Heriotza

Lurdes Huizi hil da, Dobera Euskara Elkarteko aurreneko langilea

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 00:00

Goizuetarra zen eta euskalgintzari lotuta egon zen beti. Azken hamasei urteak Berria egunkarian egin zituen lanean.

Lurdes Huizi, Dobera Euskara Elkarteko lehendabiziko teknikaria izan zena, hil zen atzo minbiziaren eraginez 61 urterekin. Euskalgintzari lotua egon zen beti eta azken hamasei urteak Berria egunkarian eman zituen lanean, edizio buru hasieran eta zierrean ondoren. 
Doberako lehen langilea izan zen 1993an eta aurreneko egitasmoak bere esku geratu ziren gogoratzen dute orduko zuzendaritzan parte ziren Joanmari Larrarte eta ondoren Kronikako lehendakari izan zen Xabier Etxeberriak. «Kirolean gazteengan eragiteko programak landu zituen» eta bulegoko arduraduna ere bazen urte guzti horietan. 
Berak eramaten zituen egitasmoak, dirulaguntzen gaia eta instituzio desberdinekin bilerak eta harremanak.
Kronikaren jaiotzarekin batera utzi zuen Dobera Euskara Elkartea eta 2003an hasi zen lanean Berria egunkarian. 

AEK-n lanean hasi zuen euskalgintzako ibilbidea 80garren hamarkadan
Garikoitz Goikoetxeak, Berriako lankideak, atzo argitaratu bezala. «Aurretik euskalduntze-alfabetatzean hasi zuen Huizik euskalgintzako ibilbidea 80garren hamarkadan: AEKn, euskera irakasle, Hernanin. Izan ere, nahiz eta goizuetarra zen, Hernani zuen bigarren herria. AEKn bertan, urte batzuk Donostian egin zituen, bulegoan, material arduradun, eta Hernanira itzuli zen gero: euskaltegiko irakasle aritu zen, eta eskualdeko arduradun izan zen garai hartan. Euskalduntze-alfabetatzea utzita, kultura arloan jardun zen urte batzuetan, 1990eko hamarraldi hasieran: Bitarte enpresan aritu zen, liburu banaketaren esparruan, komertzial gisa lanean. Hernaniko euskalgintzan jarraitu zuen urte haietan, hala ere».

Goizuetako suhiltzaileetan boluntario
Ez da ahaztu behar Goizuetako suhiltzaileen parte zela boluntario bezala. Fernando Goyak atzo azpimarratu zuen suhiltzaileen boluntario taldeko kide zela. Anbulantzian larrialdetan gaixoak eramaten zituen eta atzo bertan Goizuetan gogoratu zuten. 
Arratsaldeko 20:00etan Goizuetako suhiltzaileak plazan elkartu ziren azken agurra eskaintzeko beraien lankideari. Gainera etxeetako balkoietatik ere Lurdes Huizi gogoratu zuten. «Goizuetan bizi zen eta egunero joaten zen Andoainera lanera» adierazi zion Kronikari Fernando Goyak.
Larrialdetik haratago ere aritzen zen Huizi. «Beti prest izaten zen bakarrik bizi direnei laguntzeko, ospitalera joan behar zutenean eramateko. Borondate haundia zuen eta herritarrei asko laguntzen zien». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!