Maiatzak 1

Maiatzaren Lehenean, inoiz baino gehiago, bizitza erdigunean jarriko dute sindikatuek

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 1a, 00:00

Urteroko irudi hau ez da 2020an errepikatuko Hernaniko Gudarien Plazan.

Euskal Herriko sindikatuek, «koronabirusak agerian utzi duen kapitalismoaren porrota» salatuko dute eta erantzun kolektiboen beharra azpimarratuko dute gaurko erreibindikazioetan.

2020ko Maiatzaren Lehenean, gaur, konfinatuta erreibindikatuko dira langileen eskubideak. Lehenengo aldiz, Langileen Nazioarteko Eguna modu berezi honetan iritsi da eta langileek ezin dituzte kaleak hartu, bildu eta elkarrekiko solidaritatea erakutsi. Hala ere, beraien ahotsa entzungo da eta aurten bizitza izango da erdigunea. Sindikatu guztiek, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas..., azpimarratu dute  COVID19ren krisiak agerian utzi duela dagoen eredu sozioekonomikoaren aldaketa beharra. «Bizitza bidezkoago eta solidarioago bat aldarrikatzeko, pertsonak eta haien ongizatea, kolektiboa, gutxi batzuen interes ekonomikoen aurretik jarriko dituena». 

Euskal Herriko gehiengo sindikalak azpimarratu du langile klasearen antolakuntzan erabakitasuna eta konpromisoa are haundiagoa izango dela «etorriko diren mehatxu eta erasoei aurre egiteko, baina baita aldaketarako aukerak sortzeko ere. Kapitalismoaren porrota agerian utzi du Koronabirusak eta erantzun kolektiboa beharrezkoa da».  

Balkoiek eta leihoek hartuko dute protagonismoa

Aurten manifestaziorik ezin daitekeenez egin protagonismoa  balkoiek eta leihoek hartuko dute. Bertatik ikurrak jarriz «gure konpromisoa adieraziko dugu. M1 koloretsu bat margotuko dugu, baina hortik harago salaketa eta aldarrikapenak plazaratzeko une aproposa da».
 
Maiatzaren Lehen berezia prestatzen ari dira, tradizionalen oso bestelakoa, egoera ikusita. ELAko Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren eskutik mezua iritsiko da, goizeko 12:00etan, bideo baten bidez. 

LAB-ek autokarabanak eskualdeka

LAB-ek berriz egitarau zabala prestatu du egun guztirako. «Auto karabanak eskualdeka, streaming bidezko proiekzioak eta solasaldiak eta balkoi eta leihoetan ekimenak egingo ditugu Maiatzaren Lehenean, 12:30etarako aurreikusitako ekitaldi nagusiaz gain. Koronabirusaren ondorioz ezarri dizkiguten mugak muga, Nafarroan izandako debekuak debeku, gure aldarriak jendarteratuko ditugu, Bizitza erdigunera, nuestro trabajo transforma el mundo leloarekin».

UGT eta CCOO, elkarrekin

UGTk eta CCOOk adierazpen bateratua egingo dute. Langile guztiak eta, bereziki, funtsezko zerbitzuak ematen dituztenak aintzatesteko ekitaldi bat eta adierazpen birtual bat egitea aurreikusi dute sare sozialetan, 13:30etan, #YoSoyPrimeroDeMayo hashtagean.

17:00etan, kontzertu solidario bat hasiko da UGT.es webgunean eta euren sare sozialen webguneetan, 20:00ak arte. Amaitzeko, osasun arloko langileei eta funtsezko zerbitzuei esker ona adierazteko txaloak eskainiko ditugu, baina 20:05ean nazioarteko kontzertu solidario batekin jarraituko dute. 


Nafarroan Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin ditu lau auto karabana


Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin ditu LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Nafarroan zituen lau auto karabana. Mobilizazio horiek Iruñerrian, Estellerrian, Tafallaldean eta Sakanan egitekoak ziren, «COVID-19 pandemiaren inguruko kudeaketa instituzionala salatu eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria aldarrikatzeko». LABek helegitea jarri dio debekuari.

Hala ere, ez Nafarroan, baina bai Euskal Autonomi Erkidegoan prestatu dituzte auto karabanak 10:00etatik aurrera.
Ondoren 11:30etan streaming bidezko emanaldia hasiko da http://youtube.com/labsindikatua/live estekan. 11:35etan Hokoke dokumentala eskainiko da eta 12:30etan emango zaio hasiera ekitaldi nagusiari Agur internazionalistarekin. Ulises Guliarte, Central de Trabajadores de Cubako idazkari nagusia egongo da. Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusiak ere mezua eskainiko du ordu horretan.
Arratsaldean, 16:30etan Hotel Explotación dokumentala eskainiko da eta 17:30etan zaintzaren inguruko solasaldia egongo da. Partehartzaileak: Maria Sarasola (Helduen egoitzetako erizaina), Josefina Roco Sanfilippo (Politilogoa, Unibertsitateko irakaslea, ekonomia feministan aditua eta Trabajadoras no Domesticadas-eko militantea) eta Eli Etxeberria (LABeko idazkari feminista).

18:20etan Shockaren doktrina  dokumentala eskainiko da eta amaitzeko 19:45etan «mundua eraldatu duten langileei txaloak» eskainiko zaizkie. Ipar Euskal Herrian LABek, beste hainbat sindikaturekin, Maiatzaren Lehen bateratua aldarrikatuko dute (ieh.lab.eus).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!