Jardunaldi erabakigarria jokatuko da larunbatean, eta doako gonbidapenak eskuragarri daude Kronikan

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 2a, 00:00
Zubiri eta Barrenetxea, aurreko larunbatean. Argazkia: Maialen Andres

Ligaxkaren azkeneko jardunaldia jokatuko dute, Galarretaren 50garren urteurreneko txapelketan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Kronikak 20 sarrera banatuko ditu, doan, irakurleen artean. Horretarako, deitu.

Larunbat honetan jokatuko da, 16:00etan hasita Galarretan, ligaxkaren jardunaldi erabakigarria, frontoiaren 50garren urteurrena ospatzeko torneoan.
Ligaxkako hirugarren eta azkeneko partidua jokatuko dute lau bikoteek. Batetik, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Goikoetxea Vk, aurrez aurre izango dituzte Juanenea eta Endika liderrak. Eta bestetik, Aritz Zubiri goizuetarra eta Urriza, Ansa II eta Larrañagaren kontra ariko dira.
Ligaxkako aurreneko hiru bikoteek egingo dute aurrera, eta Goikoetxea Vk eta Barrenetxea IVk daukate zailena. Puntu bakarra lortu dute orain arte, eta irabazi eta lau puntuak eskuratu bakarrik ez, beste partiduko emaitzaren zain ere egon beharko dute. Izan ere, lau punturekin daude Urriza eta Zubiri, eta bost punturekin Ansa II eta Larrañaga. Irabazleak aurrera egingo du, eta galtzaileak, lortutako tantoei erreparatuko die: 32-34 tanto lortuta, bi puntu jasoko ditu; 29-31 tanto eginda, puntu bat; eta 19 tanto baino gutxiagorekin, puntu bat kenduko diote. Juanenea eta Endika, aldiz, dagoeneko sailkatuta daude, zortzi punturekin; baina aurreneko postua ziurtatu nahiko dute, zuzenean finalera pasea lortzeko; bigarren eta hirugarren sailkatuek, semifinala jokatuko dute, beraien artean.
Ia dena dago jokoan oraindik, beraz, etziko partiduetan.

Gonbidapenak doan, Kronikak
Jaialdirako sarrerak, prezio berezian eskuratu ahal izango dituzte hernaniarrek, ohi bezala, Galarretan: 5 euro izango dira, haientzat. Eta Kronikak, doako gonbidapenak ere emango ditu, Oriamendirekin daukan lankidetza hitzarmenagatik.
Zehazki, 20 sarrera banatuko ditu Kronikak, larunbat honetako jaialdirako, irakurleen artean. Horretarako, nahikoa da 943 33 08 99 telefonora deitzea, WhatsAppez idaztea 688 660 714 zenbakira, edo emaila idaztea kronika@kronika.eus helbidera. Aukera paregabea, erremontea ezagutu nahi dutenentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!