Eliza

«Apal-apal ikasi eta elkarrekin egin behar dugu bidea, bidelagun izanez»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Jose Luis Aperribai, Hernaniko parrokoa.

Urumea Haranako Pastoral Barrutiak galdeketa bat egin zuen pasa den urtean, eta pandemiak sortutako krisiaren aurrean, hausnarketara eraman dute Jose Luis Aperribai parrokoa, jasotako erantzunek eta Koronabirusak ekarri dituen aldaketek.

Urumea Harana Pastoral Barrutian (Astigarraga, Hernani eta Urnieta), duela 3-4 bat urte gogoeta saioak egin izan dira. Iazko kurtso bukaeran, zein norabidetan jo behar zuen galdetu zuen elizak: «ez bakarrik geure buruari, baizik jendeari galdetu nahi genion zer dioen elizaz, jakinik, sekularizazio giroa areagotzen ari dela, eta eliza erakunde bezala gizarteak baztertua eta uxatua izaten ari dela zenbaitetan», dio Jose Luis Aperribaik, Hernaniko parrokoak.
Horrela, Hernaniko etxeetara inkesta bat zabaldu zuen Urumea Harana Pastoral Barrutiak, jabetuta aldaketa haundiak ematen ari direla mundu zabaleko eta gure herriko historian, gizartean eta kulturan. Horren jakitun, Hernaniko elizak nabari du «kristau komunitate pluralista eta etorkizunera irekia izatera behartuta dagoela. Behartuta, bide berriak bilatzera, Jesusen Ebanjelioari eta gure herriari leialagoak izateko» dio Aperribaik. 
Hausnarketa hau, gainera, pandemia batek harrapatu du, COVID-19ak edo Koronabirusak sortutakoa, konfinamendura eraman gaituena. Horrela izanda, Aperribaik uste du aro aldaketa baten aurrean gaudela, «gure bizitzako alderdi guztietan eragiten duena. Garai historiko baten amaiera eta beste berri baten hasieran gaude».

«Kontzilio Vatikano IIan,  behartsuenen aldeko apustua egin zen»
Horri lotuz, Jose Luis Aperribaik elizaren ildoa gogortu nahi du, zein den gaur egun eta zertan oinarritzen den. «Kontzilio Vatikano IIak munduari leihoak eta ateak zabalduz, bere-bere egin nahi izan zituen garaiko gizateriaren nahiak eta ezinak, larrialdi eta itxaropenak, eta behartsuenen aldeko apustua egin. Garaiko seinale eta deiadarretan Jesus Jaunaren Izpirituak zer esan nahi zion aditzeko jarrera irekia hartu zuen».
Hala ere, hori horrela izanik, «ibilbide bat, motel bada ere, egin izan da gure artean ere, baina asko dago egiteko», azpimarratu du. 55 urte beteko dira aurten, Kontzilio Vatikano II ospatu zela. Momentu honetan bizitzen ari garen larrialdi egorerarekin lotuta, «eliza itxita dago, Apostoluak etxe batean itxita egon ziren bezala, Jesus hil eta gero», dio Aperribaik. Hala diote ebanjelioek: «Beldurrez, ateak itxita, etxe batean zeuden; Jesus berpiztuarekin aurkitu ondoren, irten egin ziren kanpora. Orain elizak eman lezakeen irudia da kaiola batean bezala sartuta dagoela, aparteko mundo batean». 
COVID-19ak sortutako krisi honek zer ekarriko duen inork jakin ez arren, Jose Luis Aperribai parrokoak uste du zerbait ikasi beharra dugula. «Apal-apal, gure arteko harremanak zaindu eta landu egin behar ditugu. Eta batez ere, beharrean aurkituko den jende asko ikusiko dugu, tamalez, eta zertan lagundu beharra ere. Norberegan gelditu gabe, nolabait, batak besteari laguntzea ezinbestekoa izango da. Alderdi honetatik, borondate oneko desioak dira. Jabetu beharko genuke, goazen martxa honetan zentzugabekeriaz eta harrokeriaz ibiltzeak zulora garamatzala».

