Udarako tenporak pasa den astean izan ziren. Mendokeste egunaren ondorengo asteko asteazkena, ostirala eta larunbata hartzen dira kontuan iragarpen meteorologikoa egiteko. Egun horietan egiten duen eguraldia behatzen da. Kontuan hartu behar dira, euria edo eguzkia bezalako meteoroak baino gehiago, haizearen norabidea, zeruaren estaltzea, eta fenomeno fenologikoak ere kontuan har daitezke (hau da, eguraldiaren arabera animaliei eta landareei eragiten dietenak). Hortik aurrera, iragarpena modu ezberdinean egiten da eremuen arabera.
Bi iragarpen-metodo ohikoenak haizean oinarritua eta tenporen egun bakoitzaren behaketa independentean oinarritua dira. Haizean oinarritua jarraitzen bada, tenporen ondorengo urtaroak bere tenporetan nagusi izan den haizea izango du nagusi.
Nagusi den haizeak eremu bakoitzean duen eraginaren arabera, hori izango da urtaroan egingo duen eguraldia, oro har. Eta horri erreparatuz gero datorren udan eguraldi goibela eta ipar mendebaldea nagusi den giro haizetsua egingo du. Gurean horrek euria, giro nahasia eta tenperaturen aldetik freskoa ekartzen du.
Tenporen hiru egunek hilabete bakoitzean egingo duena behatzen du
Tenporen egun bakoitzaren behaketa independentean oinarrituaren arabera, egun bakoitzean egiten duen tenporen denbora behatuko dugu. Hurrengo urtaroko hilabete bakoitzak tenpora-egun bakoitzaren denbora bera izango du.
Uztaila euritsua egingo du eta ez bero eta ez hotz
Honela, ekainaren 3an, asteazkenean egin zuen eguraldia ikusi beharko da uztailean egingo duen eguraldia jakin nahi bada. Eta zer eguraldi egin zuen ekainaren 3an? Egun horretan giro hezea egin zuen, euria izan zen nagusi ia egun guztian zehar Euskal Herria osoan, eta tenperatura epela izan zen. Ez zuen ez bero eta ez hotz haundirik egin. Beraz esan liteke, tenporen arabera, uztaila euritsua egingo duela eta lainoa izango dela nagusi.
Abuztua lehorragoa, baino oso haizetsua eta ez du berorik egingo orokorrean
Behatu behar den bigarren eguna ostirala izaten da, abuztuan zer giro egingo duen jakiteko. Aurten ekainaren 5ean egin zuen eguraldia. Eta nolako joera ikusi zen ekainaren 5ean? Haizea asko indartu zen mendebaldetik. Hori bai, euririk ez zuen apenas egin, zerbait goizaldean, eta arratsaldean urdinguneak zabaldu ziren.
Tenperatura aldetik ez zuen hotz haundirik egin, baina berorik ere ez. Abuztua izaten da hilabeterik beroena, baina tenporak jarraituz gero ez da maiatzan izan duguna baino beroagoa izango. Uztaila baino lehorragoa izango da, baina euria eta lainoa ere izango dira.
Irailean berriz ere euria, hotzagoa eta haize aldakorra
Udako tenporen hirugarren eguna ekainaren 6a, mendekoste eguna ondorengo larunbata, eta egun horretan berriz ere lainoa izan zen nagusi. Zeruan eguzkirik ez zen ikusi eta arratsaldean euria hasi zuen eta tenperaturak behera egin zuten. Gainera, haizea iparretik eta mendebaldetik ibili zen indartsu eta ekialdeko ikutua ere izan zuen, aldakorra izan zen.
Horrek esan nahi du, irailean haizea aldakor ibiliko dela, hilabete argitsua ez dela izango, euria egingo duela nahiz eta ez izan euri askorik eta tenperatura aldetik, orokorrean, fresko epeletik gehiago izango du berotik baino.
Aipagarria da tenporen hiru egunetan hego haizearen arrastorik ez dela izan eta beraz ez da espero hego haizearen protagonismorik aurtengo udaran. Iparra eta mendebala izango dira nagusi eta hezetasuna, lainoak eta tenperatura epelak, ez hotz eta ez bero, izango dugu 2020 berezi hobetuko udaran. Predikzio guzti hauek tenporen arabera dira, eta jakina da kritika ugari ere jasotzen dutela zientziaren ikuspuntutik. Tenporek ez dute zentzurik eguraldiari buruzko iragarpenak egiteko orduan zientziaren ikuspuntu horretatik.
Udazkeneko tenporak irailaren 14aren ondorengo asteazkena, ostirala eta larunbata dira, Gurutze Santuaren goraipamen eguna, aurten irailak 16, 18 eta 19.