«Biztanle kopurua ezin da muga bat izan, herritarrek liburutegi zerbitzua jasotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 27a, 00:00
Harkaitz Delgado, Aranoko gaztetxoekin, bakoitzak hartutako pelikula eta liburuak apuntatzen.

Otsailean jarri zuen martxan Harkaitz Delgadok, Leitzako liburuzainak, Liburutegi Ibiltaria: «zerbitzuak gehitu eta hobetu egin behar dira», dio berak. Hilean behin egingo du bisita, Aranora eta Goizuetara, eta ekainaren 19an izan zen bigarrenez, pandemiaren eraginez eten ondoren.

Goizuetako Plazan kotxea aparkatu, maleterotik plastikozko bi kaxa haundi atera, eta karretila moduko batean kargatu ditu Harkaitz Delgadok, Leitzako liburutegiko arduradunak. Liburuz eta pelikulaz beteta daude bi kaxak, eta berehala hustuko ditu, denak Goxaliko lurre­an zabalduta.

Hantxe dauzka zain, Goxaliko atarian, makina bat haur eta gazte, eta baita helduak ere. Horretaz konturatu orduko atera zaio irripar bat, maskarillaren azpi­an, kaxen pisua mugitzeak eskatzen duen esfortzuaz ahaztuta, une batez.

Ekainaren 19a da, Liburute­gi Ibiltariaren bisita eguna, Goi­zu­etan; eta bertatik Aranora egi­­nen du bidea gero. Eta herritarrentzat, bereziki gaztetxoentzat, egun seinalatua da hori.

«Oso polita da, hainbeste haur gerturatzen ikustea. Haurrak erakartzen baditugu, helduak atzetik etorriko dira. Guk ez dugu bezeroez hitz egiten, era­biltzaileez baizik; baina bezeroak bezala, landu egin behar dira. Batzuk gerturatzen dira interesa dutelako, irakurtzea gustuko dutelako. Baina gure lana, liburuzainena, da eskaintzea produktuak eta zerbitzuak, erakargarriak direnak eta pertsona bezala hezten laguntzen digutenak. Irakurtzen dugunean, beste mundu batean sartzen gara, gozatu egiten dugu».

Auritzberriko Liburutegi Ibiltari 'beteranoa', eredu

Hilean behin eginen du bisita Liburutegi Ibiltariak, Goizuetara eta Aranora; eta baita Aresora ere. «Otsailean egin genuen aurreneko buelta, eta ondoren ete­naldia...». Alarma egoeraren eraginez, aurreko ostiralera arte ezin izan zuen beste bisitarik egin liburuzainak.

Bigarren bisita izan zen hori, baina duela urtebete hasi zen proiektua prestatzen, Harkaitz Delgado: «iazko ekainean hasi nintzen kontu honi bueltak ematen, eta Leitzako alkatearekin biltzen. Berak oniritzia eman zidan, eta are gehiago, uste zuen eskaini genezakeela zerbitzu hori beste herri batzuetan. Baina beste Udalekin ere hitz egin behar genuen, eta hauteskundeak zetozenez, atzeratu egin zen dena. Ideia garatzen jarraitu nuen bitartean».

«Batzuk harrituta gerturatzen ziren, eta galdetzen zidaten, zergatik egiten dudan, modu boluntarioan izanda. Eta zergatik ez? Pribilegiatuak gara, eta baliatu behar dugu zerbitzuak gehitu eta hobetzeko»