«Ibilbide bat, motel bada ere, egin izan da gure artean ere, baina asko dago egiteko»


«Eliza zerbitzatzeko dago, bestela ez du ezertarako balio»
Aperribaik adierazten duenez, «Kontzilioak leihoak ireki bazituen, batez ere garaiko seinaleak, garaiko deiak, deiadarrak nolabait ere ikusteko eta entzuteko izan zen. Entzun eta ikusi, ez ikuspegi moralista negatibo batetik erantzuteko, begi onez, ikuspegi positibotik, begiratzeko baizik. Eliza egon baldin badago, ebanjelioaren zerbitzura jarduteko da, eta ez beretzat bizitzeko. Euskal Herrian ere egon zen Jaques Galliotek, Evreuxeko gotzainak, zioen bezala, una iglesia que no sirve, no sirve para nada. Eliza zerbitzatzeko dago, bestela ez du ezertarako balio. Jesus bizirik badago, bere izenean eta inguruan biltzen den komunitateak bizia izan behar du, eta noski, kanpora aterako den Eliza bat». 
Iazko ekainean egindako galdeketan jaso ziren erantzunetan, nabarmentzekoa da non eta zertan ikusi nahiko luketen eliza sartuta. «Gaurko Aita Santuak ere hori azpimarratzen du, irteten ari den Eliza, jendearengandik, sufrituengandik, behartsuengandik gertu egoteko... Nolabait konfinatuta egon da eliza, eta berak ere oso kuestionatua atera beharko luke, gaur egungo egoerari atxikitzeko».
Galdeketan jakin nahi zena hauxe zen azken batean: Zer ari zaigu esaten Jainkoa, ez zeru goitik, baizik eta jendearen ahotik? «Hori galdetu nahi genion ez bakarrik eliztarrei, baita herritarrei ere bai. Nola ikusten gintuzten, nola ikusi nahi gaituzten eta zertan sartuta.  Nota eskasa jaso dugu, nola ikusten gaituzten galderaren erantzunetan. Elkarte edo Jainkoaren herri bezala, konpartitzen dakiena, herriarengandik gertu dagoena; hor nota onik ez dago. Fededunak hazten lagunduko duena, nota bajua. Izan liteke ez dutelako Eliza ezagutzen, edo bost axola zaielako, edo ezer gutxi espero dutelako».

«Guri dagokigu kristau bezala, eliza bezala, kristau elkarte bezala, apal-apal bidea egitea, herritarrekin batera zuzenbidea eginez eta jaunaren aurrean»

«Egoera larri honetan eliza ari da lanean»
Aita Santuak egin dituen agerpenen ildotik ari da lanean Urumeako Pastoral Barrutia. «Ixilik baina ekinean aritu da. Egoera larrian daudenei, lehen gaizki zeudenei Caritaseko zerbitzutik ari gatzaizkio laguntzen. Aurrez aurre ez, baina telefono bidezko zerbitzua martxan egon da; laguntzak ere bai. Egoera honetan ezustean harrapatu eta murgildu den jende berria ere atenditu eta lagundu dugu. Ez dago aipatu beharrik. Etxera deika ari zaizkigunak, kalean daudenak, zaindu behar dira. Gizarte-zerbitzuekin elkarlanean, laguntzen eta arazoak bideratzen saiatzen gara, nabarmendu nahi gabe, horixe baita egin behar duguna, ez besterik».
«Behar duenari lagundu zaio gure esku genituen baliabideen arabera», dio Jose Luis apaizak. «Aipamen berezia egin nahiko nieke, pandemiaren biktima gogoangarri hauei: isolatuta daudenak, gaixo egon eta bisitaezinak direnak, eta batez ere etxeko eta herritarren afektuzko agur-adierazpenik gabe hil direnak. Guk ere hori bizi izan dugu, tokatu zait gaixoa hilzorian egon, beregana joan eta oneratu direnak. Baina, gogorra da oso familikoentzat beren saminean senide maiteak agurtu ezina. Egunetara enteratu izana hila dela halako, gutxienez telefonoz hitz egin... Hilerrian azken-agurrekoan ere oso baldintzatuta ibili behar izan dugu; baina, tarteak gordeta ere, afektiboki gertu egoten saiatu gara».

