Metro karratuko 95 litro jaso ondoren, hustutze lanak Añarbek

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 12a, 00:00
Igandeko prezipitazioekin ere, ez du gorakada haundirik izan Urumea ibaiak.

Igande osoan eta astelehenaren hasieran litro asko pilatu zituen urtegiak, %94,48 betetzeraino. Urumea ibaiak behera egitean hasi ziren hustutzen.

Euria gogotik egin zuen igandean, egun osoan zehar, Urumea bailaran; eta erruz bota zuen, zenbait momentutan. Datuetara ekarri zuen hori atzo, Añarbeko urtegiak, eta igande osoa eta asteleheneko aurreneko bederatzi orduak kontabilizatuta, 95,1 litro jaso zituen metro karratuko. Igandeko 24 orduetan, horietatik 86,9 litro izan ziren, metro karratuko.

Hori horrela, bere edukiera osoaren %94,48 betetzera iritsi zen Añarbeko urtegia; baina presa itxita mantendu zuen, atzo goizera arte, «Añarbe ibaitik zetorren emari gero eta haun­diagoa urtegian eutsiz, eta Urumea ibaira ur bolumen haun­diak iristea saihestuz».

Atzo goizeko 09:15etan hasi zituzten hustutze lanak, «euriagatik abisu horia amaituta, eta Urumea ibaiaren maila jaitsi zela egiaztatuta», azaldu zuten. Hustutze hori bada­ezpadakoa izan da, urtegian babes edukiera «nahikoa berreskuratu arte». Zehazki, segunduko 17,5 metro kubiko ur hustu zituzten; gehiena, urtegiaren beheko hustubideetatik (15 metro kubiko segunduko). «Urumea ibaiak posible» egin bitartean aritu dira hustutze lanetan, eta aurreratu zuten, «egoeraren bilakaeraren arabera hustutze emariak gora edo behera» egin zezakeela.

Horretarako, nabarmendu du­te Añarbeko zerbitzu teknikoek «prezipitazio gertakarien bila­kaeran» daukatela jarrita «arreta guztia», eta garrantzizko edozein nobedade izanez gero, emango dutela horren berri.

Prezipitazioek nabarmen behera, atzokoan

Igandeko euriteen ondoren, urtegiak bezala, gora egin zuen Urumea ibaiaren emariak ere. Baina atzo, nabarmen egin zuten behera prezipitazioek, eta urtegiak hustutze lanak eginda ere, bere onera etorri zen ibaia.

Goizuetan, emaririk haundiena igandetik astelehenerako gauerdian izan zuen Urumeak, 0,89 metrokoa, eta hortik aurrera behera egin zuen, 10:30ak aldera gorakada txiki bat izan zuen arren. Atzo arratsaldean, 0,7 me­trokoa zen emaria.

Ereñotzun, berriz, goizaldeko 01:00ak aldera izan zuen emari gehien: 1,076 metro. Behera egin zuen gero, eta beste gorakada bat izan zuen 09:00etatik 10:20etara, 1,072 metro arte. Arratsalderako, 1,032 metrora jaitsi zen berriro.

Urtegian, igandean metro karratuko jasotako 86,9 litro horiekin kontrastean, atzo 15,5 litro besterik ez ziren jaso metro karratuko, arratsaldeko 20:00ak arte. Gehienak, gainera, goizeko aurreneko orduetan izan ziren.Horrek ahalbidetu zuen, hus­tu­tze lanekin batera, urtegia be­re edukieraren %93,9ra jaistea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!