Liburutegi Ibiltaria martxan jartzeko, baina, ez zen hutsetik abiatu: «Nafarroan badago beste Liburutegi Ibiltari bat, Auritzberriko liburutegiak eskaintzen duena, orain dela 20 urte baino gehiagotik. Han ere modu boluntarioan hasi zen dena, eta pixkanaka lortu zuen Udalaren inplikazioa. Sortu zuten mankomunitate mo­­duko bat, sostenga­tzeko Liburutegi Ibiltaria. Modu boluntarioan, herri pila batetan banatzen dute etxez etxe. Han herriguneak txikiagoak dira, eta baserriak askoz ere sakabanatuago daude. Beraz, posible da egitea, eta eredu horri jarraituta, eredu on bati, nahi nuen gauza bera egin gure inguruan, Leitzaldean. Eta ikusita nora joan nintekeen eta non dauden kokatuta liburutegiak, bide naturala zen Aresora, Aranora eta Goizuetara joatea. Izan ere, Lekunberrin badago beste liburutegi bat, eta horrek badauka aukera, nahi izanez gero, zerbitzu bera eskaintzeko inguruko herrietan; Araitzen, Betelun...», azaldu du Delgadok.

Zentzu horretan, arraro xamarra izan zen alkateekin egin zuen aurreneko bilera, proiektua aurkezteko: «hauteskundeak izan zirenez aurretik, Mendialdeko alkate berri guztiak azaldu ziren, baita Lekunberri eta ingurukoak ere. Eta esan nuen, sentitzen nuela, baina nik inguruko herrietan bakarrik eskaini nezakeela zerbitzu hori».

Hortik aurrera, ideia «pixkanaka» garatu, eta urtarrilean egin zituen bilerak, hiru herrietako bizilagunekin, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Harkaitz Delgado, liburuak Goxaliko lurrean zabaltzen; eta denak miatzen hasteko irrikaz.

«Biztanle kopurua ezin da muga bat izan, liburutegi zerbitzua jasotzeko»

Herritarrei zerbitzua emateko eta hobetzeko asmoak bultzatu du liburuzaina, ekimen honeta­ra: «zerbitzuak gehitu egin behar direla uste dut. Araututa dago, biztanle kopuru batetik gora, liburutegi publiko bat behar due­la herriak, eta zerbitzu hori eskaintzen da. Baina zerbitzu on bat da hori, eta eskaini beharko litzateke modu demokratikoago batean. Biztanle kopurua ezin da muga bat izan, liburutegi zer­bitzua jasotzeko», azaldu du.

Erronka pertsonala izan da proiektua martxan jartzea, Delgadorentzat: «baina aukera daukadalako horretarako. Babesik gabe, hutsetik ezingo nuke martxan jarri. Une honetan, Goizuetara eta Aranora bisita egiten ari naizen bitartean, zabalik egon beharko litzateke Leitzako liburutegia, baina Udalak aukera ematen ditu, hango zerbitzua pixka bat murrizteko, baldin bada zerbitzua gehitzeko beste herri batzuetan; eta are gehiago, lau herri hauen artean dagoen harremanarengatik».

«Oso harrera ona izan du Liburutegi Ibiltariak, hasieratik»

­Ordu erdiko geldialdia egiten du Liburutegi Ibiltariak, Goizuetan aurrena eta Aranon ondoren, egun berean. Eta ordu erdi ho­rre­tan, gelditu gabe aritu da lanean liburuzaina, bueltatzeko liburu eta pelikulak jasotzen, hartutakoak apuntatzen, baz­ki­de berriak egiten, gomendioak ematen... Eta lan horixe erre­pi­katu du gero, biztanle kopu­ru­agatik lasaiago, Aranon. Baina bietan piztu du interes haundia, Liburutegi Ibiltariak: «oso ha­rre­ra ona izan du hasieratik. Batzuk harrituta gerturatzen zi­­tzaiz­kidan, eta galdetzen zida­ten, zergatik egiten duzu, modu boluntarioan izanda? Eta zerga­tik ez? Ni ez naiz funtzionarioa, interinoa naiz; baina ardura haun­di bat daukagu. Pribile­gia­tuak gara gauza askotan, eta hori baliatu behar dugu zerbi­tzuak gehitzeko eta hobetzeko, eta inoiz ez atzera egiteko. Gertatzen da, kasu batzuetan, funtzionario postua lortuta, uste dutela erosotasuna iritsi zaiela; eta niretzat justu kontrakoa da, konpromisoa heldu da orduan, dauzkazun pribilegio horiek zerbitzua hobetzeko balio dutela erakusteko momentua. Zerbitzua haunditu eta hobetu, bi lan horiek etengabekoak dira».

