BABESTUTAKO EDUKIA

Musika

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 30a, 00:00

Musika belarrietan eramaten dut oinez ibiltzera joaten naizenean, erabat deskonektatu eta egunerokotasunetik isolatzeko aukera eskaintzen dit, eta hori da, normalean, ibilaldi horiekin bilatzen dudana. 

Gaur, ordea, ez dut musikarik eraman belarrietan. 
49 egunetan, astean behin erosketak egitera besterik ez naiz kalera irten, eta onartuko dizuet, grina biziz espero nuela gaurko goiza. 49 egun horietan, musika izan dut bidelagun eta sekula baino gehiago entzun dudala esango nuke (eta hori, astakeria bat da). Gaur, kalera atera eta entzungailuak poltsikotik atera ditudanean, musikarik nahi ez nuela konturatu naiz, hain justu, oraingo honetan, erabat deskonektatu eta egunerokotasunetik isolatzeko, musika etxean utzi behar nuelako. 
Gaur kalea behar nuen. Kalea, eta bere soinuak: aurreratu nauten autoak, ixten den kontainer bat, jendearen elkarrizketak, gurutzatzen dituzunen “aupa” itoak, haizeak mugitzen duen zuhaitz bat, txoriak, erreka, txori gehiago, zapaltzean belarrak ateratzen duen zarata, lokatza, airea… Muturren aurrean pareta puta bat ez izatea. Gaur ez nuen musikarik behar, gaur, kalea behar nuelako.

Mikel Alvarez Sarriegi 
BIRA Produkzioak

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!