«Herritarren erantzuna ezin hobea da azken hilabetean»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 27a, 00:00
Urrats oinetako dendako Pello eta Itsaso.

Bailarako dendari batzuek nabaritu dute aldaketa: «gazteak kontzientziatuago daude bertako komertzio txikietan erosi eta kontsumitzeko».

Ekaina amaitzen ari den honetan normaltasun berrira ohitzen ari gara denak, eta baita Hernaniko komertzioak ere. Horren adibide dira Urrats oinetako denda, Talleres Juantxo eta Telemar. Hiruek ere, azpimarratu nahi izan dute hernaniarrek izan duten erantzun ona, behin konfinamendua amaitu eta gero.
«Herritarrak kontzientziatuago daude bertako dendentan erosi behar dela», dio Urratseko Itsasok. «Hernaniarrak, eta batez ere jende gaztea, konturatu dira bertako komertzio txikia indartzea ezinbestekoa dela». Udalaren laguntza ere goraipatzen dute Urratseko Pello eta Itsasok. «Ideia ona eduki dute, eta bultzada eman digute». Telemarreko Mari Marrek dioen bezala, jende asko ERTEn dago, eta «ez daki kobratuko duen edo ez. Egoera zaila bizi dugu oraintxe. Ezpata eta paretaren artean geratu dira asko eta asko».

«Donostiara joan beharrik gabe, herrian erosi daiteke»
Bonoek oso ongi funtzionatu dutela aipatzen dute. «Laguntza da, eta horrek jendea herrian erostera bultzatu du, Donostiara joan beharrik gabe. Gazteekin nabaritu dugu hori guk ere. Decathlonera eta horrelako lekuetara joaten ziren, eta orain ona etortzen dira».
Hernaniko dendariek lanpostuak mantendu behar dituztela diote. «Horrek izan behar du helburu. Guri antenen instalakuntzak ere asko lagundu digu. Itzalaldi analogikoaren urtea izan da, eta ekainean Ereñotzu aldean ETBko kanalak ajustatu behar dira», dio Mari Marrek.
Erakunde publikoen laguntza, eskertzekoa izango dela diote. «Ea jendeari laguntza iristen zaion».
Eta COVID-19ak sortutako krisia, laster amaitzea espero dute denek. «Orain beste itxialdi bat etorriko balitz, ikaragarria izango litzateke».
Horrexegatik, ardura beharrezkoa da. «Denon ardura, berdin da zein den aurrean dagoena. Maskarilla erabili behar da, eta gure dendan sartzeko derrigorrezkoa da jantzita edukitzea», aipatzen du Mari Marrek. Urratsen ere, «zazpi bezero egon daitezke barruan, gehiago ez», aipatzen du Pellok.

 

«Umeen zapatilak eta etxeko txapinak ikaragarri saldu ditugu; maiatza eta ekaina dira denboraldi 'altua', eta onak izan dira»

Urratseko Itsaso eta Pellok neurri guztiak hartu dituzte, krisia ahalik eta azkarren gainditzeko. «Maiatza eta ekaina onak izan dira, baina brote batengatik konfinamendura bueltatu behar badugu, neguko kanpainan galera haundiak izango dira».

Ekaina amaitzen ari den honetan, normaltasun berrira ohitzen ari dira Hernaniko komertzioak. Horren adibide da Urrats oinetako denda. Konfinamenduan bi hilabete egon eta gero, maiatzaren 4an, zero fasean, ireki zuten denda.
Ordutik gauzak nahiko ongi joan dira. Itsaso eta Pello oiartzuarrak dira, baina urte asko daramazkite Hernanin, Urratsen lanean. Pellok konfinamenduan ere lanean jarraitu zuen, nahiz eta atea itxita izan. «Oiartzundik ateratzeko baimena behar nuen; azkenean lortu, eta dendan sartuta egoten nintzen lanak aurreratzen. Konfinamendua etorri zenean, martxoaren 14an, udaberriko materiala eskatuta zegoen, eta kaxak antolatzen ibili nintzen, pertsianak jaitsita».
Herria jenderik gabe eta dena itxita ikusteak, «pena» ematen zuen. «Fruta dendak, arrandegiak... Gauza gutxi gehiago zegoen irekita. Hasiera batean, hamabost egun edo hilabeteko gauza izango zela pentsatzen nuen».
Hori bai, behin irekita, «erantzuna ezin hobea» izan da, Itsaso eta Pelloren esanetan. «Lehendabiziko egunetan hitzordua eskatu behar zen, eta espero ez genuen erantzuna eman du jendeak. Beldur gehiago izango zela pentsatzen genuen, baina beharrarengatik mugimendu asko izan dugu».
Ordutegi zehatzak jarri ziren hasierako asteetan, eta kirola egiteko zapatilen salmenta asko igo zen. «Baita etxeko oinetakoena ere. Inoiz ez dira erabili horrenbeste, etxean pasa ditugun orduak hausturak eragin dituzte, eta aldatu beharra ere bai. Komuneko paperaren efektua oinetakoetan gertatu da, etxeko zapatilekin», dio irriparrez Pellok.