«Nafarroan badago beste liburutegi ibiltari bat, Auritzberriko liburutegiak eskaintzen duena, orain dela 20 urte baino gehiagotik. Modu boluntarioan hasi ziren han ere»

Liburutegi Ibiltaria martxan jarri aurretik, Goizuetako ba­ka­­rren bat azaltzen zen tarteka liburutegira, «Leitzara joaten di­relako ikastera». Aranoko inor joaten zenik, ordea, ez dau­ka gogoan. «Aresokoak bai, gehiago, oso gertu dagoelako. Gai­ne­ra, Liburutegi Ibiltaria ber­tara joanda ere, berdin-ber­din gerturatzen dira gustura, beste esperientzia bat delako liburutegira joatea. Liburuzaina joaten zaie, baina liburutegiko espazioa ez; eta espazio bat izatea eta antolatuta edukitzea, da beste liburuzain bat izatea bezala. Zerbitzua hobea da liburutegian, baina Liburutegi Ibiltariarekin, behintzat, zerbitzuaren parte bat nirekin etortzen da herri hauetara».

Haurrak bakarrik ez, helduak ere gerturatzen dira liburuzainarengana, bere bisitetan.

Eta liburutegiko bazkide kopuruan nabaritu da, horietan izan duen eragina. Baziren Goizuetako eta Aranoko bazkideak, baina askoz ere gehiago egin dira orain: «%200 haunditu da kopurua. Erantzuna oso ona izan da. Hasieratik egin ziren bazkide berriak, eta haunditzen dijoa. Aurkezpenaren egunean bertan, asko egin ziren bazkide; eta bisita egin dudan bi aldi hauetan, bueltatu naiz lau-bost bazkide berrirekin».

Oso erraza da bazkide egitea: nahikoa da datu pertsonal batzuk ematea; eta 14 urtetik beherakoen kasuan, gurasoen baimena. «Oso erraza da, librea eta doakoa; eta ez du tramite berezirik eskatzen. Bisita hauetan niregana etorrita, nahikoa».

«Irakurleei gomendioak ematen, behin asmatuz gero, oso fidel bilakatzen dira»

Liburuzainaren eta erabiltzaileen arteko komunikaziorako, WhatsAppa edota posta elektronikoa baliatzen dituzte; eta Nafarroako Gobernuak ere ematen du aukera, bere webgunean, internet bidez liburuak eskatzeko. «Baina WhatsAppa da gehien erabiltzen duguna, gertukoena. Nik esaten diet zein egunetan etorriko naizen, eta jendea hasten da eskaerak prestatzen, galderak egiten... eta hori da bidea. Galdetzen didate, halako liburua edo pelikula daukadan, eta nik begiratzen dut katalogoan, edo beraiek bestela. Eta libre baldin badago, beraien izenean egiten dut erreserba, eta kutxatan sartzen dut. Horrela, Liburutegi Ibiltarian ekartzen dut, jaso behar duen pertsonaren izen-abizenekin».

Zerbitzua, gainera, «gero eta pertsonalizatuagoa» dela nabarmendu du Delgadok: «pixka­naka, erabiltzaileak ezagutu ahala, haientzat bideratutako liburuak ekartzen hasi naiz. Goizuetan, esaterako, badago erabiltzaile bat gustuko duena nobela historikoa, baina Nafarroan girotuta; ba harentzako lau-bost nobela ekartzen ditut, estilo horretakoak».

«Zerbitzua gero eta pertsonalizatuagoa da; gidari eta aholkulari lana da gurea, eta horretarako, pertsona ezagutu behar da. Zaila da hutsetik asmatzea»

Eta haurrekin ere, berdin: «pixkanaka, ezagututa, badaki­zu adin tarte batekoak edo bestekoak ekarri behar dituzun gehiago». Haiekin, «oso gauza bitxia» gertatzen dela kontatu du liburuzainak: «Leitzan gutxien hartzen dituzten liburuak, dira gehien mugitzen ari direnak Aranon eta Goizuetan, Bat Pat eta horrelakoak. Harrigarria da, baina adin tartearen eta interesaren arabera, ezberdina da toki bakoitzean. Eta ni pozik, horrela lortzen dudalako Leitzako liburutegiko bilduma osoa mugiaraztea; ez bada Leitzan bertan, beste modu batean edo beste herrietan».

