Udan ere, sagardo freskoa dastatzeko aukera emango dute, Hernani eta Astigarragako hainbat sagardotegik

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00

Alarma egoera medio, txotx garaia bertan behera gelditu zen. Hala ere, Urumea bailarako sagardotegi askok, udan ere ateak irekiko dituztela jakinarazi dute, San Joan jaiak aprobetxatuz.

Covid-19aren eraginez, txotx garaia bertan behera gelditu zen, aglomerazioak saihesteko eta denon segurtsuna bermatzeko asmoarekin. Hala ere, konfinamendu garaia pasata, askok ez dute aukera izan Urumea bailarako sagardoaz gozatzeko. Hori dela eta, uda partean, sagardotegiek euren ateak irekiko dituzte, sagardo goxo eta menu freskoez gozatzeko. Sagardotegi askorentzat, berria da udako irekiera, izan ere, «txotx garaian irekitzen dute soilik», eta hauek dira, berrikuntza honetarako apustua egin dutenak: Olaizola, Itxas-buru eta Altzueta.

Aitzindariak, udan
Beste sagardotegi batzuentzat, ez da hain berria udan irekitzea, urte osoan irekita daudenak ere badaude eta. Hala nola, Petritegi eta Ipintza. Iparragirrek, aldiz, 2015etatik irekitzen ditu ateak uda partean, «giro ona eta eguraldi ederra, aitzaki aproposa sagardotegia irekita edukitzeko».

 

ITXAS-BURU

«Sagardotegira etortzeko aitzakia ederra:
San Joanak eta uda»

Ekainaren 4tik darama Itxas-buruk irekita, eta aurten lehengo aldia da, San Joanetan eta uda partean sagardotegia irekiko dutena.

Duela 16 egun ireki zuten Itxas-buru Sagardotegia, eta aurten lehenengo aldia da udari begira irekitzen dutena. Jakinarazi dute, jendea asteburuetan animatu dela oraingoz,  «askok ezin izan baitute sagardotegirik egin alarma egoerak debekatuta».

Gainera, ate joka ditugu San Joan jaiak, eta ohiko moduan ezin ospatu arren, Itxas-buruk, sagardotegira bertaratzeko deia egiten du, herriko jaiak ospatzeko aitzakiarekin.

Ordutegiari dagokinez, ostegun gauean irekitzen da, eta igande eguerdira arte mantenduko dute irekita, beraz, ostiral eta larunbatetan, «bazkari zein afariak egiteko aukera» eskaintzen du Itxas-buruk.

Beharrezko segurtasun neurriekin ari dira lanean sagardotegian, segurtasuna bermatze aldera, hori horrela txotxa, «txandaka ari gara, mahaika».

Ohiko menuaz gain, eska­intzen  da; tomate entsalada, esparragoa...  Betiko menuaren prezioak jarraitzen du «gehigarririk ez bada eskatzen».

 

ALTZUETA

«San Joan jaiak ospatzeko, ordutegi zabalagoa
eskainiko dugu»

Atzo ireki zen Altzueta Sagardotegia. Udan irekita egongo da «sagardo freskoaz gozatzeko eta menu berriak dastatzeko» aukera eskainiz.

Atzo izan zen Altzueta Sagardotegiaren irekiera, eta aurreikuspen positiboak dituztela jakinarazi dute, «erreserba batzuk badauzkagu, egia esan, ondo joango dela ematen du». Lehenengoz irekiko dute sagardotegia uda aldera, eta gainera San Joanak datozela aprobetxatuz, «ordutegi zabalago bat izango dugu, herri festak direlako».

Astean zehar, irekita egongo da sagardotegia, «asteazken eta ostegun gauetan afariak emateko asmoa daukagu», eta ostiral eta larunbat eguerdi eta gauetan egongo da irekita. Igandeetan, aldiz, itxita mantenduko da. Udako irekiera honek, irailaren 12ra arte iraungo duela azaldu dute.

