LGTBIQ+

LGTBQI+ Harrotasun eguna, ospatu eta aldarrikatzeko eguna

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 27a, 00:00

Hernani eta Astigarragako Udalek adierazpen instituzional bana onartu dute bihar ospatzen den Nazioarteko Egunerako. 

LGTBQI+ Harrotasunaren eguna ospatuko eta aldarrikatuko da bihar mundu osoan zehar, baita Urumea bailaran ere. Horrekin bat egiteko, Astigarragako eta Hernaniko Udalek adierazpen bana onartu dute. 

Txomiñenen bihar 'Pride' pelikula eskainiko da

Astigarragan gainera, zenbait ekimen antolatuko dira herrian: Udaletxeko fatxadan LGTBI+ bandera jarriko da; Foru plazan bihar, 22:30etan (euria  egingo balu Txomiñenea pelotalekuan) Pride filma eskainiko da eta asteartean, ekainaren 30ean, Gaztelekuko nerabeek LGTBQI+ banderaren koloreekin Txomiñenean margotuta dauden eskailerak errepasatu eta beste aldeko eskailerak margotuko dituzte.
Hernaniko Udalak herritarrei dei egiten die «LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten, bereziki ekainaren 28an bertan Donostian egingo den kontzentrazioan parte hartzeko».

Hernaniko Udalak konpromezuak hartu ditu

Hernaniko Udaleko Udalbatzak konpromezua hartU du honakoa egiteko: LGTBI komunitateak Hernanin izan duen bilakaeraren egoera ezagutarazteko, martxan dagoen Hernaniko LGTBI+ historia 1969-2019 ikerketaren zabalpena egitea, herritarren eskura jarriz; LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, hala nola, administrazio-formularioetan aldaketak egiten jarraitzea binarismoa gainditzeko; Herriko saltoki eta tabernetan, kontzientziazio eta formazio kanpainak egitea binarismoaren inguruan, eta instalazio publikoetan aldagelak eta komunak egokitzeko lanketa abiatzea; Hernaniko Udalak Erregistro Zibilari eskatzen dio sexu bereko bikoteekiko diskriminatzailea den baldintza bat (ezkonduta egon behar dute jaioberriak inskribatzeko) ezabatzeko; Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio LGTBIen inguruko Euskal Lege Integral bat prestatzeko: Eta Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio LGTBIen Euskal Kontseilua sortzeko, espazio hori eragile sozial publikoen eta pribatuen parte-hartze aktiborako gune izan dadin.

Emakumeen berdintasunaren aldeko borroka 2020an

2020ko Harrotasuna LTB emakumeen berdintasunaren aldeko borrokara zuzendua dago 2020, LTB Emakumeak: Sororitatea eta Feminismoa esloganaren bidez. Izan ere, LGTBI+ kolektiboaren barruan emakumeak dira gutxien ikusten direnak eta ahaztuta geratzen direnak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!