WhatsAppa erabiltzen dute gehien liburuzainak eta erabiltzaileek, elkar komunikatzeko.

Berak uste du, zerbitzu guztiek behar dutela izan pertsonalizatuak: «gidari eta aholkulari lana da gurea, eta horretarako, pertsona ezagutu behar da. Zaila da hutsetik asmatzea, hain eskaintza zabala izanda. Gainera, irakurle bati gomendioak ematen, behin ez baduzu asmatzen, bigarren aukera bat emango dizu akaso, baina gero... Eta aldiz, behin asmatuz gero, oso fidel bilakatzen dira, eta etorri egingo zaizkizu berriro: aurrekoan oso ona eman zenidan, eta antzekoa nahi dut. Edo esaten dizute, une honetan ez daudela oso ondo, eta zerbait arina nahi dutela. Gomendatzea da gure lana. Guk ez dugu den-dena irakurri, baina badauzkagu erreferentziak, eta horien arabera ematen ditugu gomendioak. Li­buru batetik besterako saltoa ere, gure esku geratzen da askotan», azaldu du.

Izaten dira libururik hartzeko asmorik ez dutenak ere, nekatuta daudelako une horretan: «ba haientzat ere badaude liburuak, literatura arinagoa, motzagoa, edo laguntzen dutenak ateratzen pentsamendu batzuetatik. Denetik dago idatzita, asmatzea da kontua», dio liburuzainak.

«Liburuzainak bertan egon behar du, erabiltzaileekin; bestela, zerbitzuaren kalitatea asko jaisten da»

Liburutegiarekin, izan da aurrekaririk Goizuetan, Goxalin bertan: liburu lote bat eramaten zuen Gizarte Zerbitzuetako langileak, 20 bat liburu, eta bertan utzi, nahi zuenak batenbat hartu eta irakurritakoan bueltatzeko. «Baina hori ez da liburutegi zerbitzu bat; liburuen atzean dagoen zerbitzua da liburutegikoa; guk egiten duguna, eta behin eta berriro erakutsi nahi duguna. Horregatik ikusten dut ni etortzeko beharra. Liburuzainak bertan egon behar du, erabiltzaileekin; bestela, zerbitzuaren kalitatea asko jaisten da».

Zenbait erabiltzailek, dagoeneko eskatzen dute zein liburu nahi duten jaso, bisita horietan. Baina gainerakoan, Harkaitz Del­gadok berak egiten du aukeraketa bat, interesekoak izan daitezkeen horiekin: «denbora­rekin eta teknologiak lagunduta, jendeak aukera gehiago izango du katalogoak begiratzeko. Ikasiko dute nola bilatu nahi duten hori katalogoan, eta ohitura hartuko dute pixkanaka. Oso erraza da. Askotan, liburudenda bateko eskaparate batean ikusten duzu zerbait, erakargarria egiten zaizuna; eta egin dezakete argazkia atera eta niri bidali, galdetzeko eskuragarri ote dagoen. Eta eskatutako liburu hori ekartzen dudanean, niretzako eta erabiltzailearentzako, da extasi momentu bat. Baina egia da, liburua fetitxe bat dela, eta liburutegian mailegatzeak ez duela kentzen gero liburu hori erostea. Niri gertatu zait, liburu bat irakurri ondoren erostea, norbaiti gomendatu nahi diozulako, edo oparitu. Nire ustez, honek salmentak haunditzen ditu, eta ez gutxitu. Zenbat eta liburu gehiago hartu liburutegietan, orduan eta gehiago saltzen dira liburudendetan. Liburu onak, asko oparitu ditut nik. Liburu on bat irakurtzen duzunean, altxor bat, nahi diozu beste irakurle bati oparitu».

