Kronikak 20 urte

«Jendeak oso gertuko sentitu zuen Kronika hasieratik, eta horixe zen gure helburua»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 23a, 00:00
Eñaut Agirre, Aritz Zerain, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre, Kronikaren aurreneko urteetan, bulegoan.

«Oso modu prekarioan eta auto-formakuntza asko eginez», jarri zuten martxan Kronika, orain 20 urte, Aritz Zerainek, Jexux Mari Irazuk eta Unai Agirrek; eta berehala batu zitzaien Eñaut Agirre. «Poz haundia» ematen die martxan ikusteak. Hasierako garaiak gogoratu dituzte.

«Kronika martxan jarri genue­nean, aurreneko San Joan haietan, gogoratzen dugu batetik ilu­sio izugarria genuela; eta bes­tetik, bukatzen ez ziren egunak zirela. Oso intensoa izan zen, baina oso polita», aitortu dute Unai Agirrek, Aritz Zerainek eta Jexux Mari Irazuk. Hiruen artean jarri zuten martxan Hernaniko Kronika, eta hiruak izan ziren herri komunikabidearen gidari, aurreneko urte haietan, Eñaut Agirrerekin batera; hilabete gutxira batu zitzaien bera.

2000 urteko ekainaren 23an argitaratu zuen aurreneko alea Hernaniko Kronikak, San Joan bezpera egunean: «pentsatu genuen egun ona izan zitekeela, martxan jarri eta jendearengana iristeko. Pixka bat kontraesankorra ere bada, egun horretan jendea ez delako prentsari begira egongo; baina sinbolikoa zen, Hernanirentzat hain garrantzitsua den egun horrekin ateratzea», azaldu du Zerainek.

«Nahiko estresatuta» aritu ziren aurreneko ale hori osatzen, «gau eta egun lanean», eta gaueko 23:30ak aldera bukatu zuten aurreneko Kronika hura: «sentsazio emozionantea izan zen paperean ikustea», diote.

«Aurreneko Kronika hura ikusteak ia hotzikara ematen du orain; ezjakintasunetik egin genuen. Hasiberriak ginen, eta pixkanaka joan ginen garatzen», onartu du Unai Agirrek. Bai­na ez dute ahaztuko, Kronikak hasieratik izan zuen harrera ona: «uste genuena baino zabalkunde haundiagoa izan zuen, eta inguru erdaldunetara ere oso ondo iritsi zen», dio Irazuk.

«Ulerterraza izatea lehenetsi genuen, eta Hernaniko errealitate oso desberdinen ispilu izaten saiatu ginen»
Erdaldunengana ere iristea, ordea, ez zen kasualitatea izan: «ulerterraztasuna lehenetsi ge­nuen. Errazteko joera hartu ge­nuen, erregistro aldetik, esal­di­ak antolatzeko garaian, eta idazteko moduan», dio Irazuk. «Ezagutzen genuen Hernaniko egoera soziolinguistikoa, eta guztiengana iristeko bidea erraz­ten saiatu ginen. Auzoetara ahalik eta gehien gerturatu, eta Hernaniko errealitate oso des­ber­dinen ispilu izaten saiatu ginen».

«Ahalegin berezia egiten genuen, normalean ateratzen ez ziren horiengana iristen», gaineratu du Unai Agirrek. Eta Zerainek gaineratu: «argi ikusi genuen berehala, herriko ahalik eta talde gehienetara iritsi behar genuela»

«Ideia batekin sartu ginen, baina pixkanaka konturatu ginen egin zezakeen bideaz»
Dobera Euskara Elkarteak ikusi zuen beharra, euskerazko herri komunikabide bat martxan jartzeko; eta taldean aurkeztu behar ziren proposamenak, horretarako. «Irazu eta Unai aritu ziren hasieran, eta nirekin jarri ziren harremanetan gero, kudeaketa eta publizitatea lantzeko. Ni Berriak elkartean nenbilen lanean, eta garai hartan ez genuen harreman askorik, bertso eskolan ere hasiberria nintzelako», dio Zerainek. «Oso egokia iruditu zitzaigun Aritz, kudeaketaren eta publizitatearen ikuspuntua emateko. Eta halaxe izan zen gero», nabarmendu du Unai Agirrek.

