Aurtengo taldea aurkeztu du Upelek, Ojuel eta Santxez tartean direla

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 00:00
Upel Pelota enpresako esku pelotarietako batzuk eta Ikatza tabernako jabeak, tabernaren kanpoaldean.

Astigarragako Ikatza tabernan egin zuten 2020 denboraldiko aurkezpena. Bertan izan ziren Xala, Retegi Bi, Gorka eta Olazabal, besteak beste.

Denboraldi berri bati ekiteko prest dago Upel Pelota enpresa, eta Astigarragako Ikatza tabernan egin zuen aurtengo taldea­ren aurkezpena, joan den osti­ralean. Horien artean izango dira, besteak beste, bailarako bi esku pelotari: Paul Ojuel hernaniarra, eta Jokin Santxez astigartarra. Eta haiekin batera beste hainbat, maila onenean profesional izandakoak batzuk: Retegi Bi, Xala, Gorka, Olazabal, Pascual, Azanza eta Goñi egon ziren aurkezpenean. Gainerakoek, ezin izan zuten bertan egon, segurtasun neurriak bermatze aldera.

«COVID-19ak markatu duen urte arraro honetan, helburua izango da pelota eramatea herri guztietara, betiere osasungintzako arauak errespetatuz», nabarmendu zuten aurkezpenean.

Taldearen babesleetako bat izango da Ikatza, eta horregatik egin zuten aurkezpena bertan. «Esker bereziak eman behar dizkiegu gure babesleei, beraien laguntza ezinbestekoa delako, ziurgabetasuna nagusi den une hauetan: Erki eraikuntzak, Hostal Don Javier, Revilan, Itago, Color Vinilo eta Ikatza taberna», nabarmendu zuten, enpresako arduradunek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!