Zein hartu eta zein utzi erabakitzeko izaten dituzte lanak, Liburutegi Ibiltaria etortzen denean.

Horretara bideratutako kanpainak ere badira, hain justu, 'Irakurri, gozatu, oparitu' kanpaina bezalakoak. «Aurten ez da egin Koronabirusagatik, baina urtero egiten da udaberrian: zuk irakurtzen duzu liburu bat, erreseina labur bat idazten duzu, eta deskontu bonu bat jasotzen duzu, liburuak erosteko; eta partehartzaileen artean egiten da beste zozketa bat hilean, bonu haundiagoa eskuratzeko. Orain antzekoa egin nahi da, baina internet bidez: esaten duzu zein liburu gustatu zaizun, eta hori etxean jasotzeko aukera daukazu. Gero norberak erabakitzen du, beretzat hartu edo oparitu. Sentimendu batekin lotzen da liburua beti», dio liburuzainak.

«Liburuzaina zara egunean 24 orduz, eta liburuak emango dizkizute kalearen erdian, edo tabernan utzi»

Eta sentitu egiten du bere lan­bi­dea ere, Harkaitz Delgadok; «pasioa» da berarentzat, lanbi­de­az gainera: «liburuzaina zara egunean 24 orduz. Eta herri ba­teko liburuzaina bazara, kalean ere, besteen begitara, liburuzaina zara. Liburuak emango dizkizute kalearen erdian, tabernan utziko dizkizute zuk jasotzeko... Eta niri gustatzen zait. Askotan ez da zer garen, baizik eta nola ikusten gaituzten. Eta liburuzainak badauka irudi bat, kontuan hartzeko pertsonarena. Liburutegian beti dago jendea Leitzan, hirugarren espazio bat dela esan daiteke. Etxea eta lana edo eskolaz aparte, hirugarren espazioa da, eta jendeak beti dauka gogoan, errespetatzen du. Horren ardura izatea, asko gustatzen zait».

«Oposaketak dauzkat urrian, plaza lortzeko; eta espero dut horren ondoren Leitzako liburutegian egotea. Pena ikaragarria emango lidake, bertan ez jarraitzeak»

Errenteriakoa da bera, baina sei-zazpi urte daramazki Leitzan bizitzen, bertakoa baitu bikotea. «Iritsi nintzenean, galdetu nion bertako liburuzainari: 'zer egin behar da zure postua lortzeko?'; eta erantzun zidan, 'asko ikasi'. Ba horixe egin nuen, asko ikasi, eta iritsi naiz postua lortzera». Ordezkapenak egiteko oposaketak gainditu zituen, eta urrian egingo du plaza lortzekoa: «Nafarroan liburuzain postuak eskuratzeko oposaketak izango dira, eta 12 plaza dira guztira; horietako bat, Leitzako liburutegirako. Espero dut horren ondoren ere, hemen jarraitu ahal izatea. Pena ikaragarria emango lidake, ez jarraitzeak. Baina horregatik jarri nahi nuen Liburutegi Ibiltaria martxan, hurrengoa iristen denean abian egoteko. Pena litzateke segida ez ematea honi; eta aldiz, satisfakzio haundia, Liburutegi Ibiltariarekin jarraitzea, beste batek plaza hartuta ere. Horrek esan nahiko luke, ez gaudela bakarrik, erokeria hauetan».

Historia ikasi zuen Harkaitz Delgadok, eta bukatu zuenean, Bibliotekonomian graduondokoa jarri zuten martxan, bi-hiru urtekoa: «sartzekotan egon nin­tzen, baina lanean hasi eta ezin izan nuen. Eta orduan, beste ikastaro bat egin nuen, urtebetekoa, liburuzain izateko. Euskaltegi batean aritu nintzen lanean gero, bederatzi urtez. Eta Leitzara mugitu ginenean, ikastaroak eginda neuzkanez, hasi nintzen liburutegietan lanean». Orain ari da Bibliotekonomia ikasten, online, duela bi urtetik.