«Apostoluak irten egiten dira kanpora, eta ez dira kaiola barruan geratzen»

«Batak bestearentzat izan behar dugu berri on bat»
Jose Luis Aperribaik dio, ebanjelioak izan behar duela gaur egungo galderei eta premiei erantzuteko. «Arazoei erantzunak ematen jardun baino, Elizak badu esku artean berri on bat, ez hitzez esateko bakarrik. Batak bestearentzat izan behar dugu berri on bat. Gertatu zaigunak balio beharko liguke jabetzeko, pixka bat bada ere, horrela ezin dugula jarraitu; gelditu eta begira jarrita ikasi beharko genuke. Eta galdetu, martxa honetan nora goaz? Hau eromena da. Ikasi beharko genuke zerbait». 
Inkestaren hirugarren galdera, etorkizunari begira egiten da: Zertan ikusiko nahiko lukete hemengo eliza? Erantzunetan ikusi daiteke, laguntzen ikusi nahi dutela eliza. «Akonpainamendua egiten, ez bakarrik ekonomikoa; konfiantza, elkartasuna, aholkularitza eta guzti hori».
«Bizitza hartu behar dugu eskuetan, eta gure historia. Historian ez dugu honelakorik ezagutu. Gerra garaia ezagutu zutenei galdetu eta ez dute horrelakorik ezagutu. Gerra garaian ere, baserrira edo babeslekura joaten ziren momentu jakin batean, bonbardaketa zetorrenean, eta bueltan itzuli. Honek apaldu egin beharko gintuzke, eta batez ere, batak besteari gehiago begiratzera eraman».

«Toke haundi eta historiko bat hartu dugu» 
Ezberdinekin ere bai. Hori azpimarratzen du jende askok inkestan.  «Gauden egoeran, aro aldaketa bat egon da. Bizitzen ari garen hau errematea izan da, bizitzaz daukagun filosofia eta bizimodu kontsumista, indibidualista eta galderarik gabekoarentzat. Zentzua erabili dezagun, eta ikasi dezagun behingoz. Toke haundi eta historiko bat hartu dugu». 
Hala ere, Aperribaik dio posible dela lehengora itzultzea. «Litekeena da, normaltasunera itzultzen garenean, lehengo lepotik burua izatea. Frantziako Sarkozyk 2008ko krisian bezala, Macronek orain ere esan du oinarri etiko batzuk jarri behar direla, kontsentsu batekin. Bestela ez dagoela eusterik, eraikuntza ekonomikoa bera ere». 
«Mamu hau» ezustean etorri dela, dio parrokoak, kontuak eskatzen. «Gainditu egiten gaitu. Zer ikasirik badugu eskarmentu onerako. Beldurra izango dugu egoera honetatik ateratzean, kontu eta prebentzio haundiagorekin ibiliko gara. Ondo da. Baina bestelako zainketak egin beharko ditugu».

«Gure gaur egungo egoerarekin lotuz, nolabait konfinatuta egon da eliza»

