Aldundia

Foru Aldundiak 'Gipuzkoanatura' web berria abiarazi du

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 24a, 00:00

Informazio praktikoa eta eguneratua eskaintzen du parke naturalei, bide homologatuei eta ingurumen hezkuntzako jarduerei buruz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, Gipuzkoanatura webgune berria (www.gipuzkoanatura.eus) martxan dago. Helburu nagusia da herritarrei parke naturalei, bide homologatuei eta ingurumen hezkuntzako jarduerei buruzko informazio praktikoa eta eguneratua ematea. «Tresna oso bat da, eta, batez ere, lurraldean barneratzeko eta bertan dauden altxorrak ezagutzeko gonbidapen bat, naturaren, paisaiaren eta kulturaren ikuspuntutik». nabarmendu zuen Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Lehen begiratuan bidezidorrak
Lehen begiratuan,  erabiltzaileek bidezidorren bilatzaile bat aurkituko dute. Bidezidorrok Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak diseinatu eta inbentariatu ditu Gipuzkoako Mendi Federazioarekin lankidetzan. Ibilbide bakoitzaren maparekin batera, iraupenari, zailtasun mailari, distantziari eta gainerako xehetasunei buruzko informazioa ikus daiteke. Berrikuntza nagusietako bat da dagokion tracka ordenagailura edo GPSra jaisteko aukera eskaintzen dela, guztira 171 ibilbide desberdin, gehienak publiko guztientzat eskuragarriak. Izan ere, Gipuzkoan 1.500 km-ko bidezidor homologatu daude.

Bost parketxe daude
Halaber, webguneak Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatutako hezkuntza eta ingurumen aisialdiko jarduerei buruzko informazioa eskaintzen du, bai berrien atalean, bai agendan. Pandemiak iraun duen bitartean itxita egon diren parketxeetako zentroak dagoeneko prestatzen hasiak dira programazioak, ateak aurki irekitzeko asmotan. Gipuzkoan bost parketxe daude (Arditurri, Iturraran, Lizarrusti-Barandiaran, Anduetza eta Arantzazu), zehazki Oiartzunen, Aian, Ataunen, Zegaman eta Oñatin. Aldundiak bultzatzen duen fundazioan, bost udalerri horiek ere parte hartzen dute. Batez beste, 50.000 bisitari baino gehiago hartzen dira urtean. 

Natur parkeetan sartuta dago Aiako harria
Natura parkeak Gipuzkoako lurraldearen %15 baino gehiago dira. Natura parkeei eta biotopoei eskainitako atalean, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta, Aiako harria, Iñurritza, Deba-Zumaia eta Leitzarango gune babestuetan dauden bidezidorrak eta jolas eremuak erakusten dira. 
Biotopo babestuak natura parkeak baino eremu txikiagoak dira, baina natura balio oso garrantzitsuak dituzte horiek ere. Natura parkeen aldean, Gipuzkoako naturagune babestuen azaleraren %1,8 baino ez dira. Hala ere, hedadura txikia izanagatik, kualitatiboki funtsezkoak dira intereseko espazioen eta espezieen kontserbazioari egiten dioten ekarpenarengatik. Euskal Autonomia Erkidegoan deklaratutako bost biotopo babestuetatik hiru Gipuzkoan daude; horietatik bi itsasertzekoak dira (Iñurritza eta Deba-Zumaia itsasertzeko zatia) eta hirugarrena ibaikoa (Leitzaran).
Azkenik, harremanetarako helbide batekin batera, informazio praktikoa eskaintzen da naturguneak babesteko, mendian ibiltzeko eta larrialdietarako: natura zaintzea, aholkuak, seinaleak, bidezidor motak... Web orria martxan dela aprobetxatuz, Aldundiak dei egiten die gipuzkoarrei, uda honetan, lurraldeko landa inguruneaz eta bertako irakaskuntzez gozatzera.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!