Leitzakoa ez zen izan aurrenekoa, ordea: «2014an hasi nintzen liburuzain bezala, Zarautzen, eta bi urte eta erdi egin nituen bertan. Urnietan eta Baztanen ere egon nintzen ondoren, eta 2018ko urtarriletik nago Leitzako liburutegian. Zortea eduki dut, eta Hernanin ere lan egiteko punttu-punttuan egon nintzen, baja bat kubritzeko; baina ni hasi aurreko egunean hartu zuen alta».

«2014an hasi nintzen liburuzain bezala, eta Leitzakoan egon aurretik, Zarautzen, Urnietan eta Baztanen aritu nintzen. Punttuan egon nintzen, Hernaniko liburutegian ere lan egiteko»

Baztango liburutegian hasi eta berehala, gainera, Asnabi elkartean sartu zen, Nafarroako liburuzainen elkarte bakarra; «eta zuzendaritza taldean sartu nintzen zuzenean. Hiru urte daramazkit bertan, administrazioarekin borrokan, gure baldintzak hobetzeko», azaldu du.

«Oso errentagarriak dira liburutegiak, zerbitzu ona eskainiz gero»

Papereko liburuaren eta irakurgailu elektronikoaren arteko aukeraketa izaten da, gaur egun, irakurleen artean. Baina Delgadok ez du uste eBookak ezer kentzen dionik papereko liburuari eta liburutegiei: «alderantziz, gehitu egiten du. Irakurri nahi duenak, egin dezake eBookean edo paperean. Niri beldur gehiago ematen dit, eskoletan nola lantzen den irakurzaletasuna, edo sozialki nola bultzatzen den kulturaren atal hori. Baina ebookak gehitu egiten du. Liburutegiak berak eskaintzen du eBookak mailegatzeko zerbitzua. Eta ez dago liburuaren krisirik. Egon daiteke editorialen krisi bat, ez zaielako errentagarria ateratzen. Hori beste eztabaida bat da, editorialek gobernuekin hitz egin beharrekoa. Baina liburutegiak ongi erabilita, jendea egiten dugu zaleagoa, gehiago etortzen dira, liburu elektroniko gehiago irakurtzen dituzte, liburu gehiago erosi...».

Zentzu horretan, garbi dauka liburutegiak «oso errentagarriak» direla, «betiere zerbitzu ona eskainita. Azterketa bat egin zen Nafarroan, liburutegien balioari buruz; eta argi eta garbi adierazi zuten, liburutegietan inbertitzen den euro bakoitzeko, zazpi euroko etekina jasotzen dela, kultur jardunaldietan edo liburuen salmentan».

Aurretik eskatutako liburuak, bisitaren egunean eramaten dizkie Harkaitz Delgadok, eskatu dituztenei.

Paperekoa zein elektronikoa, biak erabiltzen ditu liburuzainak: «gehiago naiz liburuaren aldekoa, baina ez dut baztertzen irakurgailu elektronikoa, gutxiago erabili arren. Apunteak irakurtzeko erabiltzen dut gehiago; eta liburuetarako, oporretan bereziki. Gainerakoan, liburua fetitxe bat da. Esku artean edukitze hori, orriak pasatzea... Baina oporretara joateko, beti hartzen dut papereko liburu fin bat, eta liburu potolo guztiak irakurgailuan sartuta».

«Normalean, irakurle denak, liburu bat baino gehiago dauka hasita»

