Dobera Euskara Elkarteak egitasmo ugari ditu martxan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 00:00
Ederki pasa zuten aurreko urteko Udaleku Ibiltarietan.

Maiatzaren 22ra arte eman daiteke izena Udaleku Ibiltarietan. Urola Kostan zehar ibiliko dira helduenak, eta Aralar inguruetan gaztetxoenak. Berrogeialdirako materiala ere jarri dute eskura, webgune berrituan.

Nahiz eta Dobera Euskara Elkarteko egitasmo gehienak gelditu, Doberan badute zer egina egun hauetarako, eta ez dira geldirik egoten. Etxean geratu behar den garai hauek goxatzeko, badituzte hainbat eta hainbat ekintza esku artean.

Gainera, martxan dago berriro, Doberaren webgune berritua, www.dobera.eus helbidean. Itxuraldaketa batekin jarri da abian, eduki eta baliabide eguneratuekin. Bertan, elkartearen ekintza eta albisteen berri eskaintzen da, Hernaniko euskeraren egoeraren edo egitasmo eta zerbitzuen informazioa eskuratu daiteke, Doberaren dendako eskaintzak kuxkuxeatu...

Jarraian aipatuko diren egitasmo eta jarduera guztien berri ere ematen du webguneak, eta  informazio gehiagorako dobera@dobera.eus helbide elektronikoa ere erabili daiteke.


Berrogeialdirako materiala eskuragarri, webgune berrian

Bestetik, egun hauei aurre egiteko berrogeialdirako materiala ere sortu dute webgunean, txikienentzako zein helduentzako proposamen ezberdinekin: jolasak, audio-ipuinak, abestiak, ariketak, errezetak, eskulanak, liburuen gomendioak... Hau guztia Doberaren YouTubeko kanalera igoko dute, eta webgunean zein sare sozialetan ere izango da eskura. Helburua da, itxialdian euskera erabili eta kontsumitzeko baliabideak jartzea herritarren eskura.

Aurtengo Udaleku Ibiltariak, oraingoz aurrera

Jada zabalik dago epea, aurtengo Udaleku Ibiltarietan izena emateko. Maiatzaren 22ra arte egin daiteke matrikula, Doberaren webgunean bertan. Azaldu dutenez, deskonfinamendu faseak kontutan hartuta eta epeak bere horretan ongi betez gero, uztailean egingo lirateke Udaleku Ibiltariak. Izenematearekin batera ordainketa ere egin beharko da; baina COVID-19 birusaren egoera dela eta, Udaleku Ibiltariak bertan behera geratuz gero, dirua bere osotasunean itzuliko da, erabakia hartu bezain laster.

Doberak antolatzen dituen 10garren Udaleku Ibiltariak dira aurtengoak. Udaleku Ibiltariek, opor garaian eta aisialdian euskeraren erabilera indartzea eta sustatzea dute helburu. Baina ez hori bakarrik, gazte eta gaztetxoek natura errespetatu, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatu, euskal kultura ezagutu, inguru eta lagun berriak ezagutzea ere bilatzen du egitasmoak.

Udalekuetan, ekintza mordoxka burutzen dira: ur ekintzak, abentura kirolak, txangoak, mendi ibilbideak...

Aurten ere, bi txanda antolatuko dira

Dobera Euskara Elkarteak aurten bi txandak berreskuratuko ditu. Horrela, 2005-2007 urteetan jaiotakoak, uztailaren 13tik 24ra, Urola-Kostan zehar ibiliko dira 12 egunez, kantauri itsasoaren ondoko zein barnealdeko ingurune eta herriak ezagutuz. Prezioa 210 eurokoa da Doberako bazkideen kasuan, eta 250 euro gainerakoentzat.

2008-2010 urteetan jaiotakoen Udaleku Ibiltari Txikiak, berriz, uztailaren 26tik 31ra egingo dira, Aralar inguruetan 6 egunez, Txindokiren magaleko parajeak eta herriak deskubrituz. Prezioa 140 eurokoa da bazkideentzat, eta 170 euro gainerakoentzat.

'Berrogeialdian euskaraz' egitasmoa, euskera online eta taldean praktikatzeko

Doberak aurrera daraman beste egitasmoetako bat berrogeialdirako prestatu du, euskera online eta taldean praktikatzeko: Berrogeialdian euskaraz.

Saioak ordenagailu edo mugikor bidezko bideo-deiez egingo dira, eta hitzorduak zein taldeak aurretik adostu eta koordinatuko ditu Doberak. Webgunean dago informazio guztia.

'Etxealditik Euskaraldira' egitasmoan, ekimen bateratua egingo dute bihar

Etxealditik Euskaraldira ekimena ere, Dobera Euskara Elkartea ari da kudeatzen Hernanin. Euskaraldiaren Koordinazio Nagusitik etorritako proposamena da, nazio mailakoa; Euskaraldirako entrenamendu moduko bat. Aste honetan, proposamen fasea egin dute, jarduera desberdinekin; eta biharko, ekimen bateratua antolatu dute.

Aste honetan izandako bizipen bat hautatu, nahi den forma eman (marrazkia, argazkia...), eta bihar balkoian jartzea da proposamena. Argazkia atera, eta sare sozialetan jartzea ere proposatu dute, #EtxealditikEuskaraldira eta #EuskaraAriDu traolak jarriz, eta @euskaraldia eta @euskaraaridu aipatuz.

Edozein zalantza edo proposamen izanez gero, edota izenemateak egiteko, Doberarekin harremanetan jarri daiteke ondorengo bideetatik: dobera@dobera.eus helbide elektronikoan, edo 662 906 692 telefonora deitu edo whatsappez idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!