Sagardoa

Zapiain sagardotegi astigartarrak irabazi du Gipuzkoako 19. Sagardo Lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 21a, 00:00
Zapiainek saria jaso zuen Markel Olanoren eskutik.

Txapelketaren helburua bertako sagarrarekin egindako sagardoa saritzea da; aurtengoan, 27 sagardogilek hartu dute parte eta 12 sagardotegi hernaniar eta astigartarrek lortu dituzte urrea, zilarra eta brontzea.

Astigarragako Zapiain sagardotegia izan da  Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen 19garren Sagardo Lehiaketaren irabazlea. 17 sailkatuen artean gailendu da eta epaimahaiak sagardoetxe honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri ditu balioan.
19garren edizioa honetan, azpimarratzekoa da parte hartzaile kopurua nabarmenki igo dela. Lurralde historikoko 27 sagardogile lehiatu dira eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea 72 puntutik gora, zilarra 65 eta 72 puntu artean, eta brontzea 60 eta 65 puntu artean. Jarraian, urre kategoria lortu duten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin da eta txapelduna aukeratu da. 60 puntuko minimoa lortu ez duten sagardotegiak dominarik gabe geratu dira, eta txapelduna berriz, bigarren dastatze-fasean aukeratu da, urrezko kalifikazioa lortu duten sagardotegi horien artean.

Hernani eta Astigarragako sagardotegi askok urrea, zilarra eta brontzea lortu dute
Hori horrela, Sagardo Lehiaketako 2020ko edizioan 17 izan dira 60 puntutik gora lortu dituzten sagardoetxeak: brontzezko kalifikazioa lortu du Petritegi sagardotegiak. Zilarrezkoa Iparragirre, Oiharte, Alorrenea, Gurutzeta eta Etxeberria sagardotegiek. Eta  urrezkoa, berriz, Itxasburu, Gartziategi, Akarregi, Urdaira, Isastegi, Zapiain, Izeta, Altzueta, Lizeaga, Aburuza eta Zelaia sagardotegiek. 
Txapeldunetan txapeldun, ordea, Zapiain sagardoetxea gailendu da. 
Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!