8 aste igaro dira konfinamendua hasi zenetik, eta gaur «arindu» egin da, izan ere lehenengo fasean sartu dira, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa. Hala ere, lehen fase ezberdinak izango dira, Eusko Jaurlaritzak, hainbat jarduera mugatuko baititu Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ezarritako mugak
EAEko herritarrak, udalerri barruan mugitu ahal izango dira, horrez gain, herritarrek hiru Lurralde Historikoen artean mugitu ahal izango dute «osasun arrazoiengatik, lan arrazoiengatik, etxera itzultzeko, hezkuntza arrazoiengatik, eta bisitak egiteko ere bai, bisitatu behar dena zaintza behar duen adineko bat, dependentziaren bat, desgaitasunen bat edo beharrean dagoen norbait bada; nahiz antzeko arrazoiengatik».
Gainera, Eusko Jaurlaritzak korrika, bizikletan ibiltzea, mendira joatea, paseatzea eta antzeko kirol jarduerak egitea baimendu du norbera bizi den herrian eta ondoko herrietan. Eta jardura sozioekonomikoak egitera joateko baimena ere eman du. Halaber, orain, norbere herrian inolako mugarik gabe ibili ahal izango da, izan ere, orain arte gehienez kilometro batera arteko paseoak eman zitezkeen.
Ordutegiak
Eusko Jaurlaritzak, bat egin du Espainiako Gobernuarekin baldintza honetan, izan ere, paseoak emateko, kirola egiteko eta umeekin kalera ateratzeko Espainiako Gobernuak zehaztutako ordutegiak mantenduko dira gaurtik aurrera.
5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, ez dute mugarik izango ordutegietan, orain arte bezala.
Nafarroan, udalerritik atera daiteke
Nafarroan, udalerritik ateratzeko baimena eman dute lehenengo fase honetan, eta baldintzarik gabe.
Aipatu moduan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, beste herri batera joateko baimena dago, «osasun arrazoiengatik, lan arrazoiengatik, etxera itzultzeko, hezkuntza arrazoiengatik, eta bisitak egiteko ere bai, bisitatu behar dena zaintza behar duen adineko bat, dependentziaren bat, desgaitasunen bat edo beharrean dagoen norbait bada; nahiz antzeko arrazoiengatik»
Pertsonen artean, «bi metroko distantziak mantendu»
Harremantzerako garaian, gehienez 10 laguneko taldeak onartuko dira, adinekoekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik, etxean, kalean edo terraza batean izan daiteke. «Bi metroko segurtasun tartea zaindu beharko da, eta higiene arauak errespetatu beharko dira».
1 fase honetan itxita egongo dira liburutegiak, museoak eta ikuskizun zein jarduera kulturaleko lokalak. Eta hainbat tabernek irekitzeko aukera izango dute.