«Konfinamenduan, haurren oinetakoak txiki geratu dira»
Sortu den beste efektu bat, haurren oinetakoen salmenta igoera esanguratsua izan da. «Konfinamendua hasi zenetik amaitu den arte, bi hilabete edo gehiago pasa dira, eta zapatilak txiki geratu zaizkie. Asko hazi dira ume hernaniarrak bi hilabete hauetan».
Itsasok faltan bota zuen alarma egoeran beharrezko oinetakoak saltzen uztea. «Diseinuko oinetakoak ez, baina zapatilak edo etxeko txapinak saltzen utzi behar zuten. Merkatal zentru haundietan eremu batzuk itxita zeuden eta hori ere egin zitekeen oinetakoen dendetan».
Hala ere, maiatza eta ekainean jendearen erantzuna ona izan da, eta krisia ez dute horrenbeste nabaritu Urratsen. «25 edo 30 urte korrika egin gabe egon dena ere, zapatilak erostera etorri da».
Konfinamendu honetan indarberrituta atera direnak, internet bidezko salmentak izan dira. «Ez dute mugarik izan, eta saltzen jarraitu dute. Egia esan, lehia desleiala sortu da, eta horrek mugatua behar zuen, Gobernuaren aldetik».

«Udalak bonoekin asmatu du, eta laguntza haundia eskaini du»
«Eskerrak bonoak oso esperientzia ona izan diren. Berriak elkartean sartuta gaude, eta aurretik 300 txartela atera izan dira beste kanpainetan, baina oraingoan 10.000 bono jarri dira salgai. Hori zenbaki potoloa da, eta mesede haundia egin digu denda gehienei».
150.000 euroko injekzioa sartu da, Udalaren aldetik. «Ez hori bakarrik, 50 euroko erosketa baino gehiago egin daiteke, adibidez 85 eurokoa. Gainera, herriko dendari asko sartu dira kanpaina barruan. Udalak asmatu du, eta jende askorengana iritsi da».
Oinetakoen negozioan, martxoa eta apirila ez dira izaten hilabete indartsuak, eta alde horretatik gaitzerdi. «Gurean maiatza eta ekaina dira indartsuagoak, eta hor ongi joan da gauza. Nabarituko dugu krisia, baina ez horrenbeste. Gero udan merkealdiak datoz, eta hor errentabilitate gutxiago izaten du saltzaileak».
Itsaso eta Pello oraingoz gustura daude, baina beti ere broteen beldur. «Zer gertatuko den ez dakigu; berriz ixten bada, adibidez irailean, guk neguko kanpainaren erosketak eginda dauzkagu. Hori aurretik egin behar da, eta galerak haundiak izango ditugu, etxera bueltatu behar badugu. Guk neurri guztiak hartzen ditugu dendan: maskarilla derrigor, desinfektantea, distantzia mantendu, eta gauetan ozono makina jartzen dugu martxan aireatzeko, goizean etortzen garenerako».
Urratsen, ilarak ohikoak dira. «Hori jendea dagoenaren seinale da. Hala ere, oinetako dendak bereziak dira, barruan jendea denbora askoan egon baitaiteke. Eskerrak eman behar dizkiegu, pazientziarekin zain geratzen direnei».

 

«Herriko tailer tekniko bakarra gara»

Telemarreko Mari Mar Aldaren hitzetan, «zerbitzu teknikoak salbatzen digu. Amazonek min asko egin digu, baina hasieran ongi aritu gara».