Liburu potolo guztiak dioenean, aldi berean irakurriko dituen horietaz ari da Harkaitz Delgado: «irakurle batek ez du liburu ba­karra irakurtzen aldi berean. Gutxi irakurtzen duenak, liburu bat hartuko du, eta hori hasi eta bukatu egingo du. Baina normalean, irakurle batek iza­ten ditu hasita, erdi bukatuta, irakurtzeko gogoarekin... Mesanotxe bat, liburuz betetako zutabe bat dirudiena. Nire inguruko irakurle guztiek hala daukate; hiru, lau, bost, sei, zazpi liburu hasita, aldi berean. Liburu bakoitzak eramaten zaitu mundu batera, edo deskonektatzen zaitu zure mundutik modu batera. Badira nobela luzeak, bi-hiru hilabete beharko dituzunak irakurtzeko; eta nobela motzagoak, astebetean irakurriko dituzunak. Baita arratsalde batean irensten dituzunak ere. Edo poesia liburuak, gaur poema bat eta bihar beste bat irakurriko duzuna. Nik beti daramakit liburu bat motxilan, badaezpada ere; eta irakurgailua liburuz beteta. Eta orain, apunteak ere bai, beti gainean», kontatu du.

«Liburuzainak animatu nahi ditut, horrelako zerbitzuak eskaintzera»

Berak Auritzberriko ereduari jarraitu dion bezala, beste liburuzainei ere luzatu die deia Delgadok: «animatu nahi ditut, horrelako zerbitzuak eskaintzera. Uste dut gure lanaren parte dela dinamizazio lan hori. Horretan inbertitu behar dugu dena, eta dena ez da dirua. Zerbitzu honen kostua, adibidez, kilometrajea besterik ez da. Auritzberriko Liburutegi Ibiltaria duela 20 urte jarri zen martxan, eta ordutik basamortua egon da, ez da besterik jarri martxan. Eta begira Nafarroan badaudela zerbitzurik gabeko herri txiki pila bat. Esango dute, agian ez dutela irakurtzen. Noski, ez bazaie eskaintzen...».

«Ez irakurtzearekin, asko galtzen da ulermena. Ahoz jasotzen den informazioaren ehuneko oso haundi bat, galdu egiten da»

Irakurketa bultzatu eta indartu behar dela uste du Delgadok, ulermena ez galtzeko: «ez badago lanketa bat, eskolen aldetik, gizarteak berak eginda edo ereduak eskainita, jendeak ez du irakurriko. Eta ez irakurtzearekin, ulermena asko galtzen da. Ahoz jasotzen duguna eta ulertzen duguna, edo irakurrita ulertu eta erretenitzen duguna, oso desberdina da. Ahoz jasotzen den informazioaren ehuneko oso haundi bat, galdu egiten da. Idatzita irakurtzen duzunean zerbait, aukera daukazu hausnartzeko, atzera egiteko, eta askoz ere hobea da. Garrantzitsua da hori indartzea. Gaur egun, eskoletan, bideo batekin azaltzea gauzak, oso erakargarria izango da; baina oso axalean geratzen da, eta informazio asko galtzen da».

Esperantzarako atea, behintzat, zabalik dago Aranon eta Goizuetan, ikusita zenbat haur gerturatu zazikion, Liburutegi Ibiltariaren bisitetan. Eta bera pozik, irripartsu.

 

«Sekulako gogoa geneukan liburutegira bueltatu eta dena martxan jartzeko; gure lanean, telelanak ez du funtzionatzen»


Alarma egoeran liburutegiko jarduna etenda, «gaizki pasatu» duela aitortu du Harkaitz Delgadok: «liburutegian dago gure lana, ez etxean. Eta irrikitan nengoen Liburutegi Ibiltaria berriro martxan jartzeko».


Jarduera gehienak bezala, eten egin da liburutegiena ere, Koronabirusaren ondorioz. Alarma egoera ezarri zen momentuan eman zieten ixteko agindua, eta astebetez utzi zieten joaten beraiei, liburuzainei, hango lanak egitera: «gure lana oso presentziala da; jakin behar dugu liburuak han daudela, eta ikusi egin behar ditugu, apalategian bere tokian. Etengabe egin behar ditugu xaguketa lanak deitzen ditugunak. Liburu zaharrak atera, kalitatea mantentzen duten ikusi...», azaldu du Harkaitz Delgadok.

