Kirola egitera edo paseatzera atera daiteke, gaurtik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 00:00

Distantziak mantentzea eskatu du Espainiako Gobernuak.

Ariketa fisikoa egitera ateratzea baimendu du Espainiako Gobernuak, ezarritako ordutegien barruan, eta udalerriko mugen barruan. 

Gaurtik aurrera, Hego Euskal Herrian, herritarrek aukera izango dute kalera ateratzeko, baldin eta kirola egitera edo paseatzera bada. Hala ere, ez da bakoitzak nahi duen ordu eta momentuan izango; izan ere, ordutegi baten barruan egin beharko dira jarduera hauek. Pilaketak eragotzi nahi dituela aipatu du Espainiako Gobernuak, eta horretarako, kalera irteteko ordutegiak finkatu ditu. Paseoak egiterako garaian, bizikide batekin irten ahal izango da, baina paseo bakarra egingo da egunean, eta kilometro bateko eremuan eginez. Bi kasu hauetan, ez da denbora mugarik jarriko, muga bakarra ordutegian ezarritakoa da.

Hiru tarte, kalera ateratzeko
Kalera ateratzeko hiru tarte bereizi ditu Espainiako Gobernuak, eta honakoa dira: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, 14 urtetik gorako helduak, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, berriz, mendekotasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak; eta 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara atera ahalko dira kalera. Haurren kasuan ere, kilometro bateko eremuan atera beharko da, heldu bakarrarekin. 
5.000 biztanletik beherako herrietan, Aranon eta Goizuetan bezala, ez dute orduaren araberako mugarik izango, eta 06:00etatik 23:00etara ateratzeko aukera izango dute denek. 

Paseoa eta kirola, nork eta noiz? 
Paseatzera bizikide batekin ateratzeko aukera dagoela adierazi du Espainiako Gobernuak, baina paseo bat eginez egunean, eta kilometro bateko distantzian. Ariketa fisikoari dagokionez, edozein kirol egitea ahalbidetu dute, egunean behin, udalerriko mugen barruan, eta bakarka. Gaineratu du Espainiako Gobernuak,  segurtasun tartea mantendu behar dela, gutxienez bi metroko tartea utziz.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!