Telemar etxetresnak Hernanin urte gehien daramazkiten komertzioetako bat da, eta Mari Mar Aldak ongi ezagutzen du herriko martxa. COVID-19ak eragindakoa ere bai. «Lehendabiziko egunetan oso ongi aritu ginen lanean. Jendeak gauzen beharra zuen».
Hala ere, Mari Marrek argi dauka, zein den komertzio txikiaren arerio nagusia. «Amazon madarikatua. Min asko egiten digu. Ez dute BEZik ordaintzen, eta edozer erosten da gaur egun internet bidez».
Gutxienez, erosle euskalduna fidela dela dio. «Betiko bezeroa fidela da. Ezin gara kexatu, eta arraroa da Amazon bidez erostea».
Telemar instalatzailea ere bada, eta hori ere aldeko dute. «Bezeroak badaki, guk aparaturen bat jartzen badugu, ibiliko dela: telebista, garbigailua, mikroondasa, izozkailua...».
Abantaila da, baita ere, Hernanin dagoen tailer tekniko bakarra izatea. «50 urte daramazkigu, eta horrek salbatzen gaitu, zerbitzu teknikoak. Hori da guk dugun abantaila bakarra. Poztasunik ez dago, hori argi dago».
Maiatzaren 11n zabaldu zituen ateak Telemarrek, berriz ere, baina ez jardunaldi osoan. «Jornada erdira hasi ginen lanean, eta horrela jarraitzen dugu. Arratsaldeetan itxita dauzkagu ateak, ez da inor etortzen. Goizez egiten dira orain erosketa guztiak».
Hori bai, segurtasunari garrantzia haundia ematen diote. «Jendearen aurrean ez daukagu telebistarik, garbigailurik, izozkailurik... Prezintatuta daude biltegian. Horrela banatzen ditugu». Bezeroarentzat «kutsatzeko» arriskutsua izan daitekeela dio. «Plan renovearekin aurrera jarraitzea espero dugu. Lagunduko du».

Mari Mar eta Karmele, Telemarreko mostradorean babestuta.
 
 

«Oporretara joan aurretik, jende asko etortzen da errebisioa egitera»

Talleres Juantxon lanez gainezka dabiltza, azken bi hilabeteetan. Konfinamendua eta gero «bateria arazoak eta elektronikoak egon dira».

Kotxe tailerrentzat, normaltasun berrira itzulera lan karga haundiko garaia izan da. Jendea oporretara joateko gogoarekin nabaritu du Juan Ignacio Rodriguezek, eta horrek tailerretara kotxeak eramatea esan nahi du. «Lan karga asko haunditu da, izugarria izan da». Baina ez da azken asteetako kontua izan, aurretik ere lanez lepo zeuden Talleres Juantxon. «ITVa pasatzeko errebisio asko egin ditugu, eta kotxeak arrankatu ere egin behar izan dira».
Konfinamenduan kotxeen joan etorria asko murriztu zen, eta kotxeak garajeetan eta kaleetan denbora asko geldirik egon ziren. «Bueltatzerakoan, kotxea martxan jarri ezinda aurkitu da jendea. Batetik bestera, Hernanin barrena eta Astigarragara ere bai, mugitu behar izan dugu kotxeak arrankatzera. Arazo gehienak elektrikoak izan dira».
Orain, berriz, lan gehien kotxeen prestaketan dute Juantxon. «Ez nuen uste, baina jendeak oporrak dauzka buruan, eta mugitzeko gogoa. Furgonetak prestatu ditugu, eta karabanak ez, tailerrean kabitzen ez direlako...».
ITVetan bertan eta telefonoz ordua hartzeko, pilaketak izan dira ireki zirenetik. Bere garaian pasa behar zuten kotxeak ez ziren joan, eta Juantxon nabaritu zuten, nola prestatu behar ziren auto guztiak batera. «Baimena kadukatua izanez gero, berehala ematen dute hitzordua; eta horiek segituan etorri behar izan dute».
Zentraliten eta beterien arazoak izan dituzte, baina denetik ikusi dute Juantxon. «Batez ere, arazo elektronikoak izan dira, baina gurpilak, enbrageak, motorrak eta aldagailuak ere matxuratu dira. Hala ere, hori ez zaie gertatu geldi egoteagatik; bai ordea arazo elektronikoak».
Tailerretan lana ez da falta, alderantziz. Hori bai, geldirik egon ziren aste horiek errekuperatzea zaila da. «Lan gehiago izaten dugu krisi garaietan, kotxe gutxiago erosten baitira. Hamabost egunez itxi genuen tailerra, eta gero goizetan ireki genuen. Piezekin arazorik ez dugu izan, hornitzaileak bertakoak direlako».
Bere gomendioa argia da: «kotxea errebisatu behar da oporretara joan aurretik. Gurpilak, olioa, motorra, elektronika... Dena bere onean dagoela ziurtatu behar da».

Juan Ignacio Rodríguez lan eta lan ari da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!