Kronika

Kronikak eta San Joanek 20 urte eskutik, mende berriko aurreneko txupinazo hartatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 23a, 00:00

2000 urteko ekainaren 23an argitaratu zen Hernaniko Kronikaren aurreneko alea, San Joan bezpera egunean. Jaiak ziren gai nagusia estreinako 'paper' hartan, eta Tiburtzio Odriozola eta Gazte Asanblada protagonista.

Gaur 20 urte ospatu ziren XXI. mendeko aurreneko San Joanak; eta gaur 20 urte hasi zuen bere ibilbidea Kronikak, San Joan egunaren bezperan. Ordutik, elkarrekin egin dute bidea, San Joan jaiek, Hernanik eta Kronikak. Hernaniarrentzat bezala, zita seinalatua izan dira festak, Kronikarentzat ere, eta urtero izan du zer ospatua, gainera, egun horietan.

Aurten, zeresanik ez: urteurren borobila, 20garrena. Festarik gabeko urteurrena izango da, ordea. Jendez betetako ekitaldirik gabekoa, kalejira alairik gabekoa... San Joanetako egun bereziak nola ospatu berrasmatzekoa, azken finean.

Blusak eta zapiak bezala kalera Kronika ere, San Joan bezperan

Ostirala zen 2000ko ekainaren 23 hura. Ezin egokiagoa, asteburua gainean, festak hasteko: gauean luzatzeko batere kezkarik gabe. Eta goizean goiz, herritarrek bezperatik prestatutako blusak eta zapiak bezala, kalera atera zen Kronika ere, aurreneko alearekin.

Estreinako bi orrialde haietan, bere testu eta argazkietan, San Joanak ziren protagonista, ezin zuen bestela izan. Dena San Joanetarako prest zegoela zioen aurreneko albisteak, eta segidan, jaietako omenduei elkarrizketa bana: txupinazoa bota behar zuen Tiburtzio Odriozolari eta Gazte Asanbladakoei.
Odriozolari buruzko lau datu esanguratsu bezain xelebre ageri ziren bere argazkiaren ondoan: 77 urte lehenago jaio zela Errepublika egunean; Patxi izenez zela ezagunagoa, aitaren izena hartuta; bonbero ez izana zuela frustrazioa; eta herrian egindako lanagatik jasoko zuela omenaldia. Jon semearekin ageri zen argazkian, eta testuan, Santa Agedako eta San Joan bezperako erronden berreskuratzaile izan zela: «Ohiturek herriak nahi duen bitartean jarraituko dute bizirik», zioen Tiburtziok, bertan.

Gazte Asanbladari dagokionez, omenaldiaren poza eta Olinpiaden arrakasta nabarmentzen ziren, eta esaldi bat: «Gure meritua? Egoera zailetan ere gogor eusten jakin izana».

Aurreneko Kronika haren atzeko aldean, berriz, Tilosetako txosnagunearen prestaketa zen ikusgai, eta baita esku pelotako albiste bat ere: Herriarteko Txapelketaren semifinalen joaneakoa jokatu behar zuen Hernanik, Soraluzen.

Ekainaren 23ko hura ez zen izan, dena den, Hernaniko Kronika goiburuarekin herritarrek eskuan hartu zuten aurreneko papera. Izan ere, bi aldiz gutxienez argitaratu zuten 0 alea, proba modura, aurretik: maiatzaren 28an, eta ekainaren 6an.

20 urtetako San Joanak, argazkitan

Gehiago edo gutxiago, aldatu egin da Kronika, 20 urte haue­tan; baina San Joanek toki berezia izan dute beti, eta argazki sorta zabal-zabala dauka gordeta Kronikak, urteroko jaiekin. Horietako batzuk bildu ditugu datozen orrialdeetan, urte bakoitzaren erakusgarri izateko. Aurreneko bi urteetakoak, zoritxarrez, paperean argitaratu bezala aurkitu ditugu soilik, txuri-beltzean. Urte batzuk badituz­tela erakusten du behintzat! 

 

 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!