«Oraingoz ez gara hasiko»
Elizkizunak oraingoz ez dira martxan jarriko Urumea Harana Pastoral Barrutian. «Mezua bidaliko dugu. Esaten da lehenengo fasean heren batekin hasi daitezkeela elizkizunak. Gu ez gara hasiko, adineko jendeari kargarik ez ezartzeko. Inportanteena da beraien osasuna eta denen osasunerako atsedena hartzea, bakean, luze joango baita hau oraindik». Alde horretatik,  kontzientzia aldetik, «lasai eta bakean» egoteko mezua helarazi du Aperribaik.
«Ez bakarrik bakoitza zaindu, elkar zaindu behar dugu, bata bestea estimatzen dugulako». Berak dio, etxean lasai egon behar dela, kontrakorik agintzen den arte. «Gero, erdia sartu ahalko da elizkizunetan, ondo badoaz gauzak. Plus bat dugu funeralekin, orain arte joan zaizkigun herritarren alde. Egunak jarriko ditugu asteburuetan, baina hori ere neurtuta egin beharko dugu. Banan-banan ez dira egingo, multzoka, hirunaka edo egin beharko dira. Ikusi beharko da nola kudeatu, zer iritzi eman eta zer esaten diguten». 
Alderdi horretatik, deseskalatzearen epeak kanpotik ezarrita datoz, eta apaizak zain daude. «Zain, zer arau jartzen diren, eta bete egin beharko dira. Norberak ere oso barneratua dauka hori; beldurra, atzera buelta bat izan ez dezagun. Neurriak hartuko ditugu. Osasun aldetik zer irizpide dauden, zer neurri hartzen diren eta horren esanetara egon behar dugu». Eliza pandemiaren aurrean eta hau gestionatzeko eran ixilik egon izanaren inguruan, parrokoak nabarmendu du, ez dela garaia nahasmendu gehiago piztekoa, baizik eta adituagoak direnen irizpideak gorde eta bat egitekoa».  

 

«Honek geldiarazi egin behar du martxa hau, sistema ekonomiko hau, kontsumismo erraldoi hau»

«Jon Sobrino jesuitak El Salvadorren esan zigun Mikel Goenagari eta niri, guri dagokigula kristau bezala, eliza bezala, kristo elkarte bezala apal-apal bidea egitea, herritarrekin batera zuzenbidea eginez eta jaunaren aurrean», dio Aperribaik.

Koronabirusaren krisiak zer pentsatua eman du, nola egin dion kalte gizarteari.  Horren aurrean, Jose Luis Aperribaik dio: «borondate onez, honek geldiarazi egin behar du martxa hau, sistema ekonomiko hau eta kontsumismo erraldoi hau, bakoitza bere zilborrera begira bizitzea. Hemen ere jarrera batzuk agertu dira txantxetan bezala hartu dutenak, hil behar badugu honegatik izan edo beste edozergatik izan... Elizaren egoerarekin lotuta, uste dut elizak beste modu batera behar duela. El Salvadorren, Marak eta akabatzeko baimena dago, konfinamenduan». 
Han orain dela 30 urte izan zen Jose Luis Aperribai, Mikel Goenagarekin batera. «Bera Sorabillan eta ni Zizurkilen geunden, eta El Salvadorrera abiatu ginen, hamabi urteko gerraren ondoren. Bake akordio batzuk egin zituzten, eta bai gerrilakoak eta bai armadakoak, nekazari gisako kooperatiba batzuetan zeuden eratuta. Jende asko ere maisu bezala ikusi genuen, baita futbol partidu bat ere, inguruko kooperatibetatik eta lurraldeetatik joandakoekin osatutako bi taldeen artean. Alkandora edo elastikoetan, bi taldeek Askatasuna hitza zuten jarrita soinean. Arrasatetik bidalitakoak ziren. Handik ateratakoan oso gaizki hitz egiten zuten kooperatibistek, beraien liderrengatik. Eskutik utzita geratzen ziren liderrak edo politikoak hiriburuan zeuden bitartean, eta zer esanik ez, hango elizaren aldetik». 
Bueltakoan UCAn (Universidad Católica Americana) sartu ziren, Ellakuria, beste lau jesuita, etxekoandre bat eta bere alaba hil zituzten Unibertsitatean. «Hildako baten anaia zegoen, jesuita, kapillan; eta han ikusi genuen Jon Sobrino, gure artean oso ezaguna den jesuita. Jaiotzez Bartzelonakoa eta jatorriz bilbotarra. Pentsatzen zen martirien odolak El Salvadorreko herria 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!