeran. Eskaera egin, eta etxera eramaten dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!