Lurdes Barragan Merce

«Krisi honen kudeaketan lehentasun gehiago izan du politikak osasunak baino»

Arremanitz kooperatiba, Hernani erotizatzen eta tratu onean murgiltzen 2020ko ekainaren 20a

Osakidetzako langile eta feminista izanik, zure ustez zerk izan du lehentasuna larrialdi egoeran?

Krisi honen kudeaketan lehentasun gehiago izan du politikak osasunak baino, eta gaur egun ere hala da. Jendartearen eskubideak mugatzeko edozerk balio du baino Kapitalari ez zaio mugarik jarri. Osasungitzaren ikuspegia duen lidergorik ez dugu izan; politikari liberalak aldiz, soberan.
Era berean, balio gehiago eman zaio industriari zaintzei baino eta nola ez, generoari loturik dago.  Esan genezake zaintzen figura “ama” dela eta industriarena “aita”; zaintzari txaloak eta sinbolismoa eskeini zaizkio eta industriari materiala eta lehentasun guztia.

Horren ondorioak oso argiak izan dira. Berehalako erantzun sanitarioa emateko beharra ikusi genuenetik agerian geratu dira osasun sistemak dituen gabeziak: prebentzioan, asistentzian, baliabideetan… Horren ondorio dira horrenbeste salatu dugun babes materialaren falta. Eta ordea, hauteskundeetan bozkak zenbatzeko osasun langileak baino babestuagoak egongo gara. Gauza bera langileen baldintzekin, gaur egun kontratu ebentualuak %35 baino gehiago dira, ez dago eskubiderik. Lehentasuna ez dira bizitzak izan, hori argi dago.

Konfinamenduan zehar, ze neurri har zitezkeen beharrezko zaintzak bermatzeko?

Ospitaleetako arretan zentratu da eta gainerako guztia prekarizatu. Lehen Arretarekin (anbulategi eta osasun zentroekin) gertatu den bezala,  urteetako  joerarekin jarraituz, baliogabetu egin dituzte. Horren ondorioz, ez gara iritsi beharrezkoa zen osasun arreta guztia ematera: koronabirusa ez ziren beste gaixotasunei ez zaie jaramonik egin eta covid-arekin larriki gaixorik egon gabe ezta ere. Beste neurri batzuk ere har zitezkeen, hala nola,  gaixoak norbaitekin egon ahal izatea, familiak haien kideetaz despeditu ahal izatea…

Osasungintzaren funtsa ez da gaixoak sendatzea bakarrik, jendea ez gaixotzea ere bada: garraio publikoan jende pilaketarik ez egotea da, etxeetan itxita egoteak dituen kalteei arreta jartzea da, publikoa dena ez murriztea eta abar luze bat.

Eta ez hori bakarrik, Osasun zentruak, Gizarte Zerbitzuak eta gai honekin lan egiten duten kolektiboek koordinatuta lan egin beharko lukete. Zerbitzu hauetan artatzen diren pertsona askok beste zerbitzuen beharra ere izan dezakete eta lotura hori prefesionalek egin beharko lukete, modu sistematizatuan.

Hainbat eta hainbat bizitzetan ondorio larriak eman dira, zeintzuk iruditzen zaizkizu asaldagarriak?

Buf, horren beste izan dira! Komunikabideak gertatutakoa apain­tzen saiatu diren arren, ikus­tear daude oraindik itxialdiak izan dituen ondorio guztiak.
Asko larritzen nau etxeetako zaintza egoera pertsonal bat balitz bezala ikustarazi dela eta ez arazo kolektibo gisa. Emakumea zaintza lanetara itzularazi dute, generoarengatik eta “ustezko debozio” horrengatik. Eta hori gutxi balitz, osasun krisi honetan egindako lana ez zaio onartu eta telelana eta zaintzen arteko kontziliazioa ezinezkoa den garai honetan, badirudi emakumearen errua dela ezin iritsi ahal izatea. Indarkeria matxistak ez dira gelditu, eraldatu egin dira. Sostengu ziren guneak desagertu ziren (eskolak, lagunak, elkarteak, instituzioak, anbulategiak…) eta larrialdietarako sortu diren zerbitzuak oso zailak izan dira aurrera eramaten.

Eta beste alde batetik, ikusi beharko dugu nola antzeman zein izan den kolektibo zaurgarrienetan egon diren eraginak eta nola laburtu horrenbeste zabaldu den arrakala ekonomikoa.

Zertan asmatu dugu Hernanin?

Oraindik behartuak ez ginenean taberna eta sagardotegiak ixten asmatu genuen. Aipamen berezia egin behar zaie Zaintza Sarea, Hernani Solidarioa eta Amher-i. Elkarteen lana asko konplikatu bada ere aurrera jarraitu dute. Herri solidarioa garela islatzen du, bitzitza duinak aldarrikatzen dituena eta gaur egun, inoiz baino gehiago, frogatzen duena ezin dela aurrera atera zaintzarik gabe.
 
Eta nola ez, Adinekoen Egoitzan egin den kudeaketak denon miresmena merezi du. Oso lan txukuna eta zaindua izan da eta ez dute kutsatutako egoiliar bat bera ere izan.

Zer dago egiteke oraindik?

Iragana eta etorkizuna berplanteatzeko eta aztertzeko aukera ekarri digu krisi honek. Nere ustez oso garrantzitsua da sarean lan egitea eta egoera honetan erabili ditugun baliabideetatik  ikasi beharko genuke. Adibidez, Udal zerbitzuek eta komunitateko bolondresek, zaurgarrienetan jarri duten  arreta eta hauen egoeraren jarraipena egitea izan dira erantzunik egokienak eta hau politika publikoetan txertatu beharko litzateke.  

Eta noski, onartezina litzateke berriro ere gaixotasunak gorakada egingo balu plan integral bat edukiko ez bagenu. Hala ere, plan horrek ikuspegi unibertsala eta feminista izan beharko lukeela uste dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!