Hiruen artean landu zuten dena: publizitatearen arloan zer egin, nolako idazkera erabili... «Ordu asko sartu genituen, baina guk bakarrik ez, lan asko egin zuen gu enderezatu nahi izan gintuen jendeak ere. Ideia batekin sartu ginen, baina pixkanaka konturatu ginen zein bide hartu zezakeen horrek».

Onartu dute, kazetaritzaren ezagutza haundirik ez zutela, eta «intuizioari segika» aritu zirela askotan. «Kronika gaur egun dagoen lokal horietan hasi ginen. Ordenagailu batzuk eta horrelakoak jartzeko, inbertsioa egin zuen Doberak, eta guk ikastaro azeleratu batzuk egin genituen Argiaren egoitzan, ezagun batzuen bitartez. Pare bat egunetan ikasi genuen Quark Xpress programa erabiltzen, Kro­nika egiteko. Aurreneko ale hura ma­ketatzen, orduak eta orduak eman genituen! Nahiko prekario hasi ginen, auto-formakuntza asko eginez», kontatu du Zerainek, garai haiek oroituz.

Hasiera guztiak bezala, ez zen erraza izan, Kronikarena ere: «aurreneko urte osoan, eguneko ordu guztiak ematen genituen honen bueltan. Lagun koadrila bat ginen, eta zentzu horretan oso ondo; baina oso intensoa zen», dio Unai Agirrek.

«Askotan, jendearen aurreneko erantzuna izaten zen, 'nik zer daukat esateko?'»
Etxe barruko lanak ez ezik, kanpoan ere asko egin behar izan zituzten hiruek, baita martxan jarri aurretik ere: «auzoz auzo eta taldez talde aurkeztu genuen proiektua. Eta nahi genuen jendeak ikustea, berriak jasotzea bakarrik ez, bere berri ematea ere bazela asmoa. Beraientzako tresna bat sortzen ari ginela erakutsi nahi genien, eta irakurle pasibotik aktibo izatera pasatzea nahi genuela. Prentsa irakurtzen duzu, eta zure burua hartzaile bezala ikusten duzu; baina ez zara kontziente, zu ere izan zaitezkeela berri emaile. Zuretzako leku bat ere badela herri komunikabidea. Askotan, jendearen aurreneko erantzuna izaten zen, nik zer daukat esateko? Nahi genuen konturatzea, beraien kontuak ere izan zitezkeela notizia», diote.

Kronika paperean ikustearekin batera aldatu ziren ideia horiek: «oso harrera ona izan zuen. Oso gustura hartu zuen jendeak, eta oso gertuko sentitu zuten, eskuan hartu zutenean. Horixe zen helburua. Ez zeuden ohituta, hain gertuko hedabide bat edukitzera, eta berehala ikusi zuten tresna bezala, beraientzako ere baliagarria».

Ama-alabak Kronika irakurtzen, aurreneko urte haietan. Oso harrera ona izan zuen hasieratik, herritarren artean.
 

«Kronikak aukera ematen dizu barru-barrutik ezagutzeko, bestela axaletik ezagutzen dituzun mila zoko»
Harrera on horrek ahalbidetu zien, hortik aurrera, beste Hernani bat ezagutzea: «guk ezagutzen genuen Hernanik, alde haundi xamarra zeukan orduan ezagutu genuenarekin. Saiatu ginen Hernaniko aniztasun horrengana iristen, eta horretatik edaten. Eta uste dut asmatu genuela», kontatu du Irazuk.
Ideia horretan sakondu du Agirrek: «Kronikak aukera ematen dizu barru-barrutik ezagutzeko, bestela ezagutuko ez zenituzkeen mila zoko, edo axaletik ezagutuko zenituzkeenak. Ni hernaniarra naiz betidanik, eta Kronikan egon nintzenean ezagutu nuen Hernani. Beste Hernani bat ezagutzen duzu, benetako Hernani».

«Herrian horrelako komunikabide bat izateak, urrea balio du. Aukera asko dauzka herri komunikabide batek, baina denen babesa behar du. Eta Hernanin, lortu du toki haundi bat»


Eta zokoetara bakarrik ez, jendearengana ere iritsi ziren: «asko gustatzen zitzaigun jendearekin egotea eta jendea ezagutzea, eta lagun asko egin genituen. Ikusi zutenean zein zen gure jarrera, ateak ireki zizkiguten toki guztietan. Eta gurekin hain konforme ez zegoen jendea ere erakartzen saiatu ginen. Denentzako izatea nahi genuen, baina hori ez da esan behar, egin baizik. Pixkanaka lortu genuen, pastela haunditu eta herritar gehienak egotea Kroni­kan», diote.

