Saria

'Txillardegi-Hausnartu' sarietara lanak aurkezteko epea ireki da

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 24a, 00:00

Sarien 13. edizioaren deialdia zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, irailaren 18ra arte.

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatzen duten Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietarako deialdia zabalik da. 
2008garren urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. 
Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. 
Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste. Beti ere oinarri zientifikoa izango dute edo zientzian oinarritutako hausnarketak izango dira. 

Txillardegiren omenez sortua egin zuen lanagatik
Txillardegi–Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista haundia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

2.000 euro, 1.300 euro eta 1.000 euroko sariak
2020ko deialdian lanak aurkezteko epemuga 2020ko irailaren 18a izango da eta honakoak izango dira irabazleentzat sariak: Lehen saria: 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat; Bigarren saria: 1.300 euro; Eta hirugarren saria: 1.000 euro.
Informazio osagarria, xehetasunak eta deialdiaren oinarriak: http://www.soziolinguistika.eus/txillardegi-hausnartu webgunean ikusi eta irakurri daitezke.. Lanak emailez bidaliko dira ondoko helbidera: txillardegihausnartu@soziolinguistika.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!