Altzuetak ere, neurri prebentiboak hartu ditu lanerako, egoerak hala eskatuta. Langileek maskarilak erabiltzen dituzte, gel desinfektanteak ere badaude, mahaien arteko distantzia «minimo 2 metrokoa da». 

Sagardotegiko betiko menua eskaintzeaz gain, menu berri bat jarri dute aukeran: tomate entsalada bentreskarekin, urdaiazpiko tortila, txipiroi begi-haundia parrilan, hegaluzea parrilan, legatza saltsan, eta postrea sagar tarta edo izkozki artisaua.

Altzuetakoek, gaineratu dute, jendeak aukera edukiko duela nahi duen menua osatzeko eta nahi eran moldatzeko, «nahi dugu jendeak gustura jatea, norberak bere menua diseinatu dezake, dauzkagun produktuekin badira».

 

OLAIZOLA

«Txotxa txandaka egingo dugu, segurtasunagatik»

Lehenengoz ireki ditu ateak Olaizola Sagardotegiak udari begira, eta abuztu amaierara arte egongo da irekita.

Lehenengo urtea da Olaizola Sagardotegiak, udan ateak irekiko dituena. Aurreko astean ireki zuten, eta sagardotegikoek jakinarazi dute «oso gustora» hasi direla, «poliki eta jende kopurua jaitsita, baina gustora».

Sagardotegia, ostegunetik igandera arte egongo da irekita, ordutegi honetan; osteguna 20:30etatik aurrera, ostiral eta larunbatetan eguerdiko 13:30etatik aurrera eta gaueko 20:30etatik aurrera; eta igandeetan bazkariak egiteko egongo da irekita, 13:30etan hasita.

Koronabirusaren egoerak, denon egunerokotasuna aldatu du, eta sagardotegiena ere, izan ere, 70 bat lagun sartzeko kapazitatea du orain Olaizolak, «segurtasunagatik», eta langileak neurri prebentiboak erabiltzen dituzte lanerako, maskarilak, gelak...

Txotxa, mahaika egiten dute Olaizolan, masikifazioak sahiesteko «txandaka egiten dugu». Hala ere, gehiena botilan entregatzen dutela aipatu dute, menu freskoarekin batera.

 

IPARRAGIRRE

Urte honetan, bosgarren aldiz irekiko ditu ateak Iparragirre Sagardotegiak udari begira

2015garren urtetik darama Iparragirrek, udan ere sagardoaz, sagardotegiko menuaz, eta bertako produktuekin egindako kartaz gozatzeko aukera ematen.  Barruko jantokiaz gain, terraza ere badu, eta udazken arte izango ditu ateak irekita.

Bost urte daramatza Iparragirrek udan ere sagardoa dastatzeko aukera ematen, «guretzat ez da berria hau, izan ere, tenporadaz kanpo irekitzen dugu urtero».

Gainera, jakinarazi dute, bertako produktuez egindako menuak eskaintzen dituztela, «plateretara doan haragi guztia Eusko Labela da, gainera, Hernaniko produktuak erabiltzen ditugu, zertifikatuak. Gazta Idiazabal erabiltzen dugu, sagardo ekologikoa ere badaukagu, botiletan ere hala eskaintzen dugu, eta mustioa ere ekologikoa da».

Ordutegiari dagokionez, ostiral eguerditik, igande eguerdira arte da, eta ostegun gauetan afaltzeko, enkarguz egin behar da.

Hilabete honetan, igandeetan, goizeko 11:00etan, hamaiketakoak eskaintzen dira, terrazan.

Guztira, 100 bat laguneko kapazitatea du orain sagardotegiak, egungo egoera dela eta. Prebentzio neurri gisa, ez da txotxik egiten, «aurten botilan bakarrik eskainiko dugu sagardoa, bezeroen segurtasuna bermatzeko. Hala ere, esan beharra dut aukera anitza daukagula botiletan ere». Horrez gain, langileak maskarilak eramaten dituzte, eta gel desinfektanteak jarri dituzte sagardotegiko sarrera zein irteeran. «Komunak aldiro desinfektatzen ditugu, eta mahaien arteko distantzia 2 metrokoa mantenduko dugu».