Baina lan horiek egiten hasi, eta astebetera esan zieten ezin zirela liburutegira joan, ezta horretarako ere; eta etxetik aritu beharko zutela: «nik gaizki pasatu dut. Etxetik egin genezakeena zen sare sozialetan pixka bat saltseatu eta aholku batzuk eman, baina horrela ez daukazu erabiltzaileen erantzunik, edo irripar bat, ondokoa emozionatzeko aukera hori. Sentsazioa neukan, ez nintzela zerbitzua ematen ari. Eta horrela pasa da konfinamendu osoa, bi hilabete. Benetako zerbitzua eten egin zen».

Maskarilla eta gel hidroahalkolikoa erabili behar ditu etengabe, liburuzainak ere.

Ekainaren hasieran ireki zuen berriro liburutegia: «bueltatu bezain pronto hasi gara berreskuratzen harremana erabiltzaileekin, baina poliki dijoa. Eraikin publikoa da, eta baldintzak zorrotzak dira. Garbitu egin behar dugu, desinfektatu; erabiltzaileek ez daukate sarbide zuzena liburuetara, eta nik eraman behar dizkiet... Aste honetan jarri ditugu martxan ordenagailuak eta ikasteko tokiak, baina oso kontuz, eta maskarillarekin ibili behar da liburutegi barruan. Haur txokoa ere itxita daukagu. Baina jendea ari da gerturatzen, eta neurriak errespetatuta, beldurra galtzen. Eta espero dut bueltan ez etortzea ezer, bigarren kolpea beti izaten baita okerragoa. Aurrenekoa desorekatzen bazaitu, bigarrenak akaso bota».

Liburu berriak ere ezin izan ditu eskatu, «eta hori pena da. Askotan daukazu buruan liburu mota bat, adibidez Leitzako eskolan lantzen ari diren gai batekin lotutakoa. Harreman haundia daukagu eskolarekin. Erlauntzak lantzen ari ziren orain, eta horiei buruzkoak ari nintzen bilatzen. Gustura ari ziren haurrak, eta ikaragarrizko pena eman dit».

Bi astez konfinatuta, liburuak

Liburutegiko espazioetan ez ezik, liburuetan ere hartu dute neurririk: «neurri nahiko zorrotza eta gogorra, bi astez konfinatuta egon behar direla liburuak. Bueltatutako liburuak gorde behar dira, horretarako prestatutako toki batean, eta bi astez ezin ditu inork hartu. Beste toki batzuetan hasi dira astebetera murrizten, eta pentsatzen dut hemen ere laster egingo dutela. Gainera, diotenez, paperean gutxi irauten du birusak, 2-5 egun».

Jarraibideak eta neurriak, gainera, nekez jaso dituztela adierazi du Delgadok: «gobernuen atzetik joan behar izan dugu, jakiteko nola jokatu behar dugun. Eman dituzten aginduek, ez dituzte inoiz zuzenean kontuan hartu liburutegiak. Neurri sorta ederra ateratzen zuten, baina liburutegiak ez zituzten aipatzen, edo oso modu zehaztugabean. Ez da erraza izan jakiten, zer egin behar genuen. Estatuko beste liburuzain batzuekin, elkarri galdezka aritu gara, eta konturatu gara toki bakoitzean gaudela fase desberdinetan. Liburutegiak, gaude oraindik lehenengo fase aurreratuan, ez gara iritsi bigarren fase oso batera. Oso poliki doa».

Horregatik hartu du «gogo haundiz», berriro irekitzeko aukera: «Sekulako gogoa neukan liburutegira bueltatu eta dena martxan jartzeko, bertan dagoelako gure lana, eta ez etxean. Eta irrikitan nengoen Liburutegi Ibiltaria martxan jartzeko. Auritzberrikoa ere jarri da martxan, eta jendearen harrera eta gogoa ikaragarria izan zen, hemen bezala», dio.

Delgadorentzat, orain hasi da zerbitzua ematen: «gure lanean, telelanak ez du funtzionatzen; lan presentziala behar dugu, harremana eta komunikazioa. Informazio kudeatzaile gara, eta informazio hori ez badugu partekatzen, galdu egiten da, ez da aprobetxatzen. Gu gara kanal bat, informazio hori zabaltzeko», dio berak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!