Futbola

«Geratzen diren hamaika partiduetan garrantzitsuena atsedena eta elikadura dira»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 13a, 00:00

Gorka Kijera Anoetan, Realaren aurkako Kopako partiduan.

Gorka Kijera futbolari hernaniarrak bihar ekingo dio berriz ere Bigarren Mailako denboraldiari Mirandesekin. Hiru hilabete egon da txapelketa geldirik eta hilabete daramate jokalariek entrenatzen. «Sentsazio arraroak izan ditut itzulera honekin».

Gorka Kijera hernaniarra Mirandes taldeko kapitaina da eta hiru hilabete geldirik egon ondoren, Bigarren Mailaren 2019/2020 denboraldiari berriro ekingo dio bere taldearekin. Futbola hemen da eta itzulera nolakoa izan den eta nolakoa izango den aztertzen dio Kronikari Kijerak. 
Aurredenboraldi moduko bat egin behar izan dute azken lau astetan. Sentsazioak aurredenboraldi normal batekin alderatuz oso desberdinak direla dio hernaniarrak. «Arraroa izan da itzulera. Nik pentsatzen nuen berriz ere aurredenboraldi bat egin beharko genuela, esfortzu haundirekin eta etxera nekatuta itzuliz, baina desberdina izan da. Eremu ezezagun batean sartu garenaren sentsazioa dut. Ez zait iruditu aurredenboraldi gogorra izan denik. Egia esan, ez dakit fisikoki nola iritsiko garen. Gaur egun dagoen teknologiarekin hori oso neurtua dago, baina aurredenboraldi baten amaieran orain baino nekatuagoa egoten naiz».

Entrenamenduak ez zituzten taldean hasi. Pixkanaka elkartu dira eta «taldean denak batera aritu edo indibidualki eta talde txikitan aritu oso desberdina da. Oso arraroa izan da eta nik uste dena inkognita bat izango dela, bai fisikoki nola egongo garen eta bai txapelketa nondik joan daitekeen». 

«Lesio gehiago egongo dira eta horrek kezka sortzen du»

Hori bai, kezka sortu duena lesioen arriskua izan da. «Alemanian gertatu dena ikusita eta aurretik badakigu lesio gehiago egongo direla. Hori asimilatua daukagu. Gehiago zaindu beharko dugu, atseden gehiago hartu,  janaria gehiago zaindu...». 

Entrenamenduak ere aldatu ditute azken hilabetean. «Aurreneko  hamar egunetan saioak bakarrik egin genituen. Gauza desberdinak lantzen dira, bakarrik baloi gabe entrenatzen duzu eta fisikoagoa da. Dena desberdina da. Normaltasuna kostata iritsi da, lehendabiziko hiru aste pasa eta gero. Elkarrekin talde osoak hamar egun egin ditugu entrenatzen eta motza egin zait azken hilabetea. Garrantzitsua forman iristea eta lesioak saihestea da».

Bakarrik gehiago entrenatzeak lesioak izateko aukera haunditu egiten du Kijeraren esanetan. «Taldean esfortzua explosiboago da, erritmo eta norabide aldaketak, aurkari bat duzu aurrean eta gehiago estutzen da. Horrek denak lesioak edukitzeko aukerak gehitzen ditu. Normalean udaran bost asteko atsedenaldia izaten dugu eta sei asteko aurredenboraldia. Kasu honetan bi hilabete egon gara geldirik eta hilabete bat izan dugu entrenatzeko. Hortaz, atseden gehiago eta aurredenboraldi motzagoa izan dira. Fisioarekin hitz egin dut eta lesioak gora egingo dutela asimilatuta eta argi dugu».

Hori saihesteko garrantzi gehiago emango diote talde guztiek errekuperazioari, hidratazioari eta janaria zaintzeari. 


Hiru egunetik behin partiduak, eta lehendabiziko hamar egunetan lau

«Hiru gauza horiek garrantzitsuak izango dira. Entrenamendua bera baino garrantzitsuagoa izango da entrenamendu ikusezina esaten zaiona eta gero ere kontuan hartu behar da hiru egunetik behin partiduak jokatuko ditugula. Hamaika partidu izango dira hilabete pasatxon. Datozen hamar egunetan guk lau partidu jokatuko ditugu. Gu ez gaude horretara ohituta. Nekea etorriko zaigu. Ezin garrantzitsuagoa izango da errekuperazioa partiduetara ongi iristeko eta lesioak gutxitzeko».

Beroa ere kontuan hartu beharreko beste faktorea izango da. «Tenerifen, Las Palmasen, Albaceten, Almerian, Malagan, Elchen... zelai horietan bero asko egin dezake eta atsedenaldiak beharko ditugu ura edateko, bai lehenengo zatian eta baita bigarrengoan ere».

Seigarren postua edo aurretik geratzea dute helburu

Mirandes taldea zazpigarren postuan dago kokatuta eta azken hamaika partidu hauetan helburua sei aurrenekoetan sailkatzea da. Hirugarrenetik seigarren sailkatura arte igoerako playoff-a jokatzen baitute. Seigarren postua lau puntura dute. Kijerak esperantzak ditu igoera fasea jokatzeko. 

«Geratu zenean partidu asko jokatu genituen eta nekea pilatu genuen. Nik uste ongi etorri zaigula geldialdi hau taldea nekatuta zegoelako. Indarrak berreskuratzeko balio izan digu. Beste talde batzuei, ongi zeudenei, momentu txarrean iritsi zitzaien geldialdia eta gaizki zeudenentzako berriz hastea bezala da eta goraka begira jarriko dira». 

Mirandesen kasuan Kopako finalerdietara sartzeak esfortzu asko suposatu zien eta «gogorra izan zen eta indarberrituta ekingo diogu itzulerari. Lehengo maila ematen badugu, %100eko indarrarekin, seigarren postua posible da»

Bihar Numanciaren aurka, arratsaldeko 17:00etan

Denboraldiaren berrekite honetan aurreneko partidua bihar jokatuko du Kijerak. Numancia da aurkaria eta etxean jokatuko dute. «Aurkari zaila izango da. Lehenengo itzulian errepasoa eman ziguten. Gure helburu berdinak dituzte eta sailkapenean gertu daude (puntu gutxitan talde asko daude kokatuta). Guretzako Numancia eredu da, gure ibilbide antzekoa egin du azken urteetan, tamaina ia bereko hiriak dira eta egitura aldetik ere filosofia antzekoak ditugu».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!