Menu begetariano, begano zein haurrentzako menuak ere egiten ditu Iparragirrek, eta «zeliakoentzat ere egokituta dago sagardotegiko menua». Orain arte, udako irekieretan, bisita gidatuak egiten zituzten, eta aurten ez dute horrelakorik antolatu, «gehienbat herritar eta bezeroen segurtasuna garrantzitsua iruditzen zaigulako».

Sagardotegiko menua, 34-35 eurokoa da, eta gainontzeko menuak 13 eurotik 22ra bitartekoak dira. Iparragirrek gehitu du kafeteria zerbitzua ere badutela «kafeak, konbinatuak... egiten ditugu».   

 

IPINTZA

«Udan egiten ditugun menuez gain,
plater berri bat eskainiko dugu»

Ipintza Sagardotegiak urte osoan zehar ditu ateak irekita, sagardotegiko ohiko menuaz gain, mota ezberdinetako menuak eskaintzen ditu.

Urte osoan zehar dago irekita Astigarragako Ipintza Sagardotegia, beraz uda honetako irekiera «ez da berria» haientzat.

Datorren asteartean, irekiko ditu ateak Ipintzak, eta udako menuez gozatzeko aukera egongo da. Ordutegiari dagokionez, asteazkenetik larunbatera bitartean afariak emango dira, eta bazkariak berriz, larunbat eta igandeetan emango dira.

Ipintzak urtero eskaintzen ditu udako menuak, baina aurten plater berri bat gehitu dute kartara, Nuggetsak.

Txotxa egingo da, baina «txandaka, segurtasun neurriak hartuko ditugulako». Gainera, langileak maskarilekin egingo dute lan, gel desinfektanteak egongo dira sarreran, eta sartzerako garaian «alfonbra berezi bat jarri dugu».

Menuen prezioak antzerakoak izango dira, «udako menuak apur bat igoko dira», baina orokorrean nahiko antzekoak izango dira.

 

PETRITEGI

Udako menu berria eskaintzen du Petritegi Sagardotegiak:
«freskoa eta goxoa»

Maiatzaren 30ean ireki zituen lehenengoz ateak Petritegi Sagardotegiak alarma egoera ezarriz geroztik. Hala ere, uda partean irekitzeko «ohituta» daudela jakinarazi dute sagardotegikoek, eta abendura arte mantenduko dute irekita.

Maiatzaren 30ean ireki zen Petritegi Sagardotegia berriro, eta uda partean irekitzeari dagokinez, «esperientzia» daukatela esan daiteke, «guretzat ez delako berria udan irekitzea». Gainera, denbora luze batez iraungo dute irekita, «abendura arte edukiko ditu ateak irekita Petritegik, abendu osoa egingo dugu, jai egunak kenduta».

Astean zehar ere irekita egongo da, izan ere, asteartetik igandera bitarte eskainiko dituzte menuak eta sagardoa dastatzeko aukera, «hau ekainean izango da, uztailean aldaketak etorriko dira». Beraz, bazkarietarako eguerdiko 13:00etatik 15:00etara izango da ordutegia, eta afarietarako 20:00etatik 22:00etara.

Petritegik espazioz «kapazitate haundia daukagu, baina egoera ikusita, 180 bat lagun sartu daitezke». Sarbideak erraztu dituzte, «sagardotegira sartzeko ate bakarra jarri dugu, eta ateratzeko beste bat». Gel desinfektanteak ere nonahi topa daitezke, eta prebentzio neurri zorrotzak hartu dituzte lanerako. Txotxa eremugatu egin dute, «txandaka joango dira, eta behin bakarrik izango dute aukera».

Udari begira, menu berri bat sortu dute: entsalada, tortila, aukeran txuleta edo  legatza parrilan eta postrea. «Zerbait freskoa sartu nahi genuen udarari begira». Aipatutako udako menu honek, 27 euro balio ditu, eta gainontzean, «32 eta 40 euroko menuak daude aukeran».

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!