«Idazkerarekin, eztabaida haundiak izaten genituen»
Aurreneko urte «intenso» haren parte dira, idazkeraren inguruan izan zituzten eztabaidak: «eztabaida haundiak izan genituen, eta oso intensoak izaten ziren egunak, ordu asko sartuta; baina oso polita izaten zen, eta asko ikasi genuen», dio Unai Agirrek. «Gu gazteak ginen, eta gure ikuspuntua geneukan. Nahi genuen zerbait, publiko guztiarengana iritsiko zena, eta aldi berean, euskera aldetik zerbait aportatuko zuena. Euskera batua izan behar zen, baina Hernaniko jendeak oso gertuko sentituko zuen idazteko modu bat. Askotan hori xinpletasunera jotzea izaten da, baina xinpletasun hori bilatzea zaila da».

Eztabaida horietan lantzen zuten, esaterako, nola idatzi titular bat, erdaldun batek ere ulertu zezan. «Horretan lagundu ziguten Pello Zubiriak, Xabier Etxeberriak eta beste hainbatek; baina bereziki asko zor diogu Jexux Eizagirreri. Berarekin, ikastaroak eta guzti egiten genituen, gurekin egoten zen beti hemen», dio Unai Agirrek.

Eztabaida eta ikastaro haiek gogoan ditu Eñaut Agirrek ere: «niri asko gustatzen zitzaidan hori, sortzea euskera eredu bat, denek ulertuko zutena. Eta egunero izaten genuen ikastaro bat Jexuxekin. Zuzentzera etortzen zen, eta sekulako errepasoa ematen zigun, bata ez zegoela ulertzerik, besteari buelta bat emateko... Ulertzeko erraza izatea bilatzen zuen. Xinplea, baina aldi berean ederra».

Unai anaiaren baja kubritzeko hasi zen kazetari bezala Eñaut; eta ondoren, publizista bat behar zutela eta, bere burua aurkeztu zuen, «bertan lanean jarraitu nahi nuelako. Niretzako oso lan polita zen, eta sekulako proiektua iruditu zitzaidan hasieratik, oso gertutik ezagutu bainuen sorrera».

Ordura arte, Aritz Zerain aritu zen publizitatea lantzen bereziki, «denek denetik» egiten zuten arren: «lan haundia egin behar zen, baina gutxi esploratutako terreno bat zen, eta gertutasun horrekin lotuta, jendeak ikusi zuen bere aletxoa jartzeko aukera, batetik; eta herritarrengana iristeko tresna interesgarri bat, bestetik. Hori bai, herria goitik behera pateatu behar izan nuen, eta batzuk nire aurpegiarekin aspertu ere egingo ziren! Baina elkar elikatzen genuen, komertzioek eta Kronikak», kontatu du Zerainek.

Proiektua egonkortzearekin batera, pasa ziren astean bost aldiz argitaratzetik seitan ateratzera, egunero gero, asteburuetan orrialde gehiago ondoren, webgunea ere bai... «Hasieran, informazio asko geneukan, eta orri bakarra izaten jarraitzen genuen. Bakoitzari nahi baino gutxiago eman behar izaten genion, aniztasuna bilatzeko», nabarmendu du Irazuk. 

«Horrelako proiektuetan, gorabehera haundiak izaten dira. Eta egon da jendea asko babestu gaituena, baina baita gurekin oso haserre egon dena ere, eta hori kudeatzen jakin behar da. Beste herri komunikabideetatik esan ziguten, alderdi guztiak haserre izatea, ondo ari zaren seinale dela. Eta lortu genuen hori, momentu batean», dio Unai Agirrek.

«Zaila da horrelako proiektuak martxan jartzea, baina eustea oraindik ere zailagoa»
Aurreneko Kronika haren 20garren urteurrenean, «poz haundia» ematen die lauei, Kronika martxan ikusteak: «proiektuak martxan jartzea zaila da, baina eustea oraindik ere zailagoa. Herrian horrelako komunikabide bat izateak, urrea balio du», dio Irazuk. Eta Unai Agirrek gehitu: «kanpotik ez dakit nola ikusten den, baina barrutik badakizu zer den egunerokoa kudeatzea, eta ez da erraza. Aukera haundiak dauzka herri komunikabide batek, baina denen babesa behar du; eta Hernanin, lortu du toki haundi bat».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!