Lurgida

Lurgida aplikazio turistikoa jarri dute martxan, eta hainbat interesgune markatu dituzte Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 27a, 00:00

Euskal Herrian barne turismoa sustatzeko asmoz, mugikorretarako aplikazioa sortu du Udalbiltzak, eta doan deskargatu daiteke, Android zein iOS gailuetan. Webgunean ere erabili daiteke: 'www.lurgida.eus'.

Gailu mugikorretarako aplikazioa sortu du Udalbiltzak, Euskal Herrian barne turismoa sustatzeko as­moz: Lurgida izeneko aplikazio­an bildu dituzte zonalde ba­koi­tzeko interesguneak, eta ho­­­­rietako hainbat markatu di­tuzte Urumea bailaran ere.

Asteazkenean aurkeztu zuten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak eta Lamia Arcas batzorde eragileko kideak. «Euskal Herriko ondare inmateriala eta ibilbide tematikoak proposatu ditugu Lurgidan, eta furgoneta eta autokarabanei ongietorria egiten dieten etxaldeak bildu ditugu».

Euskal Herria «beste modu batera» ezagutzeko parada, aplikazioaren bitartez

Gailu mugikorretarako dago eskuragarri, Android eta iOS sistema operatiboa dutenentzat. Eta webgunean ere erabili daiteke: www.lurgida.eus. Lau hizkuntzatan dago erabilgarri: euskera, gaztelera, frantsesa eta ingelesa.

«Euskal Herria beste modu batera ezagutzeko parada eman nahi diegu aplikazio honekin, bertako zein kanpoko bisitariei», azaldu dute. «Bultzatu nahi du­gu turismo jasangarriagoa eta lurraldearekiko errespetuan oinarritutakoa; eta bide batez, tokiko ekonomiarentzat onuragarria izango dena». Horretarako, bildu dituzte ondare inmateriala eta historia zeharkatzen dituzten hamaika ibilaldi, eta ehunka udalerriren informazioa, interesgune, historia, ohitura edota jaien berri emanez. Furgoneta eta autokarabanei ere egin diete txoko berezia: «Europa mailan hain errotuta dagoen praktika horren bidez, bisitariek gaua ber­tan pasatzeko aukera dute, eta era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazi ditzakete. Horrela, KM0 kontsumoa sustatu nahi dugu, lehen sektorearekiko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotuz».

Urumea bailara, interesgune

Lurgidan jasotako interesguneetatik zenbait, Urumea bailaran bertan daude. Horrela, Goizueta, Hernani eta Astigarragari buruzko informazioa jasotzen du aplikazioak, eta baita ibilbideak zein toki interesgarriak aipatu ere: Domiña baserria, Sagardoetxea, Sagar Trekking ibilbidea Santiomendiko Sagardo Bidean, eta Galarreta frontoia. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!