Kronikak 20 urte

20 urtez bidelagun bezero leialak izan ditu Kronikak egunero argitaratzea ahalbidetuz

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 23a, 00:00
2000. urtean bazeuden bezeroak gaur egunean ere iragarle direnak

Dobera Euskara Elkartearen egitasmo moduan gaur 20 urte argitaratu zen Kronikaren lehenengo alea eta urte guzti horietan hainbat iragarlek elkarrekin egin dute bide hau. Zorionak Kronika egiten laguntzen duten guztiei.

San Joan bezpera Kronikarentzat oso berezia da, ez bakarrik Hernanin sortu zelako eta bertako festak egun horretan hasten direlako, baita egun horretan argitaratu zelako Kronikaren lehenengo alea, orain juxtu 20 urte. Beraz gaur urtebetze eguna ospatzen du, egunero Urumea bailarako txoko guztietara iristen den berri paperak. 20 urte ospatzeko modukoak dira eta horrenbeste urte irauteko denen beharra ezinbestekoa da.

Horrexegatik, Kronikak eskerrak eman nahi dizkie Arano, Astigarraga, Ereñotzu, Goizueta eta Hernaniko herritar guztiei urte guzti hauetan hor izan direlako. Batzuk 20 urtetan eta beste batzuk urte gutxiagotan, baina denei eskerrak da gaur egun Kronika den bezalakoa.

Bide hori eta garapen hori izateko guztion lana da beharrezkoa, eta aipagarriak dira 20 urteetan bidelagun izan diren iragarleak. Bezero fdel asko ditu Kronikak eta urte guztietan elkarrekin egin dugu bidea.

Erraz esaten dira 20 urte, baina urtero-urtero laguntza hori izateak egin du posible Kronika denen etxeetan edukitzea. Momentu zailenetan ere hor izan dira eta adibide esanguratsua da bizitzen ari garen azken osasun krisi honetan ere hor daudela eskutik heltzen elkarlanean, Kronika eta bere bezeroak.

Asko dira, agian batenbat ahaztuko dugu eta barkatu aldez aurretik, eta zoriontze urtebetetze egun berezi hau zuek zoriontzeko ere bada. Gure orrien artean genituen 2000garren urtean: Catalana Occidente aseguru etxea, Itxaspe arraindegia, Brintza aholkularitza, Allianz aseguruak, Hator aholkularitza, Hernani Bidaiak, Adarraga pasteleria, Aralar taberna, Landaribar margoak, Mikel Armendariz edota Marife arraindegia. Oraindik ere hor jarraitzen dute eta Kronika denon artean egiten denaren adibide esanguratsua dira.

Hasiera hasieratik ez, baina aipamen berezia ere merezi dute bezero bezala urte asko daramatzaten merkatariak edo bezeroak. 15 urte gutxienez egin dituzte gurekin ondorengoek: Amaia arrandegiak, Bikain okindegiak, Joxe Mari tabernak, Aitan Etxe tabernak, Oindi tabernak, Irubide jatetxeak, GSE aholkularitzak eta Peña okindegiak. Eta iragarki merkeetan Iñigo Royo masajista ezin ahaztu.

Hernani eta Astigarragako sagardotegiek ere bultzada haundia eman izan diote Kronikari eta nola ez Antziola Ford kontzesionarioak, Etxe Onenak eraikuntza enpresak, Itxastele elektrogailuak, Amegar Etxe Tresnak, Tripontzi taberna jatetxeak...

Kolaboratzaile bereziak ere izan ditu 2000garren urtetik eta hor aipatzekoak dira Dorronsoro okindegia eta bi funerariak: batetik Orbegozo eta bestetik Vascongada.

Bazkideak, herritarrak eta instituzioak
Kronikaren familiaren parte dira denak, baita noski Doberako bazkideak, irakurleak eta informazio iturri nagusi diren herritarrak ere. Gaurko 20garren urtemuga denen urtebetzea da.

Guztion laguntza gabe ezingo litzateke Kronika argitaratu eta gogoratu beharreko beste iragarleak eta laguntzaileak instituzioak dira. Hasieratik; Hernaniko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, eta proiektua Urumea bailarara zabaldu zenean Astigarragako Udala, Ereñotzuko Auzo Udala, Aranoko Udala eta Goizuetako Udala.

Denen artean gutxienez beste 20 urte ospatuko ditugulakoan eskerrak eta zorionak Kronika egiten laguntzen duten guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!