Ibai bazterrak garbi mantentzea eskatuz bertatik bertara, alkateak

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 2a, 00:00

Joxan Ruiz, Aranoko alkatea, bisitari batzuei azalpenak ematen.

Bisitariengana hurbildu ziren Arano eta Goizuetako alkateak, joan den igandean, arduraz jokatzea eskatzera.

Azken urteetako arazo potoloetako bat da, Urumea bailaran, bisitariek ibaiaren bazterrean uzten duten zaborra. Behin eta berriro eskatu dute bailarako udal ezberdinetako ordezkariek, ibai bazterrak garbi mantentzea; baina arazoak bere horretan jarraitu egin du, eta areagotu ere egin da, zenbaitetan.
Horregatik, uda hasiera honetan ere, «arduraz jokatzeko» mezua helarazi nahi izan dute berriro, eta bertatik bertara egin dute hori, Aranoko eta Goizuetako alkateek; Joxan Ruizek eta Unai Mirandak, hain justu.
Joan den igandean, ibai bazterrera hurbildu ziren biak, bisitariengana, zaborren bilketari buruzko informazioa banatu eta arduraz jokatzea eskatzera. Eta bide batez, bertan zeuden zaborrak bildu zituzten. «Espero dugu honek eragina izatea, eta zaborren inguruko kudeaketa on bat eginez, denok zentzuz jokatzea», azaldu dute.
Bisitariei emandako informazio praktikoan, azaldu zieten Mendialdea Mankomunitateak biltzen dituela Aranoko eta Goizuetako hondakinak; eta ibai bazterretan zaborra botatzeko edukiontzirik ez dagoenez, hondakinak ezin direla bertan utzi. Gainera, legearen arabera, falta larria da hondakinak ez dagokien tokian uztea, eta isunak izan daitezke 901 eta 45.000 euro bitartekoak.
Bestalde, informazio horretan zehazten da, baimenik gabe ezin dela bertan akanpatu, eta ezta surik egin ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!