TELESAILEN ADI(K)TUA

'I may destroy you', eguneroko arazo asko mahai gainera ekartzen dituen fikzioa

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 27a, 00:00

'I may destroy you' telesailaren irudi bat, Michaela Coen sortzaile eta protagonistarekin (eskuinean).

Michaela Coenen azkeneko sorkuntza nabarmenduko dugu hilabete honetan, berak jasandako eraso sexual batean oinarritzen dena.

Azkar asko pasa zaigu ekaina. Normaltasun berri egoerara iritsi garen honetan, gure San Joan maiteak aho txikiz ospatu ditugu, eta modu batera azterketa txiki bat egin diogu gure buruari eta gure portaerei. Gure kontzientzia maila hobetzen sa­iatzen ari gara, ikusi ondoren ikastea dela aurrera joateko modu bakarra, pekatari txikiak garen arren. Modu berean, gaur ekarri nahi izan dudan telesaila, horrelako autokritikara eta lantzera eraman gaitzakeen telesaila dugu. Arloa guztiz diferentea bada ere, gure inguruan gertatzen diren hainbat arazo eta kezkari buruzko arreta piztu eta barruak mugitu nahi dituen lana izango dugu gaurko proposamen nagusia.

Hala ere, betiko legez, errepaso txikitxo bat emango diegu baita ere, hilabete honek ekarri dizkigun beste programa (betiere nire ustean) aipagarrienei. Netflixen aldetik dudosoa iruditu bazait hau egiteko momentu eta modua, Estatu Batuetan gertatutakoen inguruan sortutako Blacklivesmatter mugimenduaren izen bereko sekzio berrian aurkitu daitezkeen hainbat telesail, pelikula edota dokumental ikustea gomendatuko nuke biziki, beharrezkoa baitugu (pluralaren erabilera betiere nire buruari egiten diodan kritika da, modu berean inguruko besteak bertan sartu nahirik), gure arrazakeria sistematikoaren aur­kako perspektiba berrikusi, aztertu, hausnartu eta ahal dugun heinean gure inguruan eta egiteko moduan benetako aldaketa bat sortzearren. Gainera­ko­an, Marcella telesail bikainak bere hirugarren denboraldia estreinatu du ere Netflixen; Movistar+ kateak Mira lo que has hecho, Berto Romeroren azken denboraldia ere atera du airera; HBOk Perry Mason pertsonai mitikoaren telesail berri paregabea estreinatu du, ez galdu hau ikusteko aukera; The Chi handia ere bueltatu zaigu Showtime/Movistar+ kateetan hirugarren denboraldi berriarekin; eta beste alde batetik hileko azken egun hauetan, Search Party arraroa, Dark eroa eta Doom Patrol frikia ere iritsiko zaizkigu. Beraz, guztiontzako moduko telesail ezberdin baina ederrak.

Orain, gaozen mamira. Gaurko telesailari buruz hitz egiteko, bere sortzaileari buruz hitz egitea komeni zaigu. Bertan ikusiko dugunak, bere bizian badu eta oinarri. Berari gertatutako esperientzian, eta gerora beste per­tsona gehiagorekin hitz egin oste­an, sortutako kontakizuna baitugu hau. Michaela-Moses Ewu­raba O Boakye-Collinson (1987) aktore, gidoilari, olerkari eta kantautorea, profesionalki Mi­chaela Coel izenez ezaguna, dugu produzkio honen sortzaile, idazle, ko-zuzendari eta protagonista. Bera ezagutzen ez baduzue, apuntatu bere izena, Ingalaterratik etorritako ahots gazte berri eta handien artean kokatzen baita sortzaile paregabe hau. 

Aurretik hainbat arlo eta lanetan ibilitakoa bazen ere, bere gaztaroan oinarritutako Chewing Gum telesailarekin eman zen ezagutzera 2015ean, BAFTA sari britaniko famatuetan saritua izan zen proposamen bikainarekin, gerora Black Earth Rising potentean edota Black Mirror ezagunean ikusteko aukera izan dugularik. Dena den, aurreko horien artean eta gaurko telesailaren artean bi urtetako tarte bat izan zen, bere lana askok arrarotzat jotzen zutelako. Eta hor dago gakoa, denbora horretan, gaur ekarri dudan telesailaren prestakuntzan buru belarri sartu baitzen Michaela.

