Euskal Sagardoko kide diren Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako sagardogileen produktua ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan zen, Chillida Lekun egindako aurkezpenean. Aurkeztutako 60 botilak, «%100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak» dira, adierazi dute.
Euskal Sagardoaren koordinatzaile den Unai Agirrerekin batera, sagardo munduarekin lotura eta interesa duten beste hainbestek hartu zuten hitza, prentsaurrekoan. Horien artean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordeak, sagardogilea eta Euskal Sagardoa jatorri-deiturako lehendakariak eta lehendakari ordeak, eta zuzendaritzako zenbait kideek. Sagardoa Routeko koordinatzaileak ere hitza hartu zuen, aurkezpenean. Gainera, bertan izan ziren Hernaniko alkatea den Xabier Lertxundi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria.
«Uzta haundia izan da, kopuruan, 2019koa»
Aurkeztutako sagardo guztiak, 250 sagargileren sagarrekin eginak izan dira. Gainera, uzta haundia izan dela azpimarratu dute; 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira 5,5 milioi kilo sagarrekin. «Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta», esan dute. Ahoan «arinagoak» dira, eta «alkohol graduazio baxuagokoak, orokorrean».
Hala ere, argi utzi dute sagardotegi eta sagardo bakoitza «mundu bat» dela, bakoitzak bere ezaugarriak eta gustu pertsonalak dituelako. Horretarako, Mikel Garaizabal sommelierrak gidatuta, bertaratu ziren guztiek sagardoa probatzeko aukera izan zuten. Horrez gain, berrikuntza gisa Euskal Sagardoaren lehen katalogoa aurkeztu zuten, sagardotegi bakoitzaren informazioa eta sagardo bakoitzaren ezaugarriak jasotzen dituena. Euskal Sagardo guztiak biltzen dira bertan, xehetasunez, eta gainerako oinarrizko informazioa ere bai. «Katalogo bizia» da, diote, «urtez urte eta uztaz uzta aldatzen joango dena». Online dago eskuragarri ondorengo helbidean: https://euskalsagardoa.eus/katalogoa/. Modu honetan, errazagoa izango da sagardogile bakoitzaren perfila zein den ezagutzea.
Ibilbide luzea, Euskal Sagardoarena
2016ko uztarekin sortu zen eta urte guzti hauetan «ibilbide luzea» egin du, «bai sagastien eta produktuaren kalitateari begira eta baita merkaturatzeari begira ere». Lehen urteetan «distribuzio antolatuan» posizionatzeko lanak eman zituen fruituak, eta gaur egun buru belarri ari da lanean HORECA kanalean posizio ona lortzeko.
Diote, horri begira egin dela 2020ko plangintza eta, «etorri denak urteko promozioa apur bat geldiarazi badu ere», lanari berriz ere ekin diotela azpimarratu dute. Gainera, dibertsifikazioan ere lan haundia egiten ari da sektorea: «Euskal Sagardo gamak, formatu berriak eta Euskal Sagardotik abiatutako produktu berriak bultzatuz».
Sagastietan ere enfasia ipintzen ari dira, «sagardotegietako lan guztia sagastietan hasten baita». Adierazi dute, «kalitatezko lehengaiak» ematen duela «kalitatezko poduktua egiteko aukera». Jatorri-deitura «urtetako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua» dela nabarmendu dute sustatzaileek. Elkar lanean aritzen dira gaur egun proiketua aurrera eramatea erabaki zutenek; erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute.