Club Vasco de Camping Elkarteak ekimen berria aurkeztu du: CVCE-Errimaia mendiko ipuinen lehiaketaren lehen edizioaren ospakizuna. Arduradunek diotenez, lehiaketa hau Euskal Mendi Federakuntzak antolatzen zuen Pyrenaica lehiaketa desagertu arte eta horren ondorioz mendi literaturan sortutako hutsa betetzeko intentzioarekin jaio da. «Eta errekorren eta kronometroen garai honetan, hausnarketarako eta mendiaz astiro gozatzeko txoko bat sortu nahi dugu».
Lehiaketa bi bertsiotan antolatu da, euskera eta gazteleraz eta modalitate bakoitzeko, 800 euroko saria eramango dute irabazleek. Hortaz gain, CVCEko aldizkarian, Errimaian-en, irabazleen lanak argitaratuko dira.
Antolatzaileek irekita uzten dute hainbat edizioetan saritutako kontakizunak eta finalistak biltzen dituen liburua argitaratzeko atea.
Mendia da gaia eta urriaren 15era arte eman daiteke izena
Lehiaketako kontakizunen gai nagusia mendia izango da, ez kirol arlokoa bakarrik, eta formatua ipuin edo kontakizun laburrarena da. Izen-ematea eta lanak bidaltzeko epea irekia dago eta urriaren 15era arte egongo da zabalik. Epaimahaiaren erabakia azaroaren 15ean jakingo da, eta sari-banaketaren ekitaldia abenduan egingo da, Errimaiaren azken zenbakiaren aurkezpenarekin batera.
Abentura berri honek, Errimaiaren erredakzioak urteetan jarraitu duen irrika baten burutzea suposatzen du, eta CVCEren ustez, elkarteko mendi jarduerei balio erantsia emango die, bere kultur eskaintza zabalduz.