Haurreskolak

Matrikula epea irekita dago, Haurreskoletan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 28a, 00:00
Haurreskolek 0 eta 2 urte arteko haurrak hartzen dituzte.

Ekainaren 8ra arte online egin daitezke matrikulak Hernanin eta Astigarragan. Ekainaren 1etik 8ra, aurrez aurre.

Irekita dago matrikula epea Haurreskoletan; bai Hernanikoan (Sagastialdeberri auzoan), eta baita Astigarragako Kiriketan (Nabarra Oñatz, 11) ere. Partzuergoak kudeatzen dituen Haurreskolak dira biak, eta 2019 eta 2020 urteetan jaiotako haurren guraso edo legezko tutoreek aukera daukate plaza eskatzeko, 0-2 urte arteko haurrak hartzen baitituzte. 
Oraingoa, ikasturtean zehar irekitzen diren hiru matrikula epeetan aurrenekoa da, ikasturtea irailean, urrian edo azaroan hasteko. Hurrengo matrikulazio epealdia, urriaren 1etik 9ra artekoa izango da, abenduan, urtarrilean edo otsailean hasteko, eta hirugarrena, urtarrilaren 7tik 13ra artekoa, martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean hasteko.

Online edo aurrez aurre
Matrikula online egiteko epea irekita dago, eta ekainaren 8ra arte egin ahal izango da, Haurreskolak Partzuergoko webgunean: www.haurreskolak.eus.
Aurrrez aurre ere egin ahal izango da matrikula Haurreskola bakoitzean, baina ekainaren 1etik 8rako tartean.

Zerrendak, uztailaren 28an
Matrikulazio epea ekainaren 8an bukatuko da, eta behin-behineko zerrendak ekainaren 30ean argitaratuko dira. Ondoren, erreklamazio eta subsanazio epea irekiko da, uztailaren 1etik 14ra. Epe horretan eskariari uko egiteko aukera ere izango da.
Erreklamazioek eta uko egiteek eragin ditzaketen aldaketak kontuan hartuta, behin betiko zerrendak uztailaren 28an argitaratuko dira, eta ikasturtea, dena ondo bidean, irailaren 4an hasiko da. Baina, dagoeneko jakinarazi dute COVID-19 gaitza dela-eta, hasiera data hau atzeratu daitekeela.

Hezkuntza prozesuan, funtsezko aldia
Matrikulazio kanpaina hasita, Hernaniko Udalak eskutitzak bidali ditu 0-2 urte arteko haurren etxeetara, horren berri emateko. Bertan, Oier Agirresarobe, Hezkuntzako zinegotziak adierazi du «haurren bizitzako funtsezko aldia» dela, 0-2 urte artekoa. «Bizitzaren une horietan garatzen dira hazkunde fisikoa, garapen psikomotorra, soziala eta intelektuala, eta horiei esker sendotzen ditu haurrak inguruarekiko eta beste pertsonekiko harremanak».
Helburu horiek guztiak jasotzen ditu Haurreskolako hezkuntza proiektuak, jolasa oinarri, eta prozesua gurasoekin elkarlanean garatuta. Denera, 126 plaza dauzka, eta haurrak 16 aste beteta izan behar ditu hasi ahal izateko. Irailetik uztailera egoten da irekita, 07:30etatik 17:00etara, baina haurrak, gehienez, 8 ordu egin ditzake bertan egunean. Kuotak, 8 edo 5 ordukoak dira.
Horrez gain, elikadura ere hezkutza proiektuan lehentasunezko gaia dela azpimarratu du zinegotziak, «elikadura hezitzailea eta osasuntsua bultzatzeko», eta horregatik, urteak dira Hernanin «gertuko elikagaiak eta garaian garaiko produktuak» erabilita osatzen direla menuak. Hilabete osoko bazkariengatik, 76,55 euro ordaintzen dira; meriendagatik, 17,28. Bazkari bakoitzagatik, berriz, 4,70 euro, eta merienda bakoitzagatik, 1,45. Dena den, zazpi hilabete bete arte, sukaldeko zerbitzua doan da, eta deskontuak badira bi edo hiru senide batera eramaten dituztenentzat eta familia bakoitzaren urteko diru-sarreren arabera. Hauek tramitatzeko, Udaleko Hezkuntza Sailera jo behar da: 943 33 70 41 edo hezkuntza@hernani.eus.
Zuzenean Haurreskolarekin harremanetan jartzeko, berriz, hernani.hernani@haurreskolak.eus helbidea edo 943 55 29 91 telefonoa erabili daitezke.

Kiriketa ezagutzeko, bideoa
Astigarragako Kiriketa Haurreskola ezagutzeko, bestalde, ate-irekiak egiten dira normalean. Aurten ezin denez, bideoa egin dute hezitzaileek. Harremanetan jartzeko, 943 57 34 64 telefonoa edo kiriketa.astigarraga@haurreskolak.eus.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!