'I may destroy you', tematika gogorreko telesaila

I may destroy you dugu gaurko porposamenaren izena. Tematika gogorreko telesaila izango dugu gaur jorratuko dugun hau, aktoreak berak 2016an jasandako eraso sexual baten ostean sortutako lana baita. Gori-gorian dugun gai bat izanda, iruditzen zait badela aproposa halako temak mahai gainean jartzea. Bere ekuadorrera iritsita dagoen programa honetan, ez dugu bakarrik jakingo Arabella protagonistak jasandako erasoari buruz, bere inguruan dauden Kwame lagun homosexualak eta Terryk bizitako arazoei eta egunerokotasunean normaltzat hartzen diren momentu deseroso eta erasoei so egiten die modu berean, askotan aztertu nahi ez ditugun jokamolde eta situazioak modu irekian tratatzen dituelarik. 

Lehenengo atalean, Arabella idazlea ezagutuko dugu, Italiara egindako bidai baten ostean Londresera itzultzen dena, bigarren nobelaren idazketan murgildurik dagoena; eta lehenengoaren arrakastaren bueltan ezin aurrera eginik, blokeo puntuan, lagunekin trago batzuk hartzera abiatuko da. Hemen hasiko da dena. Parranda gauaren joan etorriak ikusten ari garela, pantaila beltzaren agerpenak hurrengo goizera eramango gaitu, eta puntu honetatik aurrera hasiko dira arazoak. Aurreko gaua ez gogoratzea, zauri bat buruan, mobilaren pantaila hautsia, flashback solte aztoratzaileak… Spoilerretan sartu gabe, azkar ikusiko dugu zerbait ez dagoela ondo, hortxe amaitzen delarik 30 minutu irauten duten kapituluetan lehena. 12 kapitulurekin osatuko den denboraldiak, astelehenetan estrei­natzen du kapitulu berri bat HBO plataforman; ekainaren 7an hasi zen.

Aipatzekoa iruditzen zait te­­le­sailak eraso honen inguruan montatu duen kontakizuna. Gure protagonistak jasan behar duen prozesuaren trataera. Nola inongo momentuan ez den gertatukotik ezkutatzen eta biktimismo papera, askok jokamoldetzat hartzen dutena, alde batera utzita; nola modu gordinean tratatzen dituen hainbat situazio, kanpotik askorentzat ikusezinak direnak. Esan bezala, gainera, ez da bakarrik Arabellaren arazoetan geldituko, LGTBI+ taldeetan gertatzen diren situazioak ere azalduko zaizkigu, eta beste hainbat puntu jorratuko dituen telesaila da.

Proposamen indartsua, bai. Baina iruditzen zait beharrez­koa den horietako bat dela. Fikzio hauek baitira gure egunerokotasunean gertatzen eta ikusten ez ditugun arazo asko mahai gainera ekartzen dituztenak. Gure burua modu kritikoan aztertzen eta hausnartzen laguntzen digutenak. Bageralako, admititu dezagun denok, itsuak edo ezjakinak, eta badelako garaia honelako arazoei tinko eutsi eta egin beharreko lan propioari modu indartsuan eusteko: bakoitzak, familian, lagun artean eta gure komunitatean. Eta ez dezagun ahaztu, gizonezkoek egin behar dugun eginbeharra da. Gure gizartea aldatu eta moldatzeko aurrerapauso bat emateko garaia da eta. Horregatik eskertzen ditut nik telesail puska honen antzerakoak. Autore indartsu batek, horrelako egoera suntsigarri ba­ten aurrean, modu ausartean sortze prozesu bati eutsi, eta maisulan bat gurera ekartzea. Honek dakarren guztiarekin.

Bakoitzak aukeratu dezala, telesail honi aukera bat eman ala ez. Nik, edonork galdetuta, biziki gomendatuko dizuedala argi geratu da. Besterik ez oraingoz, hurrengora arte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!