Erremontea

«Dauzkagun minak txikiak dira, jokatzeko ilusioa haundia delako»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00
Endika Barrenetxea, Oihane Mateos, Xabier Gonzalez eta Kike Elizalde, txapelketaren aurkezpenean, ostegunean.

Galarretaren 50garren urteurreneko txapelketa hasiko da gaur, lau bikoterekin, eta harmailetan %60ko aforoa hartuta. 16:00etan izango da.

Ospakizun giroan egingo dute kantxara buelta gaur, Galarretan, erremontistek. Ez bakarrik lehian arituko direlako martxotik aurrenekoz; baita ere urteurren borobila daukatelako ospatzeko. Eta horretara bideratu dute, aurreneko torneoa: Galarretaren 50garren urteurreneko txapelketa hasiko da gaur bertan, arratsaldeko 16:00etan.
«Elkartu zaigu urteurrenaren poza, etenaldiaren tristurarekin. Baina txapelketak ilusioa egiten du, frontoia berriro martxan ikusteak», nabarmendu zu­en Kike Elizalde intendente­ak, osteguneko aurkezpenean.

Barrenetxea eta Zubiri, partehartzaileen artean
Binakako txapelketa izango da, eta lau bikote ariko dira lehian.Horien artean daude, Endika Barrenetxea hernaniarra, Goiko­etxea Vrekin; eta Aritz Zubiri goi­zuetarra, Urrizarekin. Gainerako bi bikoteak, osatuko dituzte Ansa IIk eta Larrañagak, eta Juaneneak eta Endikak.
35 tantora izango dira partiduak, «abiadura eta ikusgarritasuna haunditzeko»; eta ligaxkan ekingo diote, bikote guztiek guztien kontra jokatuta. Partidua irabazten duenak, lau puntu lortuko ditu; eta galtzaileak egindako tantoen arabera: 32-34 eginez gero, bi puntu; 29-31 eginda, puntu bakarra; eta 19 tanto edo gutxiago eginda, puntu bat kenduko zaio.
Ligaxkako bikote onena, finalera sailkatuko da zuzenean, eta bigarrenak eta hirugarrenak jokatuko dute semifinala, beste txartela lortzeko.

%60ko aforoa, maskarilarekin
Erremontistek ez ezik, zaleek ere izango dute aukera, frontoira joateko. Izan ere, %60ko aforoa hartuko du Galarretak, gehienez 300 lagun. Maskarilarekin joan beharko dute denek, eta eskuak garbitu. Gainera, ezingo da zutik egon partiduan zehar; eserita beti. Xabier Gonzalez gerenteak jakinarazi zuen, gainera, jaialdien hurrengo egunean desinfektatuko dutela dena.
Eta frontoian bertan bakarrik ez, telebistan ere jarraitu ahal izango da txapelketa. Izan ere, 16:00etan hasita, jaialdiko aurreneko bi partiduak zuzenean emango ditu ETB1ek. Gaurko biak, honakoak: Urriza-Zubiri eta Juanenea-Endika; eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Ansa II-Larrañaga. Ekainaren 27an eta uztailaren 4an izango dira ligaxkako beste partiduak; uztailaren 11n semifinala; eta 18an final haundia.
Endika Barrenetxeak adierazi zuen, «sasoi onean» daudela, txapelketari ekiteko: «aurreneko asteetan izan genituen tendoietan minak  eta hanketan molestiak; baina orain indartsu gaude. Dauzkagun minak txikiak dira, jokatzeko ilusioa haundia delako».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!