Urteurren borobila izango dute gaur, Alkoholiko Anonimoek. 1935eko ekainaren 10ean sortu zen, Akron hirian, Ohion, Amerikako Estatu Batuetan. Mundu mailan ari dira ospatzen urteurrena, eta horrekin bat egin nahi izan du Hernaniko Alkoholiko Anonimoen Santa Barbara Taldeak. «Urte guzti hauetan, milioika lagunek lortu dute alkoholismoaren gaixotasuna etetea, Alkoholiko Anonimoen berreskuratze programari esker, erakundearen 12 tradizioekin indartuta», nabarmendu dute.
Akronen sortu zen taldetik abiatuta, milaka eta milaka talde osatu dira mundu osoan, eta 50eko eta 60ko hamarkadetan hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Hernaniko taldea, Santa Barbara izenekoa, 1968ko urriaren 15ean sortu zen; eta Gipuzkoan, 36 talde daude orain.
Talde horietan, «esperientzia pertsonalak partekatu» egiten dituzte, «guregana datorrenaren anonimotasuna gordeta, horretan oinarritzen baita errekuperazioa», azaldu dute.
«Alkoholismoa ez da bizioa, gaixotasuna da»
Santa Barbara Taldeak gogorarazi du, alkoholismoa ez dela «bizioa, gaixotasuna baizik: sendaezina, progresiboa eta heriotza eragiten duena, baina eten daitekeena». Eta azaldu dute, alkoholikoak bilatzen duena dela «edan gabe egotea, eta alkoholismoaren gaixotasuna daukaten beste pertsona batzuei laguntzea, haiek ere lortu dezaten ez edatea».
Nabarmendu dute, Alkoholiko Anonimoak ez dagoela lotuta inolako sektarekin, alderdi politikoekin edota instituzioekin. «Bazkideen aportazioekin bakarrik sostengatzen da, gure tradizioek hala eskatzen digutelako», azaldu dute.
Terapia saioak astean bitan, Sandiusterriko egoitzan
Sandiusterrin dauka egoitza Hernaniko Alkoholiko Anonimoen taldeak, eta bertan egiten dituzte terapia bilera itxiak, astean bitan: astelehen eta ostiraletan, 19:30etan hasita. Ostegunetan, errekuperazio programaren berri ematen dute, 19:00etan; eta asteazkenetan, alkoholikoen senide eta lagunekin egiten dituzte bilerak, 18:00etan.
Aurrenekoz gerturatzen dena, animatzen dute edan gabe mantentzeko prueba egitera, beraiek emandako aholkuak jarraituz; eta kontatzeko gero. «Bakoitza libre da onartzeko edo ez; guk ez dugu inor erreklutatzen, baina ateak zabalik izango ditugu beti, nahi dutenentzat».
Alkoholarekin arazoak dituela uste duenari, gomendatu diote haiekin harremanetan jartzea: 629 141 674 edo 943 33 11 03 (566 luzapena) telefonoetan, edo a.a.g.santabarbara@gmail